Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Autokrazia bat zer den zehatz-mehatz deskribatzea ez da erraza. Batzuetan haren ezaugarri edo zantzuak ikus daitezke gobernu batean, nahiz eta ezin den erabat autokraziatzat hartu. Zaku horretan sar daiteke Serbiako Gobernua, Aleksandar Vucic buru duena (Belgrad, 1970). 2014tik darama boterean, kargua aldatu badu ere. Batzuen arabera, autokraziarako bidea hartua du Vucicek. Beste batzuek ez dute autokratatzat, baina onartzen dute autokraziaren zantzu batzuk argiak direla haren gobernuaren jardunean.
Vucicen ibilbide politikoa aspaldikoa da, baina haren pertsonaia eta ideologia modulatuz joan dira, betiere boterearen inguruan irauteko ahaleginetan. SRS Serbiako Alderdi Erradikalean sartu zen 1993an, 22 urterekin, eta urte berean Serbiako Asanblea Nazionaleko parlamentari izendatu zuten. Informazio ministro izan zen 1998tik eta 2000ra bitarte, Slobodan Milosevicen garaian, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Jugoslavia bonbardatu zuenean.
2008an SRS utzi, eta SNS Serbiako Alderdi Progresista sortu zuten zenbait kidek, Tomislav Nikolicen gidaritzapean; horien artean zegoen Vucic. Alderdi hori eskuinekoa, kontserbadorea eta europazalea da, eta boterean eutsi dio azken hamarraldian. Vucic Serbiako lehen ministro izendatu zuten 2014an, eta herrialdeko presidentea da 2017tik. Presidente gisa, hau du bigarren eta azken agintaldia, legearen arabera, baina lehen ministro izendatu dezakete berriz.
Miguel Roan Balcanismos webgunearen zuzendaria da, eta berriki Belgrado ‘brut’ liburua argitaratu du (Baltica Editorial, 2023). Balkanetan aditua da: beraz, balkanologotzat du bere burua. Honela definitu du Serbiako presidentea: «Vucic kameleoia bezain aldakorra da, autoritarioa, biktimista; esan dezakegu Serbiako psikearen, nazionalismo serbiarraren kontrolatzailea dela». Adierazi du 1980ko hamarkadaren bukaerako eta 1990ekoaren hasierako nazionalista belaunaldiaren parte dela. «Politikarako talentua du, azpijokoetan aritzen da, eta argia da: badaki barne eta kanpo egoerei pultsua hartzen, eta nazionalista zen garaitik eutsi dio horri».
Milos Zrakic Serbiako Princip Info komunikabide antiinperialistako kazetaria da, eta, haren ustez, Vucic neoliberala da: «Hori da haren benetako ideologia. Jendea nahastu egiten da, Vucic muturreko nazionalista serbiarra eta chauvinista zelako. Baina duela hamabost urte bukatu zen hori; BPGa handitzea, langileen eskubideak suntsitzea eta atzerriko kapitalaren onura baino ez zaizkio axola».
Autokrata al da Vucic? Zrakicek ezetz uste du: «Ezin da autokrata izan, horretarako bakarrik gobernatu beharko bailuke. Vucicek ez du hori egiten, Mendebaldeko agintariek esaten dutena entzun behar duelako. Barrura begira, hauteskundeak manipulatu egiten ditu hein batean, baina ez du gehiegizko boterea erabiltzen», esan du. Hala ere, onartu du botere handia duela: «Esanen nuke serbiar politikaririk boteretsuena dela Milosevicen ondoren, eta bere boterea handitu eta handitu baino ez du egin, Mendebaldearen babesarekin».
Roanek uste du subiranotasun nazionala, mugak eta agenda nazionala indartu nahi izan duten estatu berri ia guztiek hartu dutela autokraziarako bidea. Gainera, iruditzen zaio 2013an EB Europako Batasuna zabaltzeko prozesua gelditzeak areagotu egin duela joera hori. «Serbian agerikoa da bide hori, prentsa askatasuna apaldu baita, eta hedabideen kontrola handitu. Esan genezake Hungariako egoera baino zertxobait hobea dela, baina ez askoz hobea».
«Politikaren alorrean autokrazia argia da, baina ekonomikoki ez: gobernuak badaki noiz aldarrikatu behar duen europazaletasuna edo liberalismo ekonomikoa eta noiz ez»
MIGUEL ROAN Balcanismos atariko zuzendaria
Alor ekonomikoari begiratuta, Roanek uste du Serbiakoa ezin dela autokraziatzat hartu, atzerriko herrialdeetatik inbertsio eta diru laguntza asko jasotzen dituelako. «Politikaren alorrean autokrazia argia da, baina ekonomikoki ez: gobernuak badaki noiz aldarrikatu behar duen europazaletasuna edo liberalismo ekonomikoa eta noiz ez».
