Afrika iparraldeko etnia bat dira amazigak, eta hizkuntza, identitate eta kultura propioa dituzte. Amaziga da Milouda El Hankari (Al-Hoceima, Maroko, 1968), eta ama hizkuntza indartzeko lanean ari da aspalditik. Hilabete bateko egonaldia egin zuen Aretxabaletan (Gipuzkoa), Garabide elkarteak gonbidatuta.
Marokoko Rif eskualdetik zatoz. Nolakoa da amazigen presentzia han?
Marokon, estatistiken arabera, %40k hitz egiten dute amazigera; baina aniztasun handia dago horretan. Marokon, esaterako, amazigera idazteko hiru sistema daude: iparraldekoa, erdialdekoa eta hegoaldekoa. Herria amazig kulturaren alde mobilizatzen hasi zen, gure nortasuna aldarrikatzeko eta gure hizkuntza errespeta dezatela eskatzeko. Jendearen borondatea eta aldaketarako grina ikusita, 2001ean IRCAM sortu zen, Amazig Kulturaren Errege Institutua. Nolabaiteko segurtasuna eta seriotasuna eman ziguk horrek; izan ere, ordura arte ez genuen sekula aukerarik izan erakunde formalik edukitzeko. Hartu beharreko lehen erabakia alfabetoarena zen, hau da, gure hizkuntza zein alfabetotan erakutsiko genuen aukeratzea. Hiru aukera zeuden: latinoa, arabiarra edo tifinaga. Eztabaida luzeak egin ondotik, erabaki zuten tifinag alfabetoa erabiliko zela irakaskuntzarako.
2011n, Marokok «irakaskuntzarako ofizialki onartua» izendatu zuen amazigera
Bai, paperean behintzat bai. Orduan hasi zen tifinag alfabetoa zabaltzen, baina gaizki atera zen. Nik zinez maite dut tifinaga, oso gurea da, eta berezia izango da beti, baina oso-oso zaila da. Amazigak gauden lekuari Tamazga deitzen zaio, eta eremu handia hartzen du: Egiptotik hasi eta Libia, Aljeria, Tunisia, Maroko, Mauritania, Mali, Niger eta Burkina Fasoraino. Bakoitzak bere amazigera propioa darabil, eta, guk ia berriz ikasi behar izan dugu nola hitz egin. Galtzen ari den hizkuntza batek bultzada bat behar du, laguntza, eta alfabeto zail batek ez dio halakorik emango. Haurrek ez dute hizkuntza ikasi nahi zaila egiten zaielako, eta helduek ere nahiago dute latinoa erabili. Guzti-guztiek ezaguna dute alfabeto latinoa; hura aukeratu izan bagenu, askoz ere hiztun gehiago ginateke orain. Geroz eta gutxiago egiten da amazigeraz, eta, gainera, ez da hiztunik sortzen. Nik ez dakit hori ondo edo gaizki dagoen, baina badakit ez duela emaitza onik eman.
Zer eskatzen dute amazigaren aldeko ekintzaileek?
Orain, alfabeto latinoa lortzea da aldarri nagusia. Alfabeto hori ezartzeak hizkuntzaren beraren bidea erraztuko du, eta bizirik iraunarazi. Oso aldarri xumea da, ez? Guk oraindik gauza txikiekin amestu behar dugu. Ez dago independentzia aldarririk, gehiago dira ekonomikoak, sozialak eta identitarioak. Uste dut horrek geroago etorri behar duela. Orain, eskatzen dugu hezkuntza, osasun zerbitzua, errepideak eta ekonomia hobetu daitezela. Justizia nahi dugu, nazkatuta baikaude ahantziak izateaz.
Galtzen ari den hizkuntza batek bultzada bat behar du, laguntza, eta alfabeto zail batek ez dio halakorik emango
Arabizazioak ere eraginen du horretan.
Bai, asko. Orain erabiltzen gaituzte interes kultural modura. Gure folklorea erakusten dute, baina hori bakarrik. Arabizazioak gure kultura tapatu egiten du, nahiz eta euren intereserako nahi duten zatia erakusten duten. Arabizazioak eragina du identitatean, izaeran, festetan, hizkuntzan eta erlijioan, besteak beste. Uniformeak izatea nahi dute: denak arabiarrak izatea. Horretarako, noski, gurea ukatu eta debekatu nahi dute. Gu erresistentzia gisara kokatzen gara. Ez diogu inori utziko zapaldu gaitzaten, baina den-dena ez dago gure esku, eta indar handia falta dugu horri aurre egiteko.
