«Herritarrei entzun behar diegu; bere garaian eman ziguten konfiantza berreskuratu behar dugu. Nik prozesu horretan lagundu nahi dut, eta horretarako kalera irten behar dut, eta jende askorekin hitz egin. Baina jendearekin hitz egiteko modurik egokiena kidez kide aritzea da». Gaur hitz horiekin azaldu nahi izan du Oriol Junqueras ERC Esquerra Republicanako presidenteak atzo gauean iragarritako erabakia: Europako Parlamenturako hauteskundeen ostean —datorren ekainaren 9an egingo dira— alderdiaren presidentetza behin-behinean utziko duela.
Kataluniako Parlamenturako bozen ondorengoa gorabeheratsua izaten ari da ERCrentzat: horien biharamunean iragarri zuen Pere Aragones Generalitateko presidenteak politikaren lehen lerroa utziko zuela, eta Junqueras prest agertu zen alderdiaren buruzagitza hartzeko, nahiz eta ERCko militante talde batek zuzendaritzaren dimisioa eskatu zuen. Iritzia aldatu du, ordea. ERCren Batzorde Exekutiboa atzo arratsaldean bildu zen, eta, horren ostean, ohar bidez jakinarazi zuten Junquerasen erabakia. Hark gaurko agerraldian esan duenez, militantziari «entzuteko» emango du pauso bat atzera.
Alderdiaren batzordeak ezohiko Kongresu Nazionalera deitu du heldu den azaroaren 30erako, alderdiaren estrategia berria zehazteko. Egun hori iritsi artean, «hausnarketa prozesu aktibo bat» izango dute abian, Junquerasen arabera. Eta horren ondoren erabakiko du bere etorkizuna; hamabi urtez alderdiko presidentea izan denak ez baitio atea erabat itxi berriro ere presidentetza hartzeari azaroaren 30aren ostean.
Junquerasek behin eta berriz azpimarratu du «militantziaren babesaren garrantzia», eta zehaztu du bera lan egiten jarraitzeko prest dagoela, baldin eta alderdiaren «oinarriak» hori nahi badu. «Ez daukat ezertarako presarik, baina ez diot ezeri uko egingo», esan du. Hori bai, jakin nahi du zer «espero» duten beragandik. Ezohiko Kongresu Nazionalaren inguruan galdetuta, argitu du asmoa dela «hausnarketa prozesua» pazientziarekin eta lasai egitea, eta azaroaren 30eko datak horretarako modua emango duela.
«Ez daukat ezertarako presarik, baina ez diot ezeri uko egingo».
ORIOL JUNQUERASERCko presidentea
Alderdia ez dago garairik gozoenean, eta horren erakusle da Junquerasek ez ezik Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak ere kargua uzteko asmoa duela. Hark ere atzo iragarri zuen ez dela berriro aurkeztuko kargua berritzeko, «koherentziagatik». Halere, zehaztu zuen egunotako dimisioek bi aro bereizteko balio dezaketela: batetik, amnistiaren aroa, zeina dagoeneko «gainditutzat» jo duen; eta, bestetik, orain etortzear dena, erreferendumarena.
Carles Puigdemontek ere hitz egin du ERCko aferaren inguruan, gaur goizean egindako agerraldi batean. Kritiko agertu da, eta esan du ez dela «barne desadostasunekin denbora galtzeko garaia». Haren arabera, Katalunia «larrialdi nazional bat» pairatzen ari da, eta, gauzak horrela, «inoiz baino arrazoi gehiago daude independentziaren alde lerratzeko».
Maiatzaren 12ko gainbehera
ERCk aspaldiko emaitzarik txarrenak izan zituen joan den igandeko Kataluniako Parlamenturako bozetan. Azken legegintzaldian gobernuan izan den alderdiak hogei eserleku lortu zituen, eta, horrela, lehen zituen 33 aulkietatik hamahiru galdu zituen; 2021eko hauteskundeetan lehen indarra izan zen, eta hirugarrena da orain. Hartutako kolpearen inguruan ere mintzatu da Junqueras: «Azken bi hauteskundeetako emaitzek argi adierazten dute sintonia falta dela herritarren eta gure artean».
Aragonesek berehala esan zuen datorren agintaldian alderdiak «oposiziotik» egingo duela lan, argudiatuta leku hori eman dietela herritarrek, eta «autokritika» egiteko garaia dela. Edonola ere, bai PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak, bai Juntsek (Junts+Carles Puigdemont per Catalunya) eskua luzatu diote ERCri, euren hautagaien inbestidurak babestu eta gobernua osatzen lagun dezaten. Baina alderdia akordio posible horietatik kanpo utzi nahi izan du Junquerasek, uste baitu PSCk eta Juntsek dutela gobernua osatzeko ardura.