Balantzaren gainean ibiltzen da serbiar presidentea, kontu handiz, ez dadin erabat makurtu alde batera edo bestera. «Malabarismo estrategikoa erabilgarri zaio, egoera oso multipolarra izanik etekina atera baitiezaioke EBrekin, Txinarekin edo Saudi Arabiarekin harremanak izateari. Hau da, eskaintzarik onenaren alde egiten du, eta hori badakite Washingtonen, Moskun eta Pekinen». Horregatik, EBn sartzeko hautagaia da Serbia, eta EBk finantzaketa ematea lortzen du, baina ez du Errusiaren kontrako zigorrik babestu; bestalde, AEB Amerikako Estatu Batuei gerturatzen zaie, eta aldi berean Txinaren laguntza ekonomikoa jasotzen du azpiegituretarako.
Nazionalismoa eta populismoa izaten dira autokrazien osagaietako bi. Vucicen kasuan, iraganak ematen dio bermea serbiar nazionalisten aurrean, Zrakicen arabera: «Haren populartasunaren gakoa zera da, serbiar oso patriotikotzat dute oraindik ere; horregatik, oraindik sinesten diote, neurri batean behintzat, eta ez dute traidoretzat». Horrek eman dio Pristinarekin negoziatzeko aukera, esaterako. Zrakicek uste du Mendebaldearekin izan duen elkarlanari esker iraun duela boterean, austeritatea muturrera eramanez, eta serbiar elite kapitalistarekin eta batez ere komunikabideekin egindako aliantzari esker, haiek arduratzen baitira haren irudiaren proiekzioaz.
Hedabideei dagokienez, Roanek azaldu du komunikabide nagusiak gobernuaren aldekoak direla. «Egia da komunikabide kritikoen gorakada txiki bat izan dela, baina diruz laguntzen dituzte kanpotik, eta, beraz, ez dute beharko luketen sinesgarritasunik jendearen artean». Azaldu duenez, Vucic «neurriz kanpo» agertzen da hedabideetan; titular gehienak hari buruzkoak dira. Bestalde, prentsa kritikoak zaila du ikerketa kazetaritza egiteko, baliabideak eta kontaktuak falta baitira. «Gainera, hedabide horiei oso erraz kentzen diete zilegitasuna; batzuetan, hedabide nagusiek arreta desbideratzen dute, eta besteetan, kazetari kritikoen kontrako difamazio kanpainak egiten dituzte». Esaterako, gobernuaren aldeko zenbait hedabidek Tamara Skrozza kazetaria paratu zuten jomugan uztail hondarrean.
Botere zabala
Kontrol soziala «handia» da, Roanen arabera, nahiz eta askotan ez den begi bistakoa. «Poliziaren errepresioa ez da oso handia; gobernua tentuz ibiltzen da errepresioa ez dadin agerikoa izan». Bestela funtzionatzen du kontrolak: auzokoak seinalatuz, hedabideetan kazetari eta politikarien kontrako difamazio kanpainak eginez, oposizioko jendeari lanik ez emanda...
Hauteskunde garaian kontrol hori areagotzen dela esan dute bi adituek. Hauxe dio Zrakicek: «Hauteskundeak hein manipulatu egiten ditu hein batean, argi eta garbi, gobernuarentzat lan egiten dutenak bere alde botoa ematera behartuz edo baztertutako taldeen botoak erosiz». Roanek uste du serbiarrak «ohituta» daudela estatuari ez aurre egitera. «Hauteskunde garaian, SNSren mezulariak bidaltzen dituzte etxez etxe errolda moduko bat egitera; enpresa batzuetan langileen botoa kontrolatzen dute...».
«Hauteskundeak manipulatu egiten ditu hein batean, argi eta garbi, gobernuarentzat lan egiten dutenak bere alde botoa ematera behartuz edo baztertutako taldeen botoak erosiz»
MILOS ZRAKICPrincip Infoko kazetaria
«Kontrol mota horren bidez, lortu da herritarren %30-40k estatuko erakunde guziak kontrolatzea», kontatu du Roanek. «SNS estatu osoaren jabe da, batez ere Barne Ministerioaren bidez botere judiziala kontrolatzen duelako zeharka. Ez dago benetako botere banaketarik». Adituaren arabera, «klientelismoan oinarritutako sistema oso indartsua» du Vucicek herrialdea kontrolatzeko. Zrakicek esan du eskuineko sektore asko erosi zituela Serbiako presidenteak.
Oposizioak ekainaren 2an izan zuen Vucici agintea kentzeko aukerarik onena, azken udal bozetan irregulartasunak izan zirela salatu ondotik, hauteskundeak berriz egin baitziren, hala nola Belgraden. Baina oposizioko talde batzuek boikot egin zieten hauteskundeei, eta SNSk irabazi zuen berriz ere. Vucicek boterean irauteko beste arrazoi bat hori baita, Roanen aburuz: oposizioak ez du lider sendorik lortu, eta ez du inolako aukerarik hauteskundeetan irabazteko. Adituek uste dute gobernua aldatzeko ezinbestekoa dela lehenik Belgraden irabaztea.
Etorkizunari begira, bi adituek argi dute: Vucicek boterean jarraituko du, eta, presidente izateko agintaldi mugara iristen denean, lehen ministroaren kargura itzuliko da. Horra berriz ere autokraziaren muga lausoa.