Libia. Sirteko setioa

Kalifa-herria, gain behera

Estatu Islamikoa setiatuta dago Sirten. Muturreko islamistak euren gotorlekutik kanporatzeko operazioa motel doa; gutxik uste zuen hain luzea izango zenik.

Libiako milizianoak, Estatu Islamikokohiru gerlariren gorpuen inguruan, Sirteko erdigunean. KARLOS ZURUTUZA.
Sirte
2016ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Horia, gorria ala urdina izan daiteke. Libiako indarrek kolore eranskailuak erabiltzen dituzte egunero Sirten. Etxez etxeko borroka da, eta ezinbestekoa da etsaiarengandik bereiztea. Ali Mangux milizianoak dio «hutsegite xumeenak» hilgarriak direla. «Erretiratzean terroristek bonba-tranpez josten dute bidea», azaldu du gazteak, bere txaleko balistikoan eranskailua paratu bitartean. Urdina da gaurkoa.

«Edozein kutxak, ontzik edo altzarik bonba bat ezkutatu dezake. Areago, paretetan dauden Daexen bandera beltzak ere arriskutsuak dira. Arrantza hariz aktibatu izan dira lehergailuak norbaitek eskuratzean, trofeo oso preziatua baita», gaineratu du misratarrak, 4x4 furgoneta batera igo ostean. 22 urte besterik ez ditu, baina bi gerratan parte hartua da. 2011koa izan zuen aurrenekoa.

Estatu Islamikoak 2015eko otsailean altxatu zuen bandera beltza Sirten. 2016ko maiatzean Estruktura Sendoa izeneko operazioa jarri zen abian, muturreko islamistak kanporatzeko helburuz. AEB Ameriketako Estatu Batuetako aire erasoak lagun, aurrera jo dute lurreko indarrek. Egun, muturreko islamistak inguraturik daude Sirte erdigunean.

Hein handi batean, Libiako botererik ezaren semea da Daex Libian. Egun, hiru gobernu daude herrialdean: mendebaldean bat, ekialdean beste bat, eta Nazio Batuen Erakundearen babesa duen GNA Nazio Akordio Gobernua. Azken hau bideratzen ari da EIren kontrako operazioa. Jihadismoaren mamua Libiatik uxatzekotan, GNAk oraindik lortu ez duen herriaren babesa bereganatu zezakeen.

Iraganeko mamuak ere badira Sirten. Frontera doan errepidetik, Muammar Gaddafiren autoaren hondakinak ikus daitezke oraindik. Agintean lau hamarkada eman ostean, bertan lintxatu zuten Misratako miliziarrek. Duela bost urte Gaddafiren azken leialen plaza izan zen Sirte. Manguxek, baina, berebiziko desberdintasun bati erreparatu dio.

«Libiarren kontra borrokatu ginen orduan; alde okerrean egon arren, gu bezalako gizakiak ziren. Gaur, aldiz, atzerritarrak dira gehienak eta animaliak legez portatzen dira», damu du gazteak.

«Jainkoa da handiena»

Estatu Islamikoaren krudeltasunaren lekuko adierazgarriak dira Zafaran auzoko mastak, Sirte mendebaldean. Haietatik, dozenaka hiritar gurutziltzatu zituzten, Sirte Raqqaren «frankizia» izan zen bitartean. Musika entzutea, atzerriko telebista kanalak sintonizatzea, erretzea... zigortu beharreko bekatua zen dena. Emakumezkoen kasuan, ikusezin bihurtzea hobe.

Amesgaiztoko irudiak dira ere Zafarango ospitalean oraintxe bertan bizi direnak, mastetatik metro eskasera. «Jainkoa da handiena», errepikatzen du, etengabe, miliziano batek. Anbulantziatik atera berri dute; Sirteko azken bonba-autoak eskuineko hanka erauzi dio.

