«Justizia» eskatu dute hildako gaztearentzat Nanterren

Behin-behineko espetxealdian jarri dute 17 urteko gazteari tiro egin zion agentea. Istiluak izan dira martxa amaitzean

Ehunka manifestari, Frantziako Poliziak hildako gaztearentzat justizia eskatzen, atzo, Nanterren. YOAN VALAT / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Parisko aldirietako Nanterre hirian auto bat gidatzen ari zen 17 urteko gazte bat tiroz hil zuen asteartean Frantziako Poliziako agente batek. Bada, Nanterreko Fiskaltzak atzo ondorioztatu zuen«legezko baldintzak» ez zirela bete gertakari horretan arma erabiltzeko, eta, beraz, polizia kartzelatzeko eskatu zuen. Handik gutxira, behin-behineko espetxealdian jarri zuten, nahita egindako homizidioa egotzita. Agenteak, ordea, poliziei azaldu zien «ibilgailuak ihes egitea eragotzi nahi» zuela; adierazi zuen arma atera eta zuzenean gazteari apuntatu ziola, autoa ez zezan berriro abiarazi, baina hark ez ziola jaramonik egin. Orduan egin zion tiro. Hilketak haserrea eragin du Frantzian, eta, atzo, gaztearen amak deituta, manifestazioa egin zuten Nanterren —6.200 lagunek parte hartu zuten, Nanterreko prefeturaren arabera—, gaztearentzat «justizia» eskatzeko.

Herritarren erantzuna handia izan zen, jende oldea atera baitzen kalera; ehunka manifestarik Nanterreko karrikak zeharkatu zituzten Naheli omenaldia egiteko. Hasi baino lehentxeago, Nahelen amak, Mouniak, elkarrizketa bat eman zion Blast hedabideari, eta semea «mutil adeitsua eta atsegina» zela gogorarazi zuen. «Hil zuten goiz hartan, etxetik irten baino lehen zera esan zidan: 'Ama, maite zaitut'. Segidan, lanera joan nintzen, eta, zoritxarrez, ordubete geroago, semeari tiro egin ziotela jakinarazi zidaten telefonoz».

Haren esanetan, «bizia kendu» zioten, «bihotza». Semearen falta sumatzen duela esan zuen: «Oso mingarria da». Manifestazioaren ondoren, liskarrak egon ziren estatuko indarren eta protestarien artean; Frantziako hedabideen arabera, agenteek negar gasa jaurti zieten herritarrei.

Istilu are gogorragoak gertatu ziren herenegun gauean Nanterren eta Parisko aldirietako beste hiri batzuetan. Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak jakinarazi zuenez, atzo goizaldean ere jarraitu zuten protestek, eta gutxienez 180 lagun atxilotu zituzten. «Istiluei ausardiaz aurre egiten dieten poliziei eta suhiltzaileei babesa ematen diet. Lasaitasuna hautatu ez duten horiek lotsatu egin beharko lukete».

Suziriak erabili zituzten, gehienbat, protestetan. Frantzia iparraldean, adibidez, autobusak, tranbiak eta supermerkatuak erre zituzten; Paristik hurbil dagoen Neuilly-sur-Marne herrian, berriz, Poliziaren zazpi auto. Okzitaniako Tolosan, Nizan eta Lyonen ere protestak izan ziren, eta Fresneseko kartzelan sartzen ahalegindu ziren.

Istiluak, «justifikaezinak»

Bigarren istilu gaua izan zen; lehenbizikoan, 31 lagun atxilotu zituzten, eta berrogei auto baino gehiago erre zituzten protesta egin zutenek, baita obretako makinak ere. Lehenbiziko istilu gauaren ostean, Emmanuel Macron presidenteak babesa eskaini zion hildakoaren familiari, eta, era berean, lasai egoteko deia egin zien herritarrei. Hain zuzen, azken orduetan izan diren istiluak «justifikaezinak» direla esan zuen.

Bada, egoera kontrolatze aldera, gobernuak 40.000 polizia inguru mobilizatu ditu Frantzian; horietatik 4.000 inguru, Parisen bertan. Hori bai, atzo gobernuak baztertu egin zuen larrialdi egoera ezartzea; Macronek deituriko ministerioarteko krisi bilkura batean hartu zuten erabakia.

Fiskaltzaren arabera, poliziak jaurtitako balak Nahel gaztearen beso eta bularraldea zeharkatu zituen; autoan metro batzuk egin bazituen ere, bidetik atera eta seinale bat jo zuen. Gobernuak berak zalantzan jarri zuen agentearen jokaera, eta Ministerio Publikoaren iritziz, gehiegikeria gertatu zela egiaztatu zuen, fiskaltzaren esku dauden irudiak aztertu ostean.

Agenteak atzo goizean instrukzioko bi epaileren aurrean deklaratu zuen, eta orain beste epaile batek erabakiko du espetxeratu egingo duten ala kontrol judizialeko neurriekin aske utziko duten.

Horrekin lotuta, hildakoaren familiaren abokatuek atzo kaleratutako oharrean eskatu zuten ireki dezatela ikerketa judizial bat Nahel hil zuen poliziari buruz. Abokatuek deitoratu zutenez, fiskalak «ezkutatu» egin du beste poliziak nahita egindako homizidio horretan izan zezakeen «konplizitatea» eta dokumentu publikoak «faltsutu» izana, tiroa egin zuen egilearen hasierako adierazpen «faltsuen» ondorioz.

Familiaren abokatuen arabera, ustezko delitu guztiei buruzko ikerketa ez irekitzeko erabaki horrek «berretsi egiten du funtsezkoa» dela kasua beste auzitegi batera eramatea, «beste auzitegi bateko epaileek ikerketa objektiboa, independentea eta inpartziala egin ahal izan dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.