Justiziaren balantzak Egipton

Hosni Mubarak errugabetu berri duen sistema judizial berak Mohamed Mursi epaituko du bihartik aurrera. Eta ez dirudi bi presidenteek patu bera izango dutenik. Al-Sisik agintea hartu zuenetik, ondo lotuta dauzkate epaileak, eta oso ugariak dira epaiketa masiboak eta neurri gabeko zigorrak.

Kairo
2015eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Bihar akusatuen aulkian eseriko da Mohamed Mursi,Qatarri eta Al-Jazeera telebistari milioi bat dolarren truke ezkutuko informazioa saldu izana egotzita. Laugarren auzia izango du estatu kolpe batek 2013ko uztailaren 3an agintetik kenduarazitako presidenteak. Fiskaltzaren arabera, Egiptok inoiz ezagututako «traizio eta espioitza kasurik larriena» epaituko dute. Salaketa hori aurrez hasiak dituen hiru auzibideei gehituko zaie. Auzibide horiek ez dute zerikusirik elkarrekin, eta behin eta berriro atzeratzen ari dira. Egiptoko agintea erorarazteko atzerriko herrialdeekin (Iran) konspiratzeagatik, espetxetik ihes egin eta 2011ko iraultzan Poliziaren egoitzei eraso egiteagatik, eta 2012ko abenduan Presidentetza jauregiaren aurrean izandako istiluetan hamar manifestari hiltzea sustatzeagatik ere epaitzen ari dira Mursi, Anaia Musulmana.

Eta Mursi —oraindik Egiptoko presidente zilegia, bere ustetan— urtebeteko agintaldiagatik amairik gabeko auzibideei aurre egiten ari zaien bitartean, haren aurreko presidentea, Hosni Mubarak, errugabetzat jo eta libre utzi dute. Magistratuak, Mubarak zigortu zuteneko epaia berriro egin ostean, ebatzi zuen ez zuela erantzukizunik iraultza garaiko manifestarien hilketetan. Horrela, garai hartako zortziehun heriotza baino gehiago zigorrik gabe geratu dira. «Mubarak epaitzea, zahartua baitago, historiaren eta epaile guztien epailearen esku utziko dugu: Zuzenaren esku [Jainkoa]; hark galdetuko dio bere agintaldiari buruz», esan zuen magistratuak.

Egiptoko iraultzaren osteko urteetan 3.000 pertsona baino gehiago hil diren arren indarkeriaz, oso polizia gutxi espetxeratu dituzte, eta maila apalekoak. Rabaa al-Adawiyan 2013ko abuztuan izandako sarraskian, esate baterako, etorkizuneko gertakarientzako ohartarazpen soil batekin itxi zuen ikerketa batzorde batek. Egun hartan 640 pertsona hil ziren gobernuaren arabera, eta mila inguru Human Rights Watchen arabera, kargutik kendutako presidentearen aldeko kanpalekuak desegitean.

Abdel Fattah al-Sisi Defentsa ministroak —egun Egiptoko presidente denak— gidatutako estatu kolpearekin hasi zen sistema judiziala, hain justu, oposizio oro zanpatzen. Ordura arte, auzitegiak bigarren mailan zeuden. Junta militarraren urteetan, kalean ia poliziarik ere ez zela, armadak partitu zuen justizia. Eta 10.000 epaiketa militar baino gehiago izan ziren Mubaraken agintaldian. Mursik, berriz, erronka jo zien magistratuei; eta galdu egin zuen. Abdel Megid Mahmud fiskal nagusia kargutik kendu zuen, eta grebara jo zuen Epaileen Klubak. Estatu kolpearen bezperan, Mahmud, Mubaraken garaitik fiskal nagusi izana karguan ezarri zuen berriro Egiptoko Kasazio Auzitegiak.

Mendekua

Mubarak erortzean, duela lau urte, ez zituzten berritu ez Barne Ministerioa eta ez sistema judiziala, Mursi saiatu egin zen arren. Estatu aparatua osorik mantendu zen, eta Al-Sisirekin indar betean azaleratu zen berriro. Kaltetuenak Anaia Musulmanak eta haien jarraitzaileak izan dira: sorgin-ehizaren ondotik, 40.000 baino gehiago espetxeratu dituzte.

Jazarpen horren erakusle, Minyako epaile batek 529 heriotza zigor jarri zituen iazko martxoan, polizia baten hilketagatik eginiko makroepaiketa batean; zigor horietatik 37 berretsi zituzten. Eta epaile berak, hilabete geroago, 683 heriotza zigor eskatu zituen, eta 183 berretsi egin zituzten. Horien artean zegoen Mohamed Badie Anaia Musulmanen buruzagi nagusia. Asteazken honetan, hala ere, epaiketa berriro egiteko agindu du Kasazio Auzitegiak.