«Huraxe da beren arma beldurgarriena», dio Abdu Mohamed doktoreak. Boluntarioa da, beste guztiak bezala. «Autoak metrailaz gainezka doaz, eta leherketak norabide guztietan zabaltzen du, balak balira bezala. Hona iristean asko ez dira oraindik jabetu ere egin bortizki mutilatuta daudela», gaineratu du Mohamedek. Lanean hiru aste jarraian eman ondoren, aurki hartuko du atsedena, «bi egun besterik ez badira ere».

Bonba-autoak sekulako sarraskia eragin arren, etsaiaren frankotiratzaileak ere izua zabaldu dute indar libiarren artean. Hassan Onbes traumatologoak dioenez, lepora apuntatzen dute. «Terroristek badakite bularrean ala buruan jotzea ez dela hilgarria beti. Tetraplegiko bat, ordea, ez da sekula frontera bueltatuko», argitu du Tripoliarrak.

Mediko boluntarioon eskarmentuak ederki olioztatzen ditu Sirteko ospitaleak. Gerra frontean, alabaina, inprobisazioa da nagusi.

«Bonba-auto bat!», eman du alarma miliziar batek, Sirteko hiribide nagusietako batean. Erreakzioak oso bestelakoak dira: batzuk, etorri diren tokitik bueltatu dira, autoz; besteak, hondakinez beteriko karriketan arriskatu dute bizia, lehergailuz josita daudenetatik. Eta egon badira ere mugitu ez direnak; ezin atzean utzi ur pipa. Zorionez, alarma faltsua izan da.

Etsipena

Nazioarteko hainbat komunikabidek zera errepikatu dute azken hilabeteotan, Sirten atzerriko tropak daudela, britainiarrak ala italiarrak kasu. Operazioko buru Mohamed al Ghasri jeneralak, ordea, ukatu egiten du: «Libiarrak baino ez dira gureak; etsaiak dira atzerritarrak, Tunisia, Egipto, Sudan eta beste herrialde askotatik etorriak denak», azaldu dio BERRIAri Al Ghasrik,Misratako Operazio Berezien egoitzan.

Walid ere libiarra da. Sirten eman dituen hilabeteotan atzerriko azentu anitzei erreparatu die, walkie-talkie elkarrizketetan. Miliziarrak dio ez zela inondik ere haiengana gerturatuko, «eskuak altxatuta aterata ere». «Askok txaleko lehergarriak janzten dituzte; beraz, ez gara inguratzen ausartzen», dio Walidek, aipatu ekintzaile suiziden gizaki pusketak bilatzen dituen bitartean. Ez du zorterik izan oraingoan, baina erraz topa daitezke.

Libiako iturrien arabera, ehun bat jihadista daude Sirten. Mohamad Tahar Siyala GNAko Atzerri ministroak borroka uste baino zailagoa izaten ari dela aitortu behar izan du. Egoera benetan etsigarria da, azken asteotan indar libiarrek behin eta berriz errepikatu baitute garaipena «egun gutxiko kontua» izango zela.

Eta hala sinistu nahi zuten Sirteko hiritarrek ere. Gehienek aspaldi egin zuten ospa eta, egun, asko Tripoliko banketxeen aurrean biltzen dira, asteartero. Huraxe da, hain juxtu, beraientzat gordetako eguna soldatak kobratzeko.

Anuar Zubeidik goizeko lauretan gerturatu da ilara gordetzeko. Goizeko bederatzietan zera esan du, bere etxea errautsetan ikusi duela telebistako irudietan. Eta jada bigarren aldia da: «2011n matxinoek txikitu zuten hiria; gero jihadistak nagusitu, eta berriz gertatu da», kexu da. Bere inguruko askok ez bezala, Tripolin gelditzeko asmoa du, senide baten etxean. «Zertarako bueltatu? Hiria berriz nork erraustuko berta-bertatik ikusteko?», dio errefuxiatuak, haserre, ilara noiz mugituko zain. «Dirua banu, ez nuke denbora galduko etxea berreraikitzean. Libiatik alde egingo nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.