Kamala Harrisek aski babes lortu du demokraten presidentegai izateko

Egun pare batean babes zabala jaso du AEBetako presidenteordeak. Alderdi Demokrataren batzarrean izendatuko dute hauteskundeetarako presidentegaia, abuztuan.

Kamala Harris AEBetako presidenteordea, atzo, Washingtonen. WILL OLIVER / EFE
Kamala Harris AEBetako presidenteordea, atzo, Washingtonen. WILL OLIVER / EFE
Iker Tubia.
2024ko uztailaren 23a
18:00
Entzun

Kamala Harris prest da AEBetako presidentetzarako hauteskundeetan Alderdi Demokrataren presidentegaia izateko: «Espero dut izendapena formalki onartzea aurki», esan du bart gauean zabaldutako ohar batean. Izan ere, alderdiko 1.976 ordezkariren babesa behar du presidentegai izateko, eta gutxieneko hori aise gainditu du bart. Joe Bidenek presidentegai izateari uko egin eta 32 ordu eskasera babes zabala zuen AEBetako presidenteordeak. Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionalean egin beharko dute izendapena, abuztuaren 19tik 22ra bitartean, Chicagon.

Associated Press albiste agentziak egin zuen zenbaketa, eta, haiek emandako datuen arabera, Harrisek 2.668 ordezkariren babesa zuen bart gauean —Euskal Herrian goizaldea zenean—. Alderdi Demokratak 3.949 ordezkari ditu guztira. Ordezkariek iritzia aldatzeko aukera dute abuztuaren 7ra arte, baina Harrisek aski babes lortuko du seguruenik.

Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionalaren aurretik, hautagai bat aukeratuko dute. Hori abuztuaren 7a baino lehen eginen dute, modu birtualean. Jaime Harrison Batzorde Demokrata Nazionaleko presidentea horretaz mintzatu zen atzo kazetarien aurrean: «Ziurtatu nahi dut erabateko konpromisoa dugula hautagaitza prozesu irekia eta bidezkoa egiteko».

Babes garrantzitsuenetako bat Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentearena izan zen; izan ere, Harris babestu ordez, primarioen alde agertu zen hasieran. Azkenik, babesa adierazi zion presidenteordeari ohar baten bidez: «Kamala Harris, politikan ari den emakume gisa, oso buruargia da, eta erabat sinetsita nago garaipenera eramanen gaituela azaroan».

Bart jaso zuen azken babes garrantzitsuetako bat Kaliforniako ordezkaritzarena izan zen. Inportantea da, hura baita ordezkari gehien dituen estatua. Harris esker onez mintzatu zen jakin ondotik haien babesa eskuratua zuela: «Gaur gauean [bart], harro nago gure alderdiko hautagai izateko babes aski lortu dudalako, eta, Kaliforniako alaba naizenez gero, harro nago nire sorterriko ordezkaritzaren babesak gure kanpaina gorenera eraman duelako».

Babes ekonomikoa ere ziztu bizian lortu zuen AEBtako presidenteordeak. Bidenek hautagaitza baztertu eta 24 ordura, Harrisek 81 milioi dolar lortu zituen kanpainarako, eta mila boluntario baino gehiago bildu.

Harrisek bestelako lanak ere baditu: presidenteorde izateko hautagaia nor izanen den jakinaraztea. Roy Cooper, Andy Beshear, Josh Shapiro edo Mark Kelly dira gehien aditzen diren izenetako batzuk, hango hedabideek alderdiko iturriak aipatuta kaleratu dutenez.

Kanpaina abiatu du

Atzo arrartsaldean, kanpainako lantaldearen aurrean mintzatu zen Harris, Wilmingtonen (Delaware, AEB). Azken asteotako egoera nahasgarriaren jakitun, adierazi zuen konfiantza osoa duela kanpainako taldean. «Irabazteko asmoa» duela esan zuen, eta Alderdi Demokrata eta AEBak «batzeko» helburua duela. Alderdi Errepublikanoko presidentegaiaz ere mintzatu zen: «Donald Trump bezalakoak ezagutzen ditut, eta kanpaina honetan nire esperientzia erabiliko dut harenaren aurka». Fiskal lanetan izandako esperientziaz ari zen.

Hala ere, adierazi zuen kanpainan ez duela soilik «gu Trumpen aurka» dioen mezua erabiliko. Aukera ekonomikoen eta abortatzeko eskubidearen aldeko hautagai gisa aurkeztu zuen bere burua Harrisek: «Etorkizunaren aldeko gure borroka askatasunen aldeko borroka ere bada. Gure esku dago». Bidenen deia jaso zuen ekitaldian, eta babes osoa agertu zion.

AEB-etako zerbitzu sekretuetako zuzendariak kargua utzi du

Alderdi Errepublikanoko AEB Amerikako Estatu Batuetako presidentetzarako hautagai Donald Trumpen aurkako erasoa —uztailaren 14an— azken hamarkadetan izan duten «akats operatiborik handiena» izan zela onartu zuen atzo AEBetako Zerbitzu Sekretuetako zuzendari Kimberly Cheatlek herrialdeko ordezkarien ganberan. Akatsa onartu eta 24 ordura kargua uztea erabaki du Cheatlek, «ardura osoa» berarena izan dela onartu ostean.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.