Aste bat igaro da bi lurrikarek inoizko hondamendirik handienetako bat eragin zutenetik Ekialde Hurbilean, eta erreskate lanak amaitzear dituzte. Zenbaketa ofiziala 36.000 hildakora heldu da, baina NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi zuen asteburuan 50.000ra iritsiko dela. Bizirik irten direnei aterpea eta giza laguntza ematea dute orain lehentasuna; izan ere, milioika dira desplazatutakoak.
Lehen egunetan hondamen artean bizirik geratutakoak erreskatatzea izan dute lehentasuna, baita zaurituak artatzea eta etxerik gabe geratutakoei behin-behineko aterpea eskaintzea ere. Egunek aurrera egin ahala, ordea, agerian geratzen hasi da hondamendiaren norainokoa. Gurutze Gorriak eta Ilargi Erdi Gorriak ohartarazi dute epe luzerako laguntza beharko dela eskualdean. «Sarraskia erabatekoa da. Eskolak, etxeak, erietxeak eta bestelako eraikinak suntsituta daude. Milaka daude desagertuta edo hondakin artean harrapatuta, eta jendea bizirik ateratzeko denbora agortuz doa», azaldu zuen atzo Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Nazioarteko Federazioko idazkari nagusi Jagan Chapagainek.
Hala ere, egoera ez da bera eskualde guztietan. Turkiako AKP Justizia eta Garapenaren Aldeko Alderdiak kudeatutako lurraldeetara lehen egunetan heldu da giza laguntza; ez, ordea, oposizioak kudeatutakoetara. Arazoa are okerragoa da Siria ipar-mendebaldean. Han, gerra hasi zenetik, pasabide bakarra dago zabalik, eta, ondorioz, giza laguntza apenas heldu den azken astean.AEBetako Gobernuak eskatu zion atzo NBEren Segurtasun Kontseiluari onar dezala ebazpen bat Siria pasabide gehiago irekitzera behartzeko.
Oraintxe soilik Bab al-Hawako pasabidea dago zabalik, Turkia eta Idlib eskualdea lotzen dituena.NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen bati esker, nazioarteko konboiak bertatik igaro daitezke. Berez, Segurtasun Kontseiluaren ebazpenik ez litzateke behar Siriako presidente Baxar al-Assadek pasabide gehiago zabaltzea onartuko balu, baina Damaskok esan du gaur-gaurkoz laguntza orok bere eskuetatik igaro behar duela. NBEk baliatu izan ditu Siriatik bertatik doazen bideak laguntza banatu ahal izateko, baina ibilgailuek gerra frontea gurutzatu behar izaten dute iparraldera heltzeko, eta horrek moteldu egiten du bidea.
Damaskoren arabera, ordea, berak kudeatu beharko luke nazioarteko laguntza eta horretarako «nahitaezkoa» da gerra medio jarritako zigorrak kentzea. Hala zehaztu zuen Siriako Atzerri ministro Faisal al-Miqdadek NBEko ordezkari berezi Geir Pedersenekin izandako bileraren ostean: «Beharrezkoa da azken hamarkadan banakoen eta erakundeen aurka jarritako zigor neurri guztiak kentzea». Al-Miqdaden esanetan, Al-Assaden gobernua prest legoke laguntza banatzeko, baita oposizioaren kontrolpeko eremuetan ere.
Turkia ere agertu da prest beste bi pasabide zabaltzeko Siria iparraldera, baina ez PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren eta YPG gerrilla kurduaren kontrolpean dauden eremuetara, Kilis eskualdera baizik. «Eztabaidatik kanpo dago Turkiak PKK-k eta YPGk kontrolatutako eremuetarako pasabideak zabaltzeko aukera», zehaztu zuen Atzerri ministro Mevlut Çavusogluk —Ankararentzako terroristak dira bi erakunde horiek—.
Erantzun «motela»
Turkian egoera ez da askoz hobea, batez ere Kurdistanen eta oposizioak kudeatutako eremuetan. Ankarak gezurtatu egin ditu bere aurkako kritikak, esanez «oso zaila» dela zenbait ingurutara iristea, besteak beste, aireportuak itxita daudelako. Horrez gain, adituek ohartarazi dute lurrikara arriskua dagoela oraindik inguru askotan.
Hiri askotan etxerik gabe geratu den jendea haserre dago gobernuarekin, uste dutelako eraikuntza enpresek ez dituztela bete segurtasun neurriak. Salaketei erantzunez, Turkiako justiziak ehun atxilotze agindu baino gehiago eman ditu azken egunetan eroritako eraikinak egin zituzten enpresetako arduradunen aurka. Atxilotze aginduetan jasotakoaren arabera, eraikuntzek ez zituzten segurtasun neurriak betetzen.
Lurrikara Ekialde Hurbilean
Kaltetuentzako epe luzerako laguntza eskatu du Gurutze Gorriak
Turkia prest agertu da Siriarako bi pasabide zabaltzeko, baina ez milizia kurduen eremuetara. Ankarak eraikuntza enpresetako buruen aurkako neurriak hartu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu