Kaledonia Berria. Independentzia erreferenduma. Roch Wamytan. Kaledonia Berriko Kongresuko presidentea

«Kaledoniarrek geroz eta interes handiagoa dute gure proiektuarekiko»

Buruzagi independentistak, biharko erreferendumari begira, goraipatu egin du FLNKS aliantzak kanpainan egindako lana, eta uste du horrek Frantziatik ateratzearen aldekoen emaitzak «hobetzea besterik ez» duela eragingo.

KALEDONIA BERRIKO KONGRESUA.
ander perez zala
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kaledonia Berriko deskolonizazio prozesuak aurrera jarraitzen du, eta Ozeano Bareko uharte multzoan beste topaketa garrantzitsu bat dute bihar. Bi urtean bigarrenez, 180.640 kaledoniarrek herrialdearen etorkizunaz erabakitzeko aukera izango dute, honako galdera honi erantzunez: Nahi duzu Kaledonia Berriak burujabetza osoa eskuratzea eta independente bilakatzea?.

2018ko galdeketan ezezkoak irabazi zuen arren, bi aldeen arteko tartea espero baino txikiagoa izan zen, %56,7-43,3. Roch Wamytan (Noumea, 1950) Kaledonia Berriko Kongresuko presidentea baikorragoa da aurtengoari begira, abstentzionistak erakartzeko gai izan direla uste baitu: «Kaledoniarrek ulertu dute zer dagoen jokoan independentzia erreferendumean, eta, hortaz, parte hartzeak gora besterik ez du egingo».

Deskolonizazio prozesuko bigarren independentzia galdeketa bihar egingo duzue. Nola zaudete independentistak?

Hiru hitzetan laburbildu daiteke. Batetik, konfiantza, kaledoniar herritar bakoitza mobilizatu egingo dela independentziarako pausoa emateko; guk ardura hori hartuko dugu. Bestetik, determinazioa, finkatu ditugun helburuak eta engaiamenduak amaieraraino eramateko determinazioa. Eta, azkenik, batasuna, FLNKSren [Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren] gizarte proiektua ahots bakarrarekin garatzeko batasuna.

Galdeketaren dataz, zuek ez zenuten bihar egin nahi, «ahalik eta beranduen» baizik.

Noumeako akordioak aurreikusten du bigarrena lehen galdeketatik bi urtera egitea, hau da, 2020ko azaroaren 3an. Beti iruditu zaigu bi erreferendumen artean bi urteko tartea egon behar dela, modu egokian antolatzeko eta kaledoniarren independentziarekiko kontzientzia politikoaren eboluzioari bide emateko. Hori baita, finean, Frantziaren sistema kolonizatzaile eta inperialistatik ateratzeko ate bakarra.

Biharko data Parisen erabakia izan da, gure nahiaren eta independentziaren aurkakoenaren artekoa, haiek ahalik eta azkarren egin nahi baitzuten.

2018ko erreferendumean, ezezkoak irabazi arren, espero baino emaitza hobeak lortu zenituzten. Aurten tartea gehiago txikitzea espero duzue? Baiezkoak irabaztea?

Bai, espero dut tartea txikitu egingo dela, aurten botoa emateko bulego deszentralizatuen kopurua handitu baita. Gure kanpainako estrategia 2018ko abstentzionistei begirakoa izan da.

Hain justu, aurten abstentzioa handitzea espero duzue? Noumeako akordioaren arabera, hiru galdeketa egin ditzakezue; agian herritar batzuek erabaki dute aurten botoa ez ematea, bi urte barru beste galdeketa bat egingo duzuelako...

Ez dut uste. Kaledoniarrek ulertu dute zer dagoen jokoan independentzia erreferendumean, eta, hortaz, parte hartzeak gora besterik ez du egingo.

2018an, kanaken abstentzioa eta, batez ere, gazteen artekoa izan zen zuen kezketako bat. Hein batean bada ere, lortu zenuten egoera hori gainditzea, baina kanaken artean abstentzionista asko izan ziren.

Bai. Hori azaltzen da Alderdi Laboristak abstentziorako deia egin zuelako, eta, hortaz, kanaken zati batek ez zuen botoa eman [aurten baiezkoaren alde bozkatzera deitu du]. Bigarren erreferendumerako, FLNKSko gazteek ekimen handia izan dute, eta beren belaunaldikoak mobilizatzeko egin duten lana ikaragarria izan da. Aurten, alderdi independentisten, gazteen eta Herrietako Batzorde Nazionalisten arteko sinergia erabatekoa izan da. Horrek emaitzak hobetzea besterik ezin du eragin.

Aurtengo kanpainako aldaketetako bat izan da Frantziako bandera erabiltzea legezkoa izan dela. Etorkizuna Konfiantzaz loialistarentzat, «gauzak orekatzeko» balio izan du. Uste duzu banderaren erabilerak emaitzak baldintzatuko dituela?

