Sute bat azkar hedatu da azken orduetan Los Angelesen (Kalifornia, AEB Ameriketako Estatu Batuak). Dozenaka dirudun bizi diren Pacific Palisades auzoko baso batean sortu zen sua, atzo goizean, eta denbora gutxian 1.200 hektareatara zabaldu da, Los Angelesko suhiltzaileen arabera. Arratsaldean 4.000 hektarea baino gehiago kaltetu ditu. Kaliforniako agintariek jakinarazi dutenez, bi lagun hil dira sutearen ondorioz. Arriskuan daude 10.000 etxebizitza eta 15.000 negozio inguru, eta 80.000 lagun ebakuatu egin dituzte. Ez dute argitu sua zerk piztu duen.
Haize bolada bortitzak izaten ari dira eskualdean, eta hezetasuna ere oso txikia da. Baldintzak bikainak dira, beraz, sua kontrolik gabe zabaltzeko, eta Kaliforniako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du. Gauean orduko 160 kilometroko haize ufadak izan dira. 250 suhiltzaile inguru dabiltza lanean, eta, ohartarazi dutenez, litekeena da egoerak okerrera egitea.
Karen Bass Los Angelesko alkatea atzerrian dago bisita ofizial batean, eta kaltetutako auzoko bizilagunei sare sozialen bidez eskatu die etxea uzteko. Polizia ebakuazio lanetan laguntzen ari da, eta erakundeek pare bat aterpetxe jarri dituzte kaltetuen zerbitzura.
Auzoa urgentziaz husteak, ordea, kaosa eragin du. Etorbide handi bat da Pacific Palisadeserako sarbide bakarra, eta han topo egin dute ihesean zebiltzanek eta erreskate lanetara bidean zihoazen suhiltzaile eta poliziek. Bost kilometrorainoko auto ilarak eragin ditu horrek, eta, erakundeek jakinarazi dutenez, batek baino gehiagok autoa abandonatu du, eta oinez alde egin. Horiei giltzak jarrita uzteko eskatu diete, ibilgailuak mugitu ahal izateko.
Izarren auzoa
Suak harrapatu dituen eraikinen artean daude zenbait etxe, ikastetxe bat eta kirol klub bat. Auzoan 25.700 lagun bizi dira, tartean Hollywoodeko hainbat izar: Jennifer Aniston, Bradley Cooper, Tom Hanks, Matt Damon, Jennifer Lopez, Adam Sandler...
Joe Biden AEBetako presidenteak larrialdiko diru laguntza bat onartu du, eta egoeraren bilakaerari adi dagoela esan. Datozen orduetan, gainera, Santa Monicara bidaia bat egitekoa da, eta, planak aldatzen ez baditu, gertutik ikusi ahal izango ditu sutearen ondorioak.