ERC Esquerra Republicana eta JxC Junts Per Catalunya negoziatzen aritu dira asteburuan, Kataluniako Gobernuaren barruko krisia konpondu nahian. Bi alderdietako buruzagitzak, ordea, ez dira ados jarri. Jordi Turull JxCko idazkari nagusiak atzo salatu zuen Pere Aragones Generalitateko presidenteak ez duela «inolako borondaterik» akordio bat egiteko: «Konpontzeko helburua izan dugu, baina ERCk esan digu ez dagoela ezer hitz egiteko».
Bi alderdi independentista nagusien arteko negoziazioek fruiturik eman ez dutenez, JxCko 6.000 militante ingururen esku dago gobernuaren etorkizuna. «Junts Per Catalunyak Kataluniako Gobernuan jarrai dezan nahi duzu?»: hori galdetuko die JxCko buruzagitzak alderdiko militanteei ostegunean eta ostiralean egingo duten kontsultan. Galdeketaren emaitzak jaso bezain pronto jakinaraziko du JxCk, ostiralean, Kataluniako Gobernuaren parte izaten jarraituko duen edo ez. Alderdiko buruzagiak «neutral» mantenduko dira, idazkari nagusiaren arabera.
«Zaila» gobernuan segitzea
Legealdirako gobernu akordioa betetzeko proposamen sorta bat helarazi zion ostiralean JxCk Aragonesi, baina Generalitateko presidenteak ez zuen onartu, argudiatuta ez dagoela «akordiorako borondaterik». Horren ondorioz, JxCk malgutu egin zuen proposamen sorta, igandean. Jordi Puignero Generalitateko presidenteorde kargura itzultzea ez da baldintza bat dagoeneko, Puignerok berak atzo jakinarazi zuenez. Hala ere, gehitu zuen «oso zaila» izango dela Generalitatean segitzea: «ERCk ez gaitu gobernuan eduki nahi».
Turullek adierazi zuen bi aldeen arteko akordioa lortzea dela JxCren «borondatea», eta horregatik egin diela uko hainbat baldintzari. Dena den, Aragones «ez du ase» JxCren proposamen malguagoak. Are, ERCko eledun Marta Vilaltak atzo esan zuen bere alderdia prest dagoela «bakarka» gobernatzeko. Proposamena malgutu izana «aitzakia» bat da Vilaltarentzat: «JxCren zati nabarmen bat hasieratik ari da gobernua hausteko lanetan».
JxCko idazkari nagusiak, berriz, aitortu zuen «indar guztia» egin duela akordio bat lortzeko. «Ez dut lortu», gehitu zuen.
Bestalde, Generalitateko presidenteak esana du koalizioak aurrera jarraitzea «lehentasuna» dela beretzat, baina «akordiorako borondatea» duen proposamen «serio» bat eskatu dio JxCri. Turullek, berriz, erantzun zion «serioa» zela igandean helarazitako proposamen berria.
Puignero presidenteorde kargura itzultzeko eskatzen ez dutenez, hiru dira JxCren eskariak Kataluniako Gobernuan segitzeko.
Lehenik, Errepublikaren Kontseiluak zuzendu beharko du independentzia prozesuaren estrategia, JxCren arabera, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak urriaren 1ean egindako ekitaldian esan zuen moduan. «Azaroaren 15a baino lehen bildu beharko du», esan zuen atzo JxCko idazkari nagusiak. Puigdemont du buru Errepublikaren Kontseiluak, Kataluniaren «erbesteko gobernua» izateko sortu zuten eta.
Bigarrenik, Kataluniako independentistek fronte bateratua osatu beharko dute Espainiako Gorteetan —besteak beste, aurrekontuak negoziatzeko—.
Hirugarrenik eta azkenik, Espainiako Gobernuarekin abiaturiko elkarrizketa mahaiaren «ikuspegia birpentsatzeko» eskatu du JxCk. Kataluniako Gobernuak eta hura babesten duten talde parlamentarioek osatu beharko lukete elkarrizketa mahaia, Turullen arabera. «Elkarrizketa mahaian bi alor baino ez lituzkete jorratu beharko, JxCren arabera: amnistia eta autodeterminazio eskubidea.
JxCko militantziaren esku dago Kataluniako Gobernuaren etorkizuna, baina alderdiaren barruan denetariko posizioak dituzte. Bi sektore nagusitzen dira JxCn. Laura Borras alderdiko presidentea eta Puigdemont buru dituen sektorea Kataluniako Gobernutik irtetearen alde dago, eta Turullen eta Generalitateko zenbait kontseilariren Jaume Giro eta Victoria Alsina, esaterako inguruko sektoreak, berriz, gobernuaren parte izaten jarraitu nahi du.
Aragonesek argitasun akordio baterako proposamena babestea galdegin zien JxCri eta CUPi, urriaren 1ean egin zuen hitzaldian. Autodeterminazioaren aldeko akordio zabal bat lehenesten du, «nazioartearen babesa» eskuratzeko.
«Osteguna baino lehen erabaki bat hartzeko» eskatu dio En Comu Podem koalizioak Aragonesi. Izan ere, koalizio horrekin ari zen Generalitatea aurrekontuak negoziatzen Ekonomia kontseilaria Jaume Giro da, JxCkoa, baina En Comu Podemek «izoztu» egin ditu negoziazioak.
JxCk salatu du ERCk ez duela ados jartzeko «inolako borondaterik»
«JxCk Kataluniako Gobernuan jarrai dezan nahi duzu?», galdetuko die buruzagitzak militanteei ostegunean eta ostiralean egingo duten kontsultan. ERC prest dago «bakarka» gobernatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu