Alderdiaren zuzendaritza nork hartuko duen erabakiko dute bihar ERC Esquerra Republicanaren oinarriek, bozketa bidez. Bi hautagai daude: Oriol Junqueras, 2011tik maiatzera arte alderdiko presidente izandakoa, eta Xavier Godas, Ezker Nazional Berria hautagaitzaren burua. 8.300 militantek dute bozkatzeko aukera. 20:00 inguruan dira irabazlea jakinaraztekoak.
Joan den azaroaren 30ean, bi hautagai horiek bildu zituzten boto gehien bozketaren lehen itzulian: Junquerasek, %48, eta Godasek, %35. Hautagai bakar batek ere ez zuen lortu, ordea, %50en langa gainditzea, eta, horrenbestez, bihar bigarren itzulian lehiatuko dira. Su Berria hautagaitzak — Helena Sola zuen buru— botoen %12 bereganatu zituen, eta, hortaz, azken lehiatik kanpo gelditu zen.
Eta boto horiek erabakigarriak izango dira bihar. Bai Junqueras bai Godas ahalegindu dira Sola limurtzen; hau da, arautegiak horretarako aukera ematen zuenez, kanpoan gelditutako hautagaitza bat beste baten barruan integratzen saiatu dira bigarren itzulira begira. Baina ez dira gai izan. Solak babesaren truke jarri zien baldintzetako bat hau zen: beste bozketa bat egitea militanteen artean, erabakitzeko ea alderdiak eusten dion Salvador Illa Generalitateko presidente izendatzeko abuztuan PSCrekin egindako akordioari.
Ikusi gehiago
Ez batak ez besteak ez diote bermerik eman, ordea, eta, orduan, Solaren hautagaitzak erabaki du inor ez babestea, eta bere jarraitzaileei eskatu die bihar «kontzientziaz» bozkatzeko. Su Berria hasieratik agertu da alderdiak PSCrekin eta PSOErekin egindako akordioen kontra.
Junquerasek eta Godasek, berriz, itun horren alde egin dute, kanpainan horri buruz askorik ez hitz egiten saiatu arren. Ideologikoki, halere, ez dago alde handirik egin dituzten planteamenduetan, eta hori argi geratu zen atzo, bien arteko debate batean, Catalunya Radion. Finean, eta laburbilduz, proposatzen dute politika aurrerakoiak martxan jartzea esparru sozialean, eta, auzi nazionalari dagokionez, erreferendum bat egitea. Nork eman dien babesa, horretan nabaria da aldea. Junquerasek alde ditu oinarriak, eta hautagaitza ofizializatzeko prozesuan 2.500 abal lortu zituen; alegia, militanteen ia heren batek babestu zuen. Godas, bestetik, Vilassar de Dalteko alkatea izan zen (2011-2019), eta azken bi urteetan kargu bat eduki du Kataluniako Gobernuan; haren alde egiteko eskatu dute, besteak beste, Pere Aragones Generalitateko presidente ohiak (2021-2024) eta Marta Rovira alderdiaren idazkari nagusi izandakoak (2011-2024).
Norabide politikoa
ERCk milioi erdi boto inguru galdu ditu azkeneko bost urteetan. 2017ko Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan 929.000 lortu zituen, eta maiatzean egindakoetan, 427.000. Espainiako Kongresurako 2019ko apirilean egindako bozetan milioi bat boto bildu zituen, eta iazko uztailekoetan, 462.000.
Zuzendaritza berriak zehaztu beharko du alderdiak zer norabide hartuko duen aurrerantzean, eta, horretarako, kongresu batera deituko du hurrengo urteko otsail ingururako.