Amaitu da COP27 klima aldaketari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen biltzarra. Eta akordio batekin, gainera: «aldaketa klimatikoarekiko zaurgarriak» diren herrialdeen kalte ordainetarako funts berezi bat sortzea adostu dute. Akordio historikoa dela nabarmendu dute Egiptoko Xarm el-Xeikh bildu diren herrialdeetako ordezkariek, eta txalo zaparrada batekin hartu dute ituna.
Bart, azken negoziazioetan murgilduta ibili dira 200 estatu parte hartzaileak, eta aldeek lortu dute eztabaidan geroz eta eremu partekatu handiagoa finkatzea. Estatu aberatsenen eta garabidean dauden herrialdeen arteko jarrerak hurbildu egin ziren egunak aurrera egin ahala. Azken orduan, mahai gainean ziren akordioak josi beharreko elementu guztiak. Bi korapilo ziren askatu beharrekoak, nagusiki: klima krisiak eragindako galeren eta kalteen ordainerako funts bat sortzea, eta berotegi gasen isuriak murrizteko konpromisoetan sakontzea. Askatu dute bat; bestea, ez.
Kalte ordainen funtsa sortzeari dagokionez, hura izan da garabidean dauden herrialdeen lehentasuna COP27n. Lehenengoz lortu dute COP batean estatu industrializatuenen erresistentzia gainditu eta puntu horren eztabaida gai zerrendan txertatzea. G77 blokeak —garabidean dauden estatu ia guztiak biltzen ditu, Txina barne— aste honetan proposatu zuen funts horren oinarriak ezartzea 2023an Dubain egingo den COP28rako, eta argudiatu zuen klima larrialdiaren erantzule nagusiek jarri beharko luketela dirua; hau da, herrialde aberatsenek.
Akordio horren bidez, garabidean dauden herrialdeei berehalako baliabide ekonomikoak ematea adostu dute, «larrialdi klimatikoak sortzen dituen eragin ekonomiko eta ez ekonomikoei aurre egiteko». Bloomberg-ek azaldu duenez, gehien kutsatzen duten herrialdeek ere funtsera ekarpenak egitea adostu dute, tartean, Txinak eta Indiak. Dena den, xehetasun asko zehazteke daude oraindik; besteak beste, zenbat diru bilduko duen funtsak.
EB Europako Batasuna halako funts bat sortzearen alde agertu zen herenegun, nahiz eta hasieran esan egokiago ikusten zuela egun indarrean diren bestelako finantza bide batzuk erabiltzea kalte ordainetarako, laguntza hori azkarrago banatzeko modua emango lukeela argudiatuta. Frans Timmermans EBko klima politiken arduradunak, baina, ohartarazi zuen garabidean diren herrialde horien artean badirela egun planetaren berotzean ardura esanguratsua duten estatuak eta funtsari ekarpena egiteko baliabidea nahikoa dutenak. Horien artean leudeke Txina, Errusia eta Saudi Arabia, besteren artean.
Herrialde garatuen eta garabidean daudenen arteko sailkapena 1992an jaso zuen Klima Aldaketari Buruzko NBEren Hitzarmenak. Bigarren multzoan dago Txina, munduko ekonomietan bigarren handiena izan arren eta atmosferara karbono dioxido gehien isurtzen duen herrialdea bada ere. «[Funtsak] herrialdeen 2022ko egoera ekonomikoa hartu behar du oinarri, ez 1992koa», adierazi zuen herenegun Timmermansek.
Akordiorako azken zirriborroak jaso zuen funtsa «garabidean dauden herrialde guztiei» egongo dela irekia, baina «bereziki zaurgarriak diren herrialdeak» lehenetsiko zituela. Erdibideko formulazio horren inguruan saiatu ziren adostasuna lortzen EB eta G77 blokea.
Xie Zhenhua Txinak COP27 bileran duen ordezkariak The Guardian egunkariari adierazi zion Pekinek ez duela funts horri ekarpena egiteko betebeharrik, garabidean den herrialdea den neurrian, baina nabarmendu zuen bere borondatez ari dela beste herrialde batzuk laguntzen Latinoamerikan eta Afrikan, esaterako. «Ardura herrialde garatuena izango da. Beraien erantzukizuna eta betebeharra da».
Glasgowtik, atzerapausoa
Bestetik, berotegi gasen isuriak murrizteari dagokionez, ez dute akordiorik itxi. EBk atzo goizean salatu zuen akordio proposamena atzerapausoa zela, iaz Glasgowko (Eskozia) COP26 bileran hitzartutakoaren aldean. Glasgown erabaki zen estatuek isuriak murrizteko planak zehaztuko zituztela aurten, mende amaierarako 1,5 graduko berotzea ez gainditzeko helburua egingarria izan zedin. Estatu gehienek ez dituzte plan horiek aurkeztu oraindik. Herrialde aberatsenek konpromiso zorrotzagoak eskatu zituzten eremu horretan, eta ohartarazi zuten ez zutela kalte ordainetarako funts bat onartuko isuriak murrizteko konpromisoetan sakondu gabe.
Akordio proposamenak ez zion aipamenik egin energia fosil guztiak baztertzeari, eta mugatu zen Glasgown hartu zen konpromisoa berrestera: ikatz energia alboratzea eta energia iturri fosil «ez eraginkorretara» zuzendutako diru laguntzak etetea.
Erregai fosil guztiak baztertzeko proposamena Indiak sustatu zuen —munduko bigarren ikatz kontsumitzaile handiena Txinaren atzetik—, baina hori onartezintzat jo zuten Errusiak eta Saudi Arabiak azken unera arte.