Eskubidea dugu geure buruari galdetzeko Frantziako Estatuaren inpartzialtasuna nolakoa den auzi horren inguruan [Frantziak jarrera neutroa izan behar du, Noumeako akordioaren arabera]. Auzi politiko bat denez, azken 30 urteetan gertatu bezala, Frantziako Gobernuak Sinatzaileen Batzordeari [galdeketaz independentistak eta loialistak elkartzen dituen taldeari] eskatu behar zion auzi horretaz eztabaidatzea. Ez du halakorik egin! [Frantziako] Lehen ministroak ez du inor konbentzitu banderaren erabilera baimentzeko argudioak ematean. Oroitarazi behar da kolore urdin, zuri eta gorria bazeudela independentziaren aurkakoen logoetan 2018ko erreferendumean.

Aurtengo kanpainan, tentsioa askoz ere handiagoa izan da. Bi aldeak askoz ere polarizatuago aritu zarete, baita galdeketa prestatzeko lanetan ere.

FLNKSk egindako azken bileretan, iruditzen zaigu kaledoniarrak geroz eta interes handiagoa dutela proposatzen dugun gizarte proiektuan. Bestalde, errealitate politikoaren bipolarizazioa ez da independentisten kontua; independentziaren aurkakoek 2018an ez zuten proiekturik, eta soilik ezezkoa bozkatzera deitu zuten.

Aurten, eredu frantsesarekiko asimilazio gorena aldarrikatzen duen proiektu bat aurkeztu dute. Hori 40 urte atzera egitea da, garai hartako gizarte proiektu bat aurkeztea, ez dituena kontuan hartzen 1980ko eta 1990eko hamarkadetako akordioak. Hortaz, eztabaidan arreta jarri dute eredu horren, 1980ko hamarkadan kanaken errebolta eragin zuenaren eta FLNKSren 2018ko eta 2020koaren artean. Horrek eragin du antagonistak automatikoki sendotzea.

Iaztik protagonista berri bat duzue politikan: EO Esnatze Ozeanikoa. Bere jarraitzaileei boto askatasuna eman die. Zer iruditzen zaizu jarrera hori?

Esnatze Ozeanikoko agintariek askotan oroitarazten dute beren mugimendua independentistez eta horren aurkakoez dagoela osatua. Uste dute biharko botoa engaiamendu indibiduala dela, eta bakoitzak bere ardurak dituela. Guk independentziaren aldeko jarrera har zezala nahi genuen, baina egun dagoeneko ulertzen dugu beren jarrera.

FLNKSk eta EOk gehiengo ozeanikoa osatzen dugu Kaledonia Berriko Kongresuan [talde parlamentario berean daude], 54 eserlekutik 29 baititugu. Espero dugu, beranduago bada ere, alderdi horrek bat egingo duela gure aldarrikapen nazionalista eta independentistarekin.

FLNKSn, iritzi asko daude independentzia lortuz gero Kaledonia Berriaren eta Frantziaren artean izan beharreko harremanaz. Ez al dizue kalte egiten jarrera bakarra ez izateak?

Iritzi desberdinak egoteak esan nahi du FLNKS barruan demokrazia bizirik dagoela. Baina horrek ez du eraginik gure aliantzaren independentzia lortzeko helburuan. FLNKSren proiektuan, argi azaltzen dugu Frantziak harreman pribilegiatua izango duela, daukagun historia komunagatik. Zer-nolako harremana izango den, guk proposatzen dugun hiru urteko trantsizioan erabaki beharko dugu.

Sonia Backes buruzagi loialista eta Hegoaldeko Probintziako presidenteak egotzi dizue auzi horretan boto emaileak «tronpatzea».

Orokorrean, kolonizatzaileen armak gezurra eta beldurraren instrumentalizazioa dira, statu quo-a defendatzea helburu. Sonia Backes soldadu bat da, Frantziako Estatu kolonizatzailearen interesak defendatzen dituena. Aldaketaren aurkako jarrera izanda, normala da harentzat proiektu independentistak «tronpatu» besterik ez egitea. Haientzat, kolonizaturiko herrietatik datozen proposamenak «atzerakoiak» besterik ezin dira izan.

Biharko emaitza edozein dela ere, FLNKSk hainbatetan eskatu ditu bilkurak Parisekin independentzia lortuz gero eman beharreko pausoak finkatzeko. Aurrerapausorik eman duzue?

