Katalunia

Junquerasen inhabilitazioa zazpi urtera jaisteko eskatu du Estatuaren Abokatutzak

Espainiako Auzitegi Gorenari egin dio eskaria. Onartuko balu, Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohiak 2025ean beteko luke inhabilitazio zigorra.

Oriol Junqueras, iazko azaroan, ERCren ekitaldi politiko batean. DAVID BORRAT / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urtarrilaren 26a
12:07
Entzun

Espainiako Estatuaren Abokatutzak Auzitegi Gorenari eskatu dio Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohiari inhabilitazio zigorra hamahiru urtetik zazpira jaisteko. Gorenak eskaria onartuko balu, 2025eko uztailean beteko luke inhabilitazio zigorra. Espainiako Zigor Kodearen erreformaren harira egin du eskaria Estatuaren Abokatutzak —sedizio delitua ezabatu dute, eta diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua egokitu—.

ERC Esquerra Republicanako presidentearen zigorraz gain, Kataluniako beste politikari independentista batzuen zigorrei buruzko eskaerak ere helarazi dizkio Estatuaren Abokatutzak Gorenari. Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa Generalitateko kontseilari ohiei inhabilitazio zigorrak sei urte eta bederatzi hilabetera jaisteko eskatu du. Joaquim Forn eta Josep Rull kontseilari ohiei zigorrak sei urtera eta hiru hilabetera murrizteko eskatu du, eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiari, berriz, sei urte eta erdira. Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohiari eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente ohiari launa urteko inhabilitazio zigorra ezartzeko eskatu du Estatuaren Abokatutzak. Haien inhabilitazio zigorrak hamabi urte artekoak dira, gaur egun.

Fiskaltzak ez zuen «arrazoirik ikusten» zigorrak murrizteko, baina Estatuaren Abokatutzarekin bat dator delituen identifikazioan. Fiskaltzaren eta Estatuaren Abokatutzaren arabera, politikari horiek administrazio desleialaren delitua egin zuten, eta ez diru publikoa bidegabe erabiltzearena —delitu horrek irabazi asmoa du—. Kasua epaitzen ari den Goreneko magistratua, Pablo Llarena, ados dago argudio horrekin. Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatutzak ere desordena publikoko delitua egozten diete politikari independentista horiei, baina Llarena ez dator bat.

Zigor Kodearen erreforma

Espainiako Zigor Kodearen erreforma indarrean sartu zen hilaren 12an, eta baliogabetuta gelditu zen sedizio delitua estatuan. Aldaketa horrekin batera iritsi zen Llarenaren erabakia: Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemonten aurkako sedizio akusazioa bertan behera utzi zuen. Halere, Puigdemont bidegabeko diru erabilera larriagotuagatik eta desobedientziagatik auzipetuta dago oraindik ere, zigor handien mehatxupean.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta Clara Ponsati Generalitateko kontseilari ohia, berriz, desobedientzia delituagatik auzipetuta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.