JxC alderdiko kide zenbaitek Puigdemont laguntzeaz errudun jo dute beren burua

Errepublikaren Aldeko Kontseiluak kanpaina bat abiatu du presidente ohiak Bartzelonan egindako ekitaldian izandako «atxiloketa arbitrarioak» salatu eta kaltetuei «elkartasuna» adierazteko.

Puigdemont Bartzelonan azaldu zen eguna, abuztuaren 8a, JxC alderdiko kide ugariz lagunduta. QUIQUE GARCIA / EFE
Puigdemont Bartzelonan azaldu zen eguna, abuztuaren 8a, JxC alderdiko kide ugariz lagunduta. QUIQUE GARCIA / EFE
nerea intxausti
2024ko abuztuaren 14a
22:10
Entzun

JxC Junts Per Catalunya alderdiko hainbat kidek idatzi bat bidali dute Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusira eta Espainiako Auzitegi Gorenera, eta onartu Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidentearen inbestidura egunean Carles Puigdemonten ekitaldian parte hartu zutela. «Lagundu egin genion, babestu egin genuen eta berarekin egon ginen joan zen arte», adierazi dute idatzian. Alderdiko parlamentariek eta senatariek ziurtatu dute ez zutela deliturik egin; aldiz, gaitzetsi egin dute «epaile prebarikatzaile batzuek amnistia legea ez aplikatu izana».

Errepublikaren aldeko Kontseiluak, bestalde, kanpaina bat abiatu du, eta salatu dute jendea «bereizi gabe» jazarria izan zela Puigdemont Bartzelonara itzuli zen egunean —abuztuaren 8an—, eta «atxiloketak arbitrarioak» egin zituztela. «Errepresioa eta jazarpena» salatu dituzte, eta esan dute kanpaina abiatu dutela kaltetuei «erresistentzia eta elkartasuna» adierazteko. Izan ere, Mossos d'Esquadrako buruzagi politikoek mosso batzuk soldatarik gabe utzi zituzten, ustez presidente ohiari ihes egiten lagundu ziotelako.

Idatzia sinatu dutenen artean daude, besteak beste, Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidentea, Albert Batet JxCk Kataluniako Parlamentuan duen bozeramailea eta Miriam Noguerasek alderdiak Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. Horiez gain alderdiko beste kide batzuek ere bat egin dute kanpainarekin, esaterako, Laura Borrasek eta Jordi Fabrega diputatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.