Aljeriako konstituzio erreforma. Soraya Sough. MAKeko bozeramailea

«Kabiliarekiko edozein keinu makillaje hutsa da»

Kabiliako Autodeterminaziorako Mugimenduak ez du kontuan hartu konstituzio erreforma, eta salatu egin du Aljerren errepresio kanpaina: «Aljeriako sistema politikoak aniztasunaren ezeztapena du oinarri».

Adrian Garcia.
2016ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Kabilian ere mesfidati hartu dute Aljerren erreforma saialdia. «Kabiliako herriak ez du beretzat hartzen Aljeriako Konstituzioa». Soraya Sough (1977, Bejaia, Kabilia)MAK Kabiliako Autodeterminaziorako Mugimenduko bozeramaile da, eta Nazioarteko Amazig Kongresuko kide. Erreformak erreforma, amazig herriaren aurkako errepresio kanpainak bere hartan jarraitzen duela salatu du. Aste honetan da jaioterrira joatekoa, MAKen batzar batean parte hartzera. «Betiko ziurtasunikezak hartzen nau hara joatean. Kide asko atxilotu dituzte egunotan, eta ez dakizu inoiz zer gerta dakizukeen».

Aljeriako Parlamentuak onartu du konstituzioaren erreforma. Zer iritzi duzu?

Boterea hainbat klanen iraupenerako batasuna da. Boterea guk erabiltzen dugun adierazpena da, 1962ko independentziaren aurreko eta ondorengo Aljeriako erregimena izendatzeko. Egungo testuinguru geopolitikoan, Libiako, Maliko, Tunisiako eta urrunago Siriako ezegonkortasunak mehatxu egiten dio botereari, eta aldarrikapen politikoak —benetako demokrazia, giza eskubideen errespetua, adierazpen askatasuna...— baretzeko Buteflika klanak konstituzioa erreformatu du zilegitasun eta sinesgarritasunik ezaren konponbide miraritsu gisa.

Amazigera hizkuntza ofizial egiten du konstituzioak, 2002an «hizkuntza nazionala» izendatu ostean. Aurrerapausoa al da?

Botere arabiar-islamista aljeriarrak gure aldarrikapenekiko egindako aldaketa oro odol askoren ordainean izan da. Edonola ere, Buteflikak esan du erreferendumera deituko duela Aljerian gure hizkuntzaren estatusa erabakitzeko. Emaitza erraza da aurreikusten.

Aljerrek herrialdearen aniztasuna kontuan ez duela hartzen salatu du MAKek. Zein da gobernuaren Kabiliarekiko jarrera?

Kabiliako historia garaikidea odolezko hizkietan idatzita dago. 2001ean Udaberri Beltza hasi zen; hiru urtez herritarrek harriekin aurre egin zieten Jendarmeria Nazionalaren balei, haien botere gehiegikerien aurka egiteko. Ehunka gazte exekutatu zituzten gure kaleetan eta mendietan. Kabiliarekiko eta amazigekiko egindako edozein keinu makillaje hutsa da, nazioarteari begira eginikoa. Konstituzio erreforma hau beste adibide bat besterik ez da. Kabiliak Frantzia kolonizatzailearen aurka borrokatu zuen (1954-1962), eta 900.000 amazig hil ziren. Aljeria demokratiko, moderno eta laiko baten alde egin zuen Kabiliak, baina independentziaren lehen unetik erregimen arabiar-islamistak baztertu gaitu.

2001ean sortu zenuten MAK. Hasieran Aljeria barruan autonomia eskatzen zuen mugimenduak. Orain, ordea, estatu baten proiektua du helburu. Nolakoa izan da bilakaera hori?

Udaberri Beltza zaplazteko handia izan zen jende askorentzat, uste baitzuten egunen batean kolonizatzaile frantsesetik askatutako Aljeriak merezitako tokia eta tratamendua emango zigula. Baina ez da horrela izan. Eta argi dago ez dela horrela izango. Aljeriako sistema politikoa herrialdearen aniztasun linguistikoaren, kulturalaren eta erlijiosoaren ezeztapenean oinarritzen da. Pentsamendu eta kultura uniforme bat ezarri nahi du Aljerrek, eta amazigen nortasunaren aurka errepresio sistematikoa bultzatzen du. Gure aldarrikapenak bilakaera natural bat izan du.

Laikotasuna da zuen printzipioetako bat. Haatik, talde islamista ugarik erasoak egin, eta baseak ezarri dituzte Kabilian.

Gu gerarazteko boterearen amarru bat da. Nazioartean gure izena zikindu nahi du gobernuak, terroristak garela sinetsarazteko. Gure lurraldean egunero operazio militarrak egiten dituzte jihadisten aurka. Baina jihadistek gure lurraldean ez dute ez babes logistikorik, ez ideologikorik, ez eta jarraitzailerik. Nola egon daitezke, beraz, horrenbeste talde jihadista? Botereak armatutako eta ezarritako taldeak dira. Terrorismoaren aurkako borroka gure herritarren aurka egiteko aitzakia gisa erabiltzen dute. Babesgabe gaude. Armadak astero exekutatzen ditu herritarrak kaleetan, susmagarriak direnaren aitzakian.

Uko egiten diozue hauteskundeetan parte hartzeari. Zergatik?

Diktadura baten pean bizi gara, eta debekatu egiten digute erakunde propioak izatea. Ezin ditugu gure alkateak eta gure gobernatzaileak hautatu, presidenteak hautatzen baititu aldez aurretik. Horrela haren sokakoak direla bermatzen du: arabiar-islamistak, amazigak gorrotatzen dituztenak. Horregatik, Aljeriako Estatuaren ekitaldi ofizialetan, hauteskundeetan esaterako, parte hartzea denbora galtzea iruditzen zaigu. Parte hartuko bagenu, erregimenari zilegitasuna emango geniokeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.