Kanadak India lotu du buruzagi independentista sikh baten hilketarekin

Trudeauk esan du «froga sinesgarriak» daudela lotura egiteko. Modiren gobernuak adierazi du «zentzugabea» dela akusazio hori

Trudeau (Kanada) eta Modi (India), hilaren 10eko bileraren aurretik. EFE.
ander perez zala
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun
India jada ez zegoen pozik Kanadarekin, ez zuelako sikh mugimenduaren kontrako neurririk hartzen, eta, orain, Justin Trudeau lehen ministroaren adierazpen batek are gehiago gaiztotu du bi herrialdeen arteko harremana. Trudeauk New Delhi lotu du Hardeep Singh Nijjar buruzagi independentista sikharen heriotzarekin, argudiatuta «froga sinesgarriak» daudela hori adierazteko. «Onartezina da, eta gure subiranotasunaren urraketa bat da atzerriko edozein gobernuk kanadar baten hilketan parte hartzea Kanadan», gobernuburuaren arabera.

Nijjar joan den ekainaren 18an hil zuten, Surrey hiriko tenplu sikh baten kanpoan, tiro egin ziotenean. Hamarkadak ziren sikh komunitatearen independentziaren alde kanpaina egiten ari zela—Indiako Punjab estatutik atera eta Khalistan estatua sortu nahi dute—, eta India haren atzetik zebilen; kasurako, iragan 2020ko uztailean «terrorista» izendatu zuten. Ekintzaile independentista zena 1997an iritsi zen Kanadara, 20 urte zituela, eta, New Delhiren arabera, Khalistango Bhindranwale Tigrea Indarraren eta Sikhak Justiziaren Alderen Kanadako adarraren buruzagia zen.

Kanada da, hain justu, sikh gehien dituen herrialdea Punjabetik kanpo; horren erakusgarri, 2021eko erroldan 770.000 lagunek esan zuten sikhismoa dela haien erlijioa. Indiako Gobernuarentzat, diasporakoek mugimendu independentista piztu nahi dute —batez ere 1980ko hamarkadan izan zuten gatazka armatua Punjaben—, eta hori eragozteko eskatu dio hainbatetan Kanadakoari. Trudeauk esana du adierazpen askatasuna errespetatzen dutela, eta protesta egitekoa ere bai.

«Kanada zuzenbide estatua duen herrialde bat da. Gure herritarren babesa oinarrizkoa da, gure subiranotasunaren defentsan», argudiatu zuen atzo Kanadako lehen ministroak, Komunen Ganberan egindako agerraldian. Gerora, Melanie Joly Atzerri ministroak jakinarazi zuen Indiako «diplomazialari funtsezko bat» kanporatu dutela: «Espero dugu Indiak erabat kolaboratuko duela gurekin, eta afera honen muineraino iritsiko garela».

Azalpen eske hil hasieran

Trudeauk jendaurrean lehen aldiz eman du informazio hori, baina ez da estreinakoz aritu afera horretaz, hilaren 9an eta 10ean Indian egindako G20koen goi bileran azalpenak eskatu baitzizkion herrialde horretako lehen ministro Narendra Modiri, bien arteko bilkura labur batean.

Aurrez, hilaren 1ean, Ottawak jakinarazi zuen New Delhirekin merkataritza libreko akordio bat adosteko negoziazioak gelditu zituela; hori bai, ez zuen negoziazioak etetearen inguruko arrazoirik eman.

Indiak berehala erantzun zuen atzo, eta, Atzerri Ministerioak kaleraturiko ohar baten bidez, esan zuen «zentzugabeak» direla Kanadako lehen ministroak eta Atzerrikoak egindako adierazpenak: «Zuzenbide estatuarekiko engaiamendua dugu».

Eta, neurri gisa, Kanadako diplomazialari bati bost eguneko epea eman zioten herrialdetik ateratzeko, argudiatuta «Kanadako diplomazialariak barne aferetan geroz eta gehiago esku hartzen» ari direlako «kezka handitzen» ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.