Katalunia eta Galizia

JxCk eta ERCk Bartzelonan elkarrekin gobernatzeko nahia adierazi dute, beste aukerak baztertu gabe

Triasek esan du hiriburuko alkate izango dela, eta errepublikanoak «gertu» nahi dituela. Independentismoak, oro har, behera egin du Katalunian: 350.000 boto galdu ditu.

Xavier Trias (JxC), atzo gauean, garaipena ospatzen. TONI ALBIR / EFE
ander perez zala
2023ko maiatzaren 29a
13:07
Entzun

Udal hauteskundeetako emaitzen ondoren, arreta handia egongo da jarria Bartzelonan. Xavier Triasek irabazi du, JxC Junts per Catalunyaren hautagaiak, 149.235 boto eta 11 zinegotzi (+6) bilduta, eta atzetik gertu geratu da PSC Kataluniako Sozialisten Alderdia, 131.735 boto eta hamar ordezkari (+2) lortuta; Ada Colau 2015etik honako alkatea buru zuen zerrenda (Catalunya En Comu-Podem), berriz, oso gutxigatik izan da hirugarren, PSCk baino 140 boto gutxiago jaso baititu, bederatzi aulkirekin (-1) geratzeraino. Ezkerreko hiruko koalizio baterako aukera hizpidera ekarri duten honetan, Triasek alkate izango dela adierazi du gaur ere, eta ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoarekin ados jartzeko nahia erakutsi du; eta, lehenago, gauza bera esan du ERCren hautagai Ernest Maragallek, JxCz aritu denean. Hori bai, bietako inork ez ditu baztertu gobernabidea bermatzeko beste aukerak. Paisaia, hortaz, ez da argitu bozen biharamunean.

Triasek, RAC1 irratiari emandako elkarrizketa batean, adierazi du Bartzelonak «gobernu indartsu bat» behar duela, aurrez Maragallek La2i eta Radio 4ri esandakoari keinu eginez, ERCkoak esan baitu «gobernu egonkor bat» nahi duela Kataluniako hiribururako. Errepublikanoen hautagaiak «iniziatiba hartzeko» eskatu dio JxCkoari, eta hori egiteko asmoa berretsi du Triasek; ezkerreko alderdi independentista, gainera, «gertu» izan nahi du, «beti».

Bartzelonan gehiengo osoa 21 zinegotzitan dago, eta, ERCren babesa gehituta —bost ordezkari izango ditu, aurreko legealdian baino bost gutxiago—, JxCkoak oraindik ere bost boto beharko lituzke eserlekuen erdiak baino gehiago lortzeko. Edonola ere, Triasek zera du aldeko: haren kontrako gehiengo alternatiborik ez bada, boto gehien jaso duen zerrendaren hautagaia aukeratuko luketela alkate. Hau da, JxCkoa.

Aukera horri begira, PSCren alkategai Jaume Collboni saia liteke Catalunya En Comu-Podemekin eta ERCrekin ezkerreko koalizio bat osatzen, eta badirudi hori dela Collboniren asmoa. Hortaz, hala balitz, ikusteko dago ERCk zer lehenetsiko lukeen; Maragallek ez du aukerarik baztertu gaurko elkarrizketan, baina iradoki du JxCrekin negoziatu nahi duela lehenik.

Edonola ere, oro har, errepublikanoen alkategaiak helarazi duen ideia da oraindik ere denbora behar dutela hurrengo pausoa erabakitzeko, nahiz eta atzo gauean PSCren hautagaiak eskua luzatu zien «garapeneko eta egonkortasuneko etapa berri bat» irekitzeko. Eta zeresana eman du Oriol Junqueras ERCren presidenteak gaur esandakoak: «Ez dugu ez interesik ez borondaterik Bartzelonako alkatetza PSCri emateko. Beti esan dugu hori».

Sozialisten eta errepublikanoen arteko harremana ez da oso ona, baina baliteke azkenean ados jartzea interes politikoek bultzatuta; are gehiago, kontuan harturik Catalunya En Comu-Podemekoek ere Bartzelonako gobernuan jarraitzea lehenesten badute, nahiz eta indar txikiagoarekin izan eta alkate postua gabe. Agintari berriak, hori bai, hauteskundeek zatituriko hiri bat gobernatu beharko du.

Eta emaitza orokorrei begira, JxCk Bartzelonan gora egin badu ere, independentismoak, oro har, behera egin du, ERCren Kataluniako hiriburuko babesak islatzen duen modura. Zehazki, independentziaren aldekoek 350.000 boto inguru galdu dituzte hauteskundeotan, eta, horren ondorioz, PSCk herri eta hirietako hegemonia berreskuratu du.

Ripoll herriko emaitzek ere arreta piztu dute, Aliantza Katalana eskuin muturreko indar independentistak bildu baitu ordezkaritzarik handiena, eta haren aldeko babesak gora egin baitu, batez ere iparraldean eta barnealdean. Antzeko ideologia duen Kataluniako Fronte Nazionalak La Masoko alkatetza lortu du, eta ordezkaritza lortu du Manresan ere, esaterako.

Badalonan, berriz, gehiengo osoa lortu du PPCko Xavier Garcia Albiolek.

BNG, hurrengo bozetara begira

Ana Ponton BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren bozeramaile nazionala pozik agertu da BNGk lortu dituen emaitzengatik, eta argudiatu du udal bozetan izandako babesak frogatzen duela Galizian gobernatzeko aukera izango dutela. «Lan egingo dugu gure herrialdeari mugak ezartzen ez dizkion presidente bat izateko», esan du gaurko agerraldian.

Galizian urtebete barru egingo dituzte parlamenturako hauteskundeak, eta, Pontonen ustez, BNG «prest» dago «garai berri bat irekitzeko». 2020ko bozetan sekulako gorakada izan zuen alderdi independentistak, eta oposizioko lehen indarra bilakatu zen; orain, BNGren bozeramaile nazionalak uste du udal hauteskundeak bultzada bat izan direla 2024an irabazi ahal izateko. «[Galiziako Xuntako presidente Alfonso] Ruedak nahi duenean deitu ditzake herritarrak [bozkatzera]. PPren alternatiba gara», esan du Pontonek.

Galiziako hirietako emaitzak aztertuz gero, badirudi BNG eta PSdeG Galiziako Alderdi Sozialista ados jarriko direla bata bestearen alkatetzak bermatzeko. Independentistek Pontevedrari eutsiko liokete, eta hiriburuan, Santiago de Compostelan, alkate kargua ere izango lukete, kasurako.

Oro har, BNGren ordezkari kopurua lehen halako bi da Coruñan eta Ourensen, eta lehen halako hiru Vigon eta Santiagon; gainera, alderdiak gora egin du Ferrolen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.