Egiptoko sistema judizialaren arabera, auzi saioan akusatua agertzen ez denean —ohikoena hori izaten da epaiketa masiboetan— zigorrik gogorrena ezartzen zaio. Baina fiskalak Kasazio Auzitegira bideratzen du ebazpen hori automatikoki, eta horrek epaiketa berriro egiteko agindu dezake. Zigor epaia berretsiko balute ere, defentsak epaiketa berriro egiteko eska dezake. Horregatik, Mursiren kontrako estatu kolpearen ondoren ebatzi dituzten zigorrak oraindik ez dira behin betikoak. Halaber, zigorra heriotza denean, Mufti handiak —Egiptoko erlijio agintari gorenak— oniritzia eman beharra dauka betearazi aurretik.

Iraultza hesi artean

Islamistak ez dira, dena den, Egiptoko sistema judizialak zanpatu dituen bakarrak. Hainbat iraultzaile, ekintzaile eta blogari ere zigorra betetzen ari dira, manifestazioetan parte hartzeagatik. Iragan astean, esaterako, 230 pertsona bizi guztiko espetxera zigortu zituen epaile batek, 2011n junta militarraren kontrako protesta batean hemezortzi lagun hil ziren istiluengatik. Bizi guztiko espetxera zigortu arren, auzipetutako inori ez diote leporatzen hilketarik; eta segurtasun indarretako kide bakar bat ere ez dago auzipetuen artean.

Bizi guztiko 230 espetxe zigor jarri dituen epaileak berak, Mohamed Nagy Xehatak, bi egun lehenago 183 heriotza zigor berretsi zituen. Kerdasako polizia etxeari egindako eraso batean segurtasun indarretako hamalau kide hil zituzten, eta ondoko egunetan atxiloketa arbitrarioak egin zituen Poliziak. Atxilotu horiexek dira hiltzera zigortutakoak.

Xehatak berak zigortu zituen Al-Jazeerako kazetariak —ostegunean bermea ordainduta aske utzi zituzten azken biak—, eta 27 aldiz atzeratu du Mohamed Sultanen auzi saioa: preso politiko egiptoar-amerikarra kargurik gabe atxilotu zuten duela 400 egun baino gehiago, Anaia Musulmanetako buruzagi baten semea delako.

«Epaile hori beti erabaki politikoaren zain egoten da, eta esku artean dituen auzien dokumentazioa begiratu ere ez du egiten». Hala mintzo dena Afifi al-Ahmar abokatua da, Hixam Mubarak laguntza bulegoko kidea: Xehatak epaitutako auzi batzuetan parte hartua da. «Ahozko saioetan aurkezten dituzten frogak komedia beltza dira. Alaa Abdel Fattah 15 urtera zigortu zuten manifestazio batean parte hartzeagatik, eta, froga gisa, emaztearekin ageri zen bideo pribatu bat aurkeztu zuten».

Arazoa, ordea, orokorra da. «Egipton ez dago justiziarik», dio Afifik. Areago: «Epaileak gobernuaren aginduen zain egoten dira». Normala da, horrela, auziak ia amaierarik gabe luzatzea, behin eta berriro atzeratzea. Iritzi berekoa da Karim Abd el-Rady ere, Giza Eskubideen Informaziorako Arabiar Sareko abokatua: «Epaileak estatuaren kontrolpean daude erabat».

Mohamed Mahmud abokatuak, berriz, uste du epaileak «estatuari leial» zaizkiola, besterik gabe, eta horren arabera ematen dituztela epaiak, agindu politiko zuzenik jaso beharrik gabe. Sistema judiziala independentea denik ez du uste, ordea, Mahmudek, «erretiroa hartu ondoren epaileak ministro edo gobernadore izan baitaitezke». Adibide gisara, Adli Mansur bera: Auzitegi Konstituzionaleko epailea Egiptoko presidente kargura pasatu zuten militarrek estatu kolpea ematean, eta auzitegira itzuli zen Al-Sisi Egiptoko presidente izendatu zutenean.

Nolanahi dela, Egipton egin diren makroepaiketa guztiek orban bera izan dute: abokatuek eta giza eskubideen aldeko elkarteek —tokikoek eta nazioartekoek— adierazi dute ez dagoela berme prozesali. Epaiketa masiboak, asmatutako karguak, frogarik eza, motibazio politikoa... Traza berekoak izan dira Egiptoko epaiketa handi horiek. Baina gobernua sumindu egiten da independentzia judiziala auzitan jartzen den aldiro, eta prentsa agiri bat prest izaten du halakoetarako: «Hainbat herrialde eta erakunde tematuta daude Egiptoko auzitegien ebazpenekin, jakina izanik ere zeinen objektiboak eta aratzak diren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.