Kanada

Kanada eta India, liskartuta

Hardeep Singh Nijjar buruzagi independentista sikharen hilketak garraztu egin ditu Kanadaren eta Indiaren arteko harremanak.

Sikhak Indiako bandera erretzen Vancouverren. ETHAN CAIRNS / EFE.
Asier Gonzalez de San Pedro
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
India eta Kanadaren arteko harremana gaiztotuta dago. Ekainaren 18an, Hardeep Singh Nijjar buruzagi independentista sikha hil zuten Kanadan, tenplu baten kanpoaldean, tiroz. Irailaren 19an, berriz, Sukhdool Singh Gill sikha hil zuten, Kanadan hura ere. Hainbat hedabidek diote Gill ere Khalistanen, hau da, Indiaren eta Pakistanen artean dagoen sikhen herrialdearen independentziaren alde zegoela.

Justin Trudeau Kanadako lehen ministroaren salaketaren ondorioz, harremana are gehiago zaildu da. Trudeauk Indiako gobernuari egotzi dio Nijjarren hilketa, eta esan «froga sinesgarriak» daudela hilketa leporatzeko. Jarrera hori «onartezina» dela ohartarazi du Kanadako gobernuburuak.

Indiako Gobernuko bozeramaileak adierazi du Trudeauren adierazpenak «zentzugabeak» direla, eta iragarri Kanadako biztanleei bisa emateari utziko diotela. Kanada «terroristentzako babesleku segurua» dela salatu du, eta Kanadako Gobernuak New Delhikoari entzungor egiten diola.

Sikh populazio handia duten herrialdeei ere eragin die gertatutakoak. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Anthony Blinkenek «erantzukizuna» hartzeko eta ikertzen laguntzeko eskatu dio Indiari.

Penny Wong Australiako Atzerri ministroa ere gaiaz jardun da. «Arduratuta» dagoela esan du, Indiako diaspora «garrantzitsua eta baliotsua» delako Australiako gizartearentzat.

Bestalde, Erresuma Batuko lehen ministroaren bozeramaileak tentu handiagoaz hitz egin du, eta nabarmendu du «ondo» dagoela Kanadak gertakaria ikertzea.

Kanadako Musulmanen Kontseilu Nazionalak (NCCM) eta Munduko Sikhen Erakundearen Kanadako adarrak (WSO), prentsaurreko bat eman zuten Trudeauk esandakoaren harira, eta «esku hartzeko» eskatu zioten gobernuari. Nagusiki, lau aldaketa eskatu dituzte: Indiatik kanporatutako Kanadako diplomazialariak bertara itzultzea; Sanjay Kumar Verma Indiako enbaxadorea Kanadatik kanporatzea; merkataritza negoziazioak izoztea; eta Rashtriya Swayamsevak Sangh (RSS) eskuineko talde paramilitar indiarra Kanadan debekatzea eta haren partaideak kanporatzea.

NCCMk, WSOk eta beste talde gutxituek salatu dute RSSren jazarpena jasan dutela urteetan eta Ottawako gobernuak ez duela ezer egin. Gainera, Indiako Gobernua haren «menpe» dagoela salatu dute.

Hildako sikhak

Nijjar 1997. urtean iritsi zen Kanadara, eta hamarkadak zeramatzan sikh komunitatearen independentziaren alde kanpaina egiten. 2020an Indiako Gobernuak «terrorista» izendatu zuen, New Dehliren ustez Khalistango Bhindranwale Tigrea Indarraren eta Sikhak Justiziaren Alderen Kanadako adarraren buruzagia zelako.

Indian Express hedabideak aipatzen dituen polizia iturrien arabera, Gill 2017an iritsi zen Kanadara Indiatik ihesi, eta, geroztik, «estortsio negozio» bat zeraman. Indiako Gobernuak ekintza «terroristak» egitea egozten zion, eta gehien bilatuen zerrendan sartu zuten hil zuten egunean. Hura ere tiroz hil zuten, Kanadako Winnipeg hirian. Gillek Indiako Punjab probintzian hilketa eta delitu larriekin zerikusia duten hemezortzi zigor auzi irekita zituela dio Indian Tribun hedabideak, eta gaizkile taldeen arteko borrokan hil zutela.

Bi hilketa horiek hautsak harrotu dituzte Erresuma Batuan. Izan ere, ekainean Avtar Singh Khanda sikh independentista hil zen, odol minbiziak jota. Konspirazio teoriak zabaldu dira, eta zenbaitek diote pozoitu egin zutela. AEBetako Sikhen Justizia mugimenduaren buru zen Gurpatwant Singhrekin harremana zuen Khandak, eta Gurpatwant Singhri gobernuaren baimenik gabeko erreferendumak egitea egozten diote.

Gainera, Khandaren familiako kideei ez zieten bisarik eman hiletara joateko. Khandaren gorpua Indiara eramateko eskatu zuten, eta hori ere debekatu egin zieten.

Sikhismoa munduan fededun gehien duten erlijioetan bosgarrena da. 23-25 milioi jarraitzaile ditu. Erlijio monoteista da, eta Waheguru da haien jainkoa. Haien doktrinetako batzuk jasotzen dute eguzkiari meditatzea eta dena denen arten banatzea. Gizonek Singh (lehoia) jarri behar dute bigarren izen edo lehen abizen moduan, eta emakumezkoek, berriz, Kaur (printzesa).

Sikh komunitatea jatorriz Punjab zonakoa da. Punjab Pakistan eta Indiaren artean banatuta dago, eta batez ere sikhak eta musulmanak bizi dira han. 1947an —Indiak eta Pakistanek Erresuma Batutik independentzia lortu zutenean— bitan banatuta geratu zen, eta migrazio olatu handiak egon ziren Pakistango aldetik Indiara (hinduak eta sikhak) eta Indiakotik Pakistangora (musulmanak). Sikhek Khalistan deitzen diote haien estatuari.

80ko hamarkadan sikhek indarra erabili zuten, eta horrek sikhismoaren aurkako joera sortu zuen Indian. 1984an, sikhek 225 pertsona hil eta 775 zauritu zituzten, urtarrilaren 1etik ekainaren 3ra bitartean. Indira Gandhi Indiako orduko presidenteak —ez du zerikusirik Mahatmarekin— hainbat neurri hartu zituen sikh independentisten aurka. Besteak beste, sikhak beren tenplutik, Urrezko Tenplutik, zituen. Bostehun sikh inguru hil ziren operazio horretan.

Presidentearen bi bizkartzain sikhek Indian egon den emakumezko presidente bakarra hil zuten. Horrek indarkeria areagotu zuen herrialdean, eta ia 3.000 pertsona hil ziren borroketan, gehienak sikhak. Urtebete geroago, 1985ean, sikhek lehergailu bat jarri zuten Torontotik Bombayra zihoan hegazkin batean. Ozeano Atlantikoaren gainean lehertu zen, eta 329 pertsona hil zituzten.

Martxoan, sikh talde handi batek Khalistango bandera jarri nahi izan zuen Indiak Londresen duen enbaxadan. Ekintza horretan, bi guardia zauritu zituzten. Hori izan zen Khandaren familiak bisarik ez jasotzeko eta Khandaren gorpua Erresuma Batuan geratzeko arrazoia, nahiz eta hark ez zuen zerikusirik izan martxoko ekintza horrekin. Indiako Poliziak ehunka pertsona atxilotu zituen ekintzaren ondoren, eta Khandaren familiari galdeketak egin zizkion. Giza eskubideen eta beste erlijioen alde borrokatzen dutela aldarrikatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.