Kala-azar esaten dioten gaixotasunak jada kalte eta galera handiak eragin dizkio Cecilia Illoren familiari, baina, gainera, oraindik arriskuan daude eta ez dute prebentziorako dirurik. Laisamis ospitalean txerto guztiak hartu ondoren ere, umeak sukarra dauka oraindik. Gaixotzen direnean, doako txertoak ematen dizkiete gutxienez bi astez, baina gero hilabeteak behar dira guztiz sendatu arte; zazpi edo gehiago, medikuak esan zienez. «Giltzurrunetan mina sentitzen duzu, eta sabelean; buruak, bizkarrak eta belaunek min ematen dizute, eta indarra falta zaizu», azaldu du Kalonji Galorok, Logloloko herritarrak. Gaixotasun larria da, barne organoen funtzionamenduari erasotzen baitio. Tratamendua jasotzen ez dutenen %95 hil egiten dira.
Komunitateko osasun laguntzaile bik deskribatu dute zer behar dituen komunitateak kala-azarrari aurre egiteko. «Lehenik, intsektizidaz tratatutako ohe sareak erabili behar dira gauez, harea eltxoetatik babesteko. Bigarrenik, bizitokia intsektizidaz busti behar duzu», irakurri du Pamela Segelanek, herritarrei gaixotasunaren berri emateko afixan. Haren lankide Steve Lemorogoren esanetan, komunitateari laguntzeko bidea eltxoak uxatzeko produktuak eta tratatutako sareak banatzea izango litzateke. «Test lasterrak ere bai», erantzun dio berehala Galorok. Baina jada ez dute halakorik: bezperan agortu zirela aitortu du Lemorogok.
Sei urtean bigarren aldia da kala-azarrak Illoren familiari erasaten diola. Aurrekoan 37 injekzio jarri zizkiotela kontatu du Illok. Baina gaitza itzuli egin da, eta oraingoan familiako hiru kide kutsatu dira.
Loglogo kala-azarraren epizentro bihurtu delakoan, osasun publikoaren arduradunek hainbat azterketa egin dituzte, gaitza zenbateraino zabaldua dagoen jakiteko. Illoren etxearen inguruko auzoan begi hutsez ikusezinak diren harea eltxoak dauden egiaztatzeko saretxoak jarri zituzten toki askotan, eta ugari aurkitu zituzten, baita kutsatutako bakan batzuk ere. Eltxoak gaixo dagoen gizakiaren odolaren bidez kutsatzen dira, eta, gero, ziztaden bidez gaixotasuna berriz transmititzen dute.
Osasun txartelik ez
Gaitzaren aurkako txertoak doakoak dira, baina gainerako sendagaiak, kala-azarrak eragiten dituen anemia eta minak tratatzeko behar direnak, norberak ordaindu behar ditu. Hilero bost euro ordainduta eskura daitekeen osasun txartela duenak, ordainketetan eguneratua izanik, merkeago erosi ahal ditu sendagai horiek ospitaleko farmazian, agortuta ez baldin badaude. Baina Galorok Loglogon ezagutzen dituen auzolagun gehienek ez daukate Sha-rik edo osasun txartelik.
Illok ere ez dauka. Ez ditu oraindik 40 urte, eta zazpi seme-alaba hazi ditu. Haren senarra ezin da ibili: hanka moztu zioten garraio publikoan izandako istripu baten ondorioz, eta kalte ordainaren zain daude oraindik. Illok tokiko emakumeen aurrezki taldearen elkartasunari esker ordaindu ditu egunero hartzen dituzten sendagaiak. Berrehun dolar inguru behar zituen. Emakumeen taldeari eskatu zizkion. «Ematen dizute, eta gero itzuli egin behar duzu», azaldu du.
Illoren etxean egunean behin jaten dute. Nerabea bada ere, Michaelek jada eskola utzi du, ahuntzak zaintzeko. Semerik helduena, bigarren hezkuntza bukatzea lortu ondoren, lan bila joaten da egunero zentrora, eta han ematen du eguna, ezer egin gabe gehienetan.