Irakaskuntzatik kanpo, hizkuntza ofiziala da?
Berez bai, eta eskerrak paper ofizial batek hala dioen. Kontua da jendeak ez duela sinesten, eta askotan ez dakiela amazigeran aritzeko eskubiderik duenik ere. Bidea egiten ari gara oraindik. Epaitegi batean, adibidez, hizkuntza ofiziala izanagatik ere ezin dugu itzultzailerik eskatu, hori urrun dago oraindik. Administrazio publikoari ere ezin zaio amazigeran egin, ez dute ulertzen. Legeak eta errealitatea gauza desberdinak izaten dira askotan, eta gureak ere ez du behar lukeen garapenik eduki. Iraganera begiratuz gero aldaketa handiak ikusten dira, behintzat errekonozimendu bat badaukagulako.
Marokon eta Aljerian hizkuntza onartua da. Nolako egoera bizi dute gainerako herrialdeek?
Beste herrialdeetan ez da legala. Marokon eta Aljerian amazigera asko egiten da, hiztun asko daude gainerako herrialdeekin alderatzen baditugu. Dena den, herrialde guztietan baztertzen eta diskriminatzen dituzte amazigak; hizkuntza zapalduaren eta zapaltzailearen teoria, beste behin ere.
Noiz hasi ziren amazigaren aldeko mobilizazioak?
Mugimenduak Kabilian hasi ziren, eta, gero, handik herrialdez herrialde zabaldu ziren. 2000. urtearen inguruan izan zen, eta kalera ateratzeko grina hori probestuta, herrialdeen arteko ezagutzak egiten hasi ginen. Askotariko errealitateak ditugun heinean, asko dugu elkarrengandik ikasteko, eta horretan hasi ginen: elkar zaintzen. Oztopo bat genuen, ordea: hizkuntza.
Ez dago hizkuntza baturik, denek dakizuenik?
Estandarizazioa egitea oso zaila da, hedaduraz handiegia da Tamazga. Herrialdearen arabera, hizkuntza era batean edo bestean garatu da: zapaltzaileen, kolonizazioaren, geografiaren eta politikaren arabera. Amazigera orok oinarri bera du, hau da, abiapuntu bera dute guztiek, baina aldaera oso desberdinak ere baditu. Nik uste dut estandarizazioa egin daitekeela baldin eta eskualdeka banatzen badugu; beste modu errealik ez zait bururatzen.
Arabizazioak eragina du identitatean, izaeran, festetan, hizkuntzan eta erlijioan, besteak beste. Uniformeak izatea nahi dute: denak arabiarrak izatea. Horretarako, noski, gurea ukatu eta debekatu nahi dute
Erranahi berarekin erabiltzen dira berbere eta amazig terminoak. Zein da bien arteko aldea?
Guri ez zaigu gustatzen berbere terminoa, ez dugu erabiltzen. Erromatarrak Afrika iparraldera iritsi zirenean, hizkuntza berri bat atzeman zuten: amazigera. Garai hartan, erromatarra ez zenari barbaro deitzen zioten, mendikoa, gogorra, eta halaxe hasi ziren deitzen amazigera egiten zutenei ere. Gero, frantsesak etorri zirenean, aldaera txiki bat egin zioten hitzari: berbère. Amazig deiturak pertsona librea esan nahi du, eta horixe nahi dugu.
Nola ikusten duzu zure herriaren etorkizuna?
Pozik nago mugimendua ikusten dudalako, abian den kontzientzia bat. Gobernuek, sarri, mugimendu indartsu bat ikusten dutenean, ez dute beste aukerarik izaten amore ematea baino. 2017an galdera bat egin zidaten: zein da zure ametsa? Nik halaxe erantzun nien: Oxala egun batean esnatu eta kafe bat hartuko banu amazigeraz idatzita dagoen egunkari bat irakurri bitartean. Amets hori ez da berriz ametsa izango, errealitatea baita.