Espainiako Gobernuak JxC Junts Per Catalunyarekin adostu du kutsu sozialeko hainbat neurri biltzen dituen dekretu bat egitea. Trukean, Kataluniako alderdi independentista horrek planteatu bezala, PSOEk konpromisoa hartu du Kongresuak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari buruzko konfiantza mozio bat tramitatu dezan. Horrek ez du esan nahi, ordea, azkenean konfiantza mozio batera deituko dutenik, soilik gobernuburuak baitu hori egiteko ahalmena.
Ministroen Kontseilua egin du gaur Espainiako Gobernuak, eta Sanchez hedabideen aurrean mintzatu da ondoren. «Aurreratu diezazueket gobernuak orain ez duela beharrezkotzat jotzen konfiantza mozio bat», azpimarratu du. Duela aste batzuk, argudiatuta PSOE ez dela ari betetzen bi aldeek 2023ko azaroan sinatutako legegintzaldirako ituna, JxCk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Kongresuko Mahaian: Sanchezi eskatu zion konfiantza mozio batera aurkezteko. Kongresuko Mahaiak, baina, bi aldiz atzeratu du auzi horri buruzko erabakia; alegia, legez besteko proposamena tramitatuko duen ala ez. Gaur adostutako akordioak bidea irekiko lioke Kongresuan bertan konfiantza mozioaz eztabaidatzeari.
JxCren iturriak aipatuz Espainiako eta Kataluniako zenbait hedabidek kaleratu dutenez, ñabardura juridikoak egingo dizkiote legez besteko proposamenari, eta neurri batean berria izango den testu bat aurkeztuko dute Kongresuako Mahaian.
Aintzat hartu behar da joan den asteazkenean Espainiako Kongresuak atzera bota zuela gobernuak planteatutako omnibus dekretu bat. Barne hartzen zuen, besteak beste, pentsioak eta bizitzeko gutxieneko diru sarrerak igotzea, garraio publikorako deskontuak ezartzea, argindarra ordaintzeko bonu sozialak jartzea, eta tanta hotzak kalte egindakoentzako laguntzak martxan jartzea. JxCk dekretuaren kontra bozkatu zuen urtarrilaren 22an.
Egun batzuk lehenago, hilaren 17an, Carles Puigdemont JxCren liderrak iragarri zuen eten egin zituztela Espainiako aurrekontuetarako negoziazioak, eta beste kontu batzuei buruz izaten ari ziren aldebiko negoziazioak ere bertan behera utzi zituztela. JxCk gaur jakinarazi du berriro helduko dietela negoziazio horiei.