Harea eltxoak zer neurriraino dauden kutsatuak aztertzen ibili ziren ikerlariek Illoren etxean ere jarri zituzten saretxoak. «Han, hemen, nonahi daudela egiaztatu zuten; beraz, Jainkoari laguntza eskatzen diogu», dio Illok.
Etxearen ingurua fumigatu beharko luketela esan zieten, baina hori norberak ordaindu behar du. Hamar bat euroko produktua erosi, eta, gero, etxe barruko eta kanpoko bazter guztiak fumigatu, harea eltxoak hiltzeko. Hilean behin egitea gomendatu zieten. Illok ez du egin orain arte. Ez du nahikoa irabazten. Dirua irabazteko zer lan egiten duen galdetu dio Galorok. Egunero zentrora joaten da, eta hiru aza erosten dizkie autoan etortzen diren saltzaileei. Gero, garbitu eta moztu egiten ditu berriz saltzeko, eta, hala, hogei zentimo eta dolar bat arteko irabaziak lortzen ditu.
Bi urtean %41 kasu gehiago
CDC Gaitzak Kontrolatzeko Afrikako Zentroko zuzendari nagusiak eman ditu datuak, Jean Kaseyak: 2022 eta 2024 bitartean %41 ugaritu dira kasuak, eta azaldu du zergatik: «Agerraldiek osasun sistemen egoera eta horien ahultasuna islatzen dute. Giza baliabideak falta zaizkigu, sei milioi osasun langileren hutsunea daukagu, botikak eta tresnak falta zaizkigu, txertoak, sendagaiak, diagnostikoak… Ehun urtez malariaren aurka aritu ondoren ere, oraindik ez ditugu ohe sareak fabrikatzen».
Erakundeak nabarmendu du Afrikako osasun sistemak sendotzea osasun segurtasun globalaren erronka bat dela. Batetik, Afrikako gobernuak bultzatzen ari da, osasunarekiko konpromiso handiagoa har dezaten; bestetik, finantza arazoak konpontzeko proposamen berritzaileak egiten.
Kala-azarraren agerraldiaren ebaluazio medikoa eskatuta, honela erantzun du: «Duela gutxi Norvegian egon nintzen, Norvegiako Osasun Publikoko Institutu Nazionala bisitatzen; institutu hori Rockefellerrek eraiki zuela esan zidaten, Norvegia oso herrialde pobrea zenean. Gaur egun, Norvegia herrialde aberatsenetako bat da. Jendeak uste du Afrika betiko izango dela pobrea. Akats izugarria da hori pentsatzea. 2.400 milioi pertsonako kontinente bat izango dugu datozen hogei urteetan; munduko merkaturik handiena. Horrek esan nahi du gaur dela inbertitzeko garaia».
Komunitatearen ahalduntzea sendabide
COVIDaren pandemia garaian berriz erabiltzen hasi ziren tokiko sendabelar bat baliatzen dute batzuek kala-azarraren prebentziorako, baita txertoen ordez ere. Izan ere, injekzioek albo kalteak ere badituzte, batez ere helduetan. Emakume bat otsailean hil zen lehen zazpi txertoak hartu ondoren. Sabela handitu zitzaion, eta medikuak tratamendua eten egin zuen, baina hiru egunen ondoren hil zen. Haren senide bati hauxe esan zion medikuak: «Albo ondorioei dagokienez injekzioak minbiziaren aurkako sendagaiak bezalakoak direla». Ospitaleko arduradunek ez dute gomendatzen kala-azarra daukaten gaixoek txertoak utzi eta sendabelar hori erabiltzea.
Beste sintoma bat malnutrizioa eta, maiz, horrek eragiten duen anemia dira. Gaitz horiek gehien jasaten dituztenak familia txiroak dira. Komunitateak bakarrik babesten ditu, tokiko sisteman integratuz bizirauteko betetzen dituzten rol txiki eta neketsuen bidez.