Kataluniako prozesu subiranista. Mobilizazioak

«Kaleak gureak izango dira beti»

Kataluniako lider independentisten aurkako epaiketa pizgarritzat erabili dute herri erakunde subiranistek kaleko mobilizazioak berriz pizteko. Bartzelonako manifestazio handia etenik gabeko protestaren abiapuntutzat jarri dute

Antolatzaileen arabera, 500.000 herritar elkartu ziren Bartzelonan iragan larunbatean. ALEJANDRO GARCIA.
Carme Porta.
Bartzelona
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Joan den otsailaren 12an, Kataluniako hainbat toki CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek eginiko errepide ixteekin esnatu ziren. Egun horretan hasi zen lider independentisten aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean. Lehenengo astea bete du prozesuak —gaur jarraituko dute saioek—, eta egoera salatzeko lehen manifestazio erraldoiak Bartzelonako kaleak hartu zituen joan den larunbatean. Kaleak gureak izango dira beti leloa hartu zuten berriz independentista askok, 2017ko urriaren 1eko erreferendumera arteko mobilizazioetan egin bezala. Kaleko erantzuna dinamizatu eta sustatzeaz arduratu diren hiru erakunde nagusien iritzia bildu du BERRIAk: CDRena, ANCrena eta Omnium Culturalena.

Sektore batzuek muturreko adar baten gisa ikusten dituzte CDRak, eta kriminalizatu egiten dituzte, Tamara Carrascoren eta Adria Carrascoren kasuetan ikusi bezala —Viladecans hirian konfinatua dute Tamara Carrasco, eta Belgikara ihes egin zuen Adria Carrascok atxilotze agindua saihesteko—. Egoera horri aurre egin nahi diote batzordeek: «Ezin dugu utzi herrialdeak duen egoera normalizatzea, nahiz eta onartzen dugun presoak eta erbestean dauden pertsonak dauzkagula». Ekintza zuzena planteatu dute CDRek: «Lehen egin dugun bezala #QuinaJusticiaDeMerda [a ze kaka zaharra justizia hau] gisako ekinaldiekin, epaiketan salatuko dugu Espainiako Estatuaren jarrera eta haren ustezko justizia iruzur bat direla. Gainera, errepresio bortitz horren konplizeak salatzeko asmoa dugu, Espainiako Estatuko botereak, politikoa, judiziala eta ekonomikoa, elkar hartuta joan baitira».

Epaiketa, aukera bat

ANC Biltzar Nazional Katalana joan den otsailaren 12an hasi zen etenik gabeko elkarretaratze bat egiten Bartzelonako Sant Jaume plazan, eta hilaren 28ra arte eusteko asmoa du. Ekintza eta mobilizazio bateratuen osagarri gisa planteatu du. Idazkaritza nazionaleko kide Josep Cruanyesek uste du mobilizazioak direla modu bakarra «epaiketari aurre egiteko». Haren iritziz, epaiketa da estatuak «politikaren aurrean izan duen erreakzio bat». «Ezin gara geldirik egon. Nahiz eta argi dugun epaiketak ez gaituela inora eramango, demokrazia baztertzen duen estatu baten aurrean mugitu egin behar dugu, ekintza politikoa gauzatzen jarraitu. Erabat beharrezkoa da mobilizazioa, errepresioaren helburua kontrakoa baita, gu geldirik edukitzea».

Omnium Culturalek, berriz, azaldu du, «eskubide zibikoen eta sozialen» defentsaz gain, mobilizatzearen beste helburu bat dela «Espainiako Estatua akusatzea oinarrizko eskubideak urratzeagatik». Elkartearen iritziz, joan den astean hasitako prozesuan «demokrazia» ari dira epaitzen. «Ez dira ari epaitzen akusatuen eserlekuetan dauden pertsonak bakarrik, Kataluniako herritarren zati handi bat ari dira epaitzen, disidentzia politikoaren aurka ari dira. Gure presidentea, Jordi Cuixart, manifestazio batengatik dago espetxean».

Mobilizazio bateratuek elkartu dute jende gehien, higadura politikoa nabaritu bada ere denbora pasatu ahala. Bartzelonan, joan den asteburuan, milaka izan ziren Gran Via gainezka jarri zuten pertsonak. Udaltzaingoaren arabera, 200.000 izan ziren; antolatzaileen arabera, 500.000, eta Jesus Martinez kazetariaren arabera, 380.000 —azaleraren eta dentsitatearen inguruko kalkulua egin ohi du—.

