«Justizia» eskatu dute Frantziako Poliziak hil duen gaztearen hiletan

Macronek bertan behera utzi du Alemaniara egitekoa zuen bidaia, azken egunetan izandako istiluengatik. Ostiral gauean 1.300 lagun baino gehiago atxilotu zituzten protestetan

Bitxi denda bat erakusleihoa suntsituta, atzo, Poliziaren eta manifestarien arteko liskarren ostean, Marseillan (Frantzia). SEBASTIEN NOGIER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak joan den asteartean tiroz hil zuen Nahel gaztearen hileta egin zuten atzo, Parisko aldirietako Nanterre hiriko meskita batean. Senide eta gertukoekin batera, dozenaka lagun bertaratu ziren Nahelen heriotza salatzera, eta «justizia» eskatu zuten.

Gobernuak, oraingoz, azken egunotan protestetan izan diren liskarrak gaitzestera bideratu du bere diskurtsoa, baina, ordezkari publikoen artean, Poliziaren esku hartzeari buruzko «hausnarketa» eskatu dute zenbait ahotsek. Nanterreko alkate Patrick Jarryk Le Monde egunkariari adierazi zion atzo «justizia eskaria lehentasunezkoa» dela orain. «Haserrea adierazi duten milaka pertsonek ziur egon nahi dute justizia egingo dela».

17 urteko Nahelen heriotzak piztu ditu protestak. Jatorri arabiarreko gazteari tiro egin zion polizia batek, kontrol batetik ihes egiten ahalegindu zenean, Parisko aldirietako Nanterre hirian. Lekukoek gertaera grabatu zuten bideoz: irudiak azkar hedatu ziren sare sozialetan, eta haserre oldea eragin.

Hiletaren aurreko gauean, protestak eta liskarrak izan ziren Parisko metropolian, aste honetan laugarrenez jarraian. Beste zenbait hiri handitan ere istiluak izan ziren; Marseillan, Grenoblen, Tolosan, Estrasburgon eta Lyonen, esaterako. Azken hiri horretako alkateak polizia gehiago eskatu dizkio gobernuari, «inoiz ez bezalako istiluek» estatuko indarrei gain hartu zietela iritzita.

Poliziak 1.300 lagun baino gehiago atxilotu zituen ostiral gauean, Barne Ministerioaren esanetan. Herenak adin txikikoak dira. 79 polizia zauritu zirela ere adierazi zuen. Hala ere, liskarrak aurreko hiru gauetakoak baino apalagoak izan ziren, ministerioaren arabera, «segurtasun indarren mobilizazioari esker». Gobernuak 45.000 polizia atera zituen kalera, eta kopuru bera iragarri zuen atzo gauerako.

Barne ministro Gerald Darmainek autobus eta tranbia zerbitzuak eteteko eskatu zien herenegun tokiko agintariei, eta Emmanuel Macron presidenteak guraso direnei galdegin zien zaintzeko gazteak gauean etxean gelditzen direla. Bruno Le Maire Ekonomia ministroak, berriz, nabarmendu du arpilatze ugari izan direla, eta kalte «handiak» eragin dituztela ehunka saltokirentzat.

Macronek atzeratu egin du Alemaniara egitekoa zuen bidaia, istiluen ondorioz. Gaurtik asteartera arte, bisita ofiziala zuen antolatua, baina aurreragorako utziko duela jakinarazi zion atzo Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeierri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.