Aurten bilera bakarra egin dugu. Deigarria da, 1997. eta 1998. urteetan hainbat bilkura egin genituelako Noumeako akordioaren atarikoa osatzeko. Gerora, independentziaren aurkakoek ere parte hartu dute, «orientazio dokumentu bat» eztabaidatzeko. Tartean, FLNKSk aurrera jarraitu du, eta hiru urteko trantsizioa proposatu du. 1999ko lege organikoak bihartik 2021eko ekainaren 26ra arte indarrean jarraitzea; Konstituzioa onartzea eta Frantziak gure independentzia aitortzea 2022ko ekainaren 26an; eta Kanaky-Kaledonia Berriko hauteskundeak eta erakundeak martxan jartzea 2023ko maiatzean.

Halere, baiezkoak irabaziz gero, trantsizio epe hori Frantziako Estatuarekin eta gure biztanleekin eztabaidatu beharko dugu.

Matignongo eta Noumeako akordioen helburua gizartea «berriz orekatzea» da. Egun, bilana baikorra da?

Denok ados gaude azken hiru hamarkadetan eremu osoan hainbat arlotan egiazko garapen bat izan dela. Halere, jarritako helburu guztiak ez dira bete, eta, beraz, lanean jarraitu behar dugu kaledoniar guztien beharrei erantzunak emateko, edozein tokikoak direla ere. Kanak identitatea ez dute behar bezala aitortu politika publikoetan, eta gizarte arloko arazo larriak ditugu: kanak gazteen parte bat desbideratzen ari da; alkoholaren eta drogen kontsumoak eragina du gizartearen kohesioan; desberdintasunek oraindik arazo izaten jarraitzen dute; eta beste hainbat arazo.

Gauza bat, ordea, argi dago: 32 urteko kudeaketa instituzionalaren ostean, herrialdeko gobernuetan, probintzietan, Senatuan eta udaletan, arduradun politiko kaledoniarrak prest daude estatu subirano bat kudeatzeko.

Horri begira, kanaken borroka kalean zegoen 1980ko hamarkadan; egun, berriz, erakundeetan. Salto hori ematean finkaturiko helburuak bete dituzue?

FLNKS erakundeetan sartu da 1984ko eta 1988ko kanaken erreboltaren ostean, baina inoiz ez du lortu Kaledonia Berriko Gobernua eta Kongresua gidatzeko gehiengorik. Aukera batzuk izan ditugu, batez ere 2011tik aurrera, gure programa politikoak indarrean sartzeko bolada izan dugulako; horren ondorioz, azken 30 urteetan FLNKSk bere anbizioak bete ditu, Iparraldeko Probintzian eta Leialtasun uharteetan azken. Berrorekatzea, akordioetako hitz gakoa, martxan da, nahiz eta probintziek Hegoaldekorako nekazari exodo bati aurre egin behar izan dioten.

Sinatzaileen Batzordean, iragan mendeko akordioen sinatzaileek jarraitzen dute. Kasurako, zu, Paul Neaoutyine Iparraldeko Probintziako presidentea eta Victor Tutugoro, independentisten artean. Gauza bera gertatzen da loialistekin, baina horiek egun ez dute garai hartan zuten pisua eta protagonismoa. Loialisten artean belaunaldi berri bat dago erakundeetan. Horien artean aldaketarik sumatu duzue?

Belaunaldi berria oso urruti dago 1980ko hamarkadetako akordioen izpiritutik. Gehienak Noumea hiriburuko auzo aberatsetatik datoz, eta ez dute ezagutzen gure historia garaikidea, eta kanaken errebolten arrazoiak. Hondartzaren, bulegoen eta Australiarako, Ameriketako Estatu Batuetarako eta Pariserako aireportuen artean daude, eta ez dute ezagutzen herrialde honen errealitatea.

Ez dira ohartzen, denborak aurrera egin ahala, kausa berberek ondorio berberak izango dituztela, eta belaunaldi berri honek aurrekoak bizi izan zuena bizi beharko duela.

Independentisten kasuan, berriz, ez da belaunaldi aldaketarik izan. Zergatik? Aldaketarik sustatuko duzue hirugarren galdeketa posiblearen aurretik edo horren ostean?

Belaunaldi aldaketa kontzeptu europar bat da, ez ozeanikoa, ezta kanaka ere. Ozeanian gaude, eta ozeaniar erara jarduten dugu, nahiz gehienok Frantziako unibertsitateetan ikasi dugun, eta kontzeptu europarrez ito gaituzten. Nahiago dugu tutore edo tutoretza kontzeptua erabili. 1990eko belaunaldiko parte batek karguetan jarraitzen dugu, eta guri dagokigu hurrengo belaunaldiei erreleboa ematea, biekiko errespetua oinarri.

Zaharragoentzat, beharrezkoa baino gehiago da jakituriaren eta praktika politikoaren transmisioa gauzatzea sistema kolonizatzaile eta inperialista anakroniko eta zapaltzailearen aurrean. Transmisio horrek epe bat du: 2022ko urriko erreferendumaren ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.