CDRetako ordezkariek esan dute mobilizazio handiak eta udalerrietako txikiagoak uztartuko direla datorren hilabeterako, eta etengabeak izango direla. «Ekintza bateratuak garrantzitsuak dira, baina talde edo erakunde bakoitzak bereak antolatzen ditu norbere izaerari segituz».

Cuixartek honela idatzi du #JoAcuso (nik akusatzen dut) liburuaren atarikoan: «Epaiketak eraldaketa demokratikorako palanka bat izan behar du, autodeterminazioaren eta gure eskubide zibil eta politikoen defentsaren aldeko espresio bat». Adierazpen hori mugimendu independentista osoak babesten du, baina mobilizazioen helburuekin ñabardurak antzematen dira.

Omniumen ustez, «pausoz pauso» joan behar da. «Epaiketan eskatzen duguna absoluzioa da; ez da inongo deliturik egin». Independentistek maiz esan duten bezala, Omniumek ere uste du «partida» Estrasburgon jokatuko dela. «Nahiz eta ez garen alderdi politiko bat, eta ez dugun bide orri bat ezarri nahi, mobilizazioak ezin dira ulertu errepublika eratzeko helbururik gabe: gauza bat bestearekin batera doa».

CDRek ere epaiketa aukera gisa ikusten dute, baina uste dute herritarren agindua obeditu behar dela. «Ezin dugu arreta guztia epaiketan jarri. Urriaren 1ean ez ginen epaiketei buruz mintzatu; bozkatu egin genuen, eta erabaki egin genuen. Borrokan jarraitu behar dugu gobernuak martxan jarri ditzan hautetsontzietan adierazi zen borondateari erantzuten dioten mekanismoak eta egiturak».

Cruanyes ANCkoaren iritziz, epaiketan azpimarratu behar da ez dela «errepresioaren aurkako kontu bat»; uste du erantzun politiko bat eman behar dela, «autodeterminazio eskubidea eta independentzia eraginkor egiteko». «Badakigu kartzelan daudenak edo horra joateko arriskua dutenak ez ditugula aterako oraingo egoera aldatzen ez badugu. Presoak gatibuak dira, eta hori ez da sinbolismo bat, errealitatea da». Mobilizazioen lelo nagusia da Autodeterminazioa ez da delitua, eta, Cruanyesek dioenez, horrek erakusten du «epaiketa baino urrunago» doazela. «Horrela ulertu behar da, esaterako, Europako Batzordearen aurrean eginiko protesta».

Omniumek, berriz, beste gai baten garrantzia aipatu du: desobedientzia zibilarena. Eztabaidaren erdigunean dagoela azaldu du, «estatuak erantzunik ematen ez dion arte herritarren %80k babesten duten eskariari». Botoa ematea da eskari hori, «gatazka politikoa konpontzeko». «Berriro egingo genuke gauza bera, behar adina alditan».

Eskuina eta gatazka zibila

Eskuineko indar politiko batzuek, Ciudadanosek bezala, kalean erakutsi nahi dute gatazka zibil bat dagoela. Carles Puigdemont presidente erbesteratuaren jaioterria bisitatu zuten —Amer, Gironan—, baina herria itxita eta erabat mortu aurkitu zuten. Dolors Bassa kontseilari espetxeratuaren semearen negozioaren aurrean elkarretaratze bat egiten ere saiatu ziren. Sare sozialetan honako gogoeta hau zabaldu da: «Imajinatu 100 independentista Jerez de la Fronterara (Andaluzia, Espainia) joaten direla eta Rufino Arrimadasen etxe parean elkarretaratze bat egiten dutela, hau da, Ines Arrimadasen aitaren etxe parean. Arbuiagarria litzateke. Ba hori egin du hark Puigdemonten senideen etxe parean». Ines Arrimadas Ciudadanosek Katalunian duen burua da.

Gertakari horiekin lotuta, Omniumek eskuin muturrak epaiketan duen presentzia salatu du—Vox alderdia akusazioaren parte da—, baita estatuarekin elkarlanean ari dela ere. ANCk, berriz, #MakeaMove (mugi zaitez) kanpaina hasi du Kataluniako kausa nazioartean zabaltzeko, Peter Gabriel musikari ingelesak utzi dien abesti batekin. CDRei dagokienez, faxismoaren aurka mobilizatu dira, eta manipulazio mediatiko etengabea salatu dute.

Hortaz, kaleak berriro ere politikaren agertoki bilakatu dira. Oriol Junqueras presidenteorde espetxeratuak horrela laburbildu du sare sozialetan: «Botoa ematea ez da delitua, baina hori eragoztea bai. Mila esker denoi Bartzelonako kaleak berriro betetzeagatik, beti bezala, modu baketsu eta zibikoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.