Udal eta foru hauteskundeak. Katalunia eta Galizia

JxC eta ERC prest agertu dira Bartzelonan elkarrekin gobernatzeko

Triasek adierazi du Kataluniako hiriburuko alkate izango dela, eta errepublikanoak «gertu» nahi dituela. Independentismoak, oro har, behera egin du udal bozetan: 350.000 boto galdu ditu

Trias (JxC) —ezkerretik bigarrena— eta Maragall (ERC) —erdian— hitz egiteko prest daude elkarrekin gobernatzeko. EFE.
ander perez zala
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Udal hauteskundeetako emaitzen ondoren, arreta handia egongo da jarria Bartzelonan. Xavier Triasek irabazi du, JxC Junts Per Catalunyaren hautagaiak, 149.235 boto eta 11 zinegotzi (+6) bilduta, eta atzetik gertu geratu da PSC Kataluniako Sozialisten Alderdia, 131.735 boto eta hamar ordezkari (+2) lortuta; Ada Colau 2015etik hona alkatea buru zuen zerrenda (Catalunya En Comu-Podem), berriz, oso gutxigatik izan da hirugarren, PSCk baino 140 boto gutxiago jaso baititu, bederatzi aulkirekin (-1) geratzeraino. Ezkerreko hiruko koalizio baterako aukera hizpidera ekarri duten honetan, Triasek alkate izango dela adierazi zuen atzo ere, eta ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoarekin ados jartzeko nahia erakutsi zuen; eta, lehenago, gauza bera esan zuen ERCren hautagai Ernest Maragallek, JxCz aritu zenean. Hori bai, bietako inork ez zituen baztertu gobernabidea bermatzeko beste aukerak. Paisaia, hortaz, ez da erabat argitu bozen biharamunean.

Triasek, RAC1 irratiari emandako elkarrizketa batean, adierazi zuen Bartzelonak «gobernu indartsu bat» behar duela, aurrez Maragallek La2i eta Radio 4ri esandakoari keinu eginez, ERCkoak esan baitzuen «gobernu egonkor bat» nahi duela Kataluniako hiribururako. Errepublikanoen hautagaiak «iniziatiba hartzeko» eskatu zion JxCkoari, eta hori egiteko asmoa berretsi zuen Triasek; ezkerreko alderdi independentista, gainera, «gertu» izan nahi du, «beti».

Bartzelonan gehiengo osoa 21 zinegotzikoa da, eta, ERCren babesa gehituta —bost ordezkari izango ditu, aurreko legealdian baino bost gutxiago—, JxCkoak oraindik ere bost boto beharko lituzke eserlekuen erdiak baino gehiago lortzeko. Edonola ere, Triasek zera du aldeko: haren kontrako gehiengo alternatiborik ez bada, boto gehien jaso duen zerrendaren hautagaia aukeratuko luketela alkate. Hau da, JxCkoa.

Aukera horri begira, PSCren alkategai Jaume Collboni saia liteke Catalunya En Comu-Podemekin eta ERCrekin ezkerreko koalizio bat osatzen, eta badirudi hori dela Collboniren asmoa. Hortaz, hala balitz, ikusteko dago ERCk zer lehenetsiko lukeen; Maragallek ez zuen aukerarik baztertu atzoko elkarrizketan, baina iradoki zuen JxCrekin negoziatu nahi duela lehenik.

Edonola ere, oro har, errepublikanoen alkategaiak helarazi zuen ideia da oraindik ere denbora behar dutela hurrengo pausoa erabakitzeko, nahiz eta herenegun gauean PSCren hautagaiak eskua luzatu zien «garapeneko eta egonkortasuneko etapa berri bat» irekitzeko. Eta zeresana eman du Oriol Junqueras ERCren presidenteak atzo esandakoak: «Ez dugu ez interesik ez borondaterik Bartzelonako alkatetza PSCri emateko. Beti esan dugu hori».

Hiriburu zatitua

Sozialisten eta errepublikanoen arteko harremana ez da oso ona, baina baliteke azkenean ados jartzea interes politikoek bultzatuta; are gehiago, kontuan harturik Catalunya En Comu-Podemekoek ere Bartzelonako gobernuan jarraitzea lehenesten badute, nahiz eta indar txikiagoarekin izan eta alkate postua gabe. Agintari berriak, hori bai, hauteskundeek zatituriko hiri bat gobernatu beharko du.

Eta emaitza orokorrei begira, JxCk Bartzelonan gora egin badu ere, independentismoak, oro har, behera egin du, ERCren Kataluniako hiriburuko babesak islatzen duen modura. Zehazki, independentziaren aldekoek 350.000 boto inguru galdu dituzte hauteskundeotan, eta, horren ondorioz, PSCk herri eta hirietako hegemonia berreskuratu du.

Ripoll herriko emaitzek ere arreta piztu dute, Aliantza Katalana eskuin muturreko indar independentistak bildu baitu ordezkaritzarik handiena, eta haren aldeko babesak gora egin baitu, batez ere iparraldean eta barnealdean. Antzeko ideologia duen Kataluniako Fronte Nazionalak La Masoko alkatetza lortu du, eta ordezkaritza lortu du Manresan ere, esaterako.

Badalonan, berriz, gehiengo osoa lortu du PPCko Xavier Garcia Albiolek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.