Dimisioak, elkarri igorritako gutunak eta okerrak onartzea. Gorabehera handiak ekarri dituzte Kataluniako hauteskundeek, hala nola ERC Esquerra Republicanak emaitza kaskarrak izan dituelako: 2021eko bozen aldean, 178.000 boto galdu ditu, eta hamahiru eserleku. Horren ondorioz, Pere Aragones Generalitateko presidenteak atzo iragarri zuen politikaren lehen lerroa utziko duela, eta, gaur, Oriol Junqueras ERCko presidenteak erran du bera prest dagoela alderdiaren buruzagitza hartzeko. Gutun bidez egin ditu adierazpenak: «Bihotza eta indarra ditut gure herriaren alde lanean jarraitzeko. Eta, beti bezala, ERCren militantziak zehazten duen lekutik, dagokion alderdiaren organo subirano gorenen bitartez».
Adierazi du igandeko emaitzek erakusten dutela herritarrek ez dutela ERC gobernuan ikusten, eta beraiek onartu egiten dutela oposizioan egotea dagokiela, «alternatiba» bat izatea. «Gaurtik aurrera, gertatzen dena gertatzen dela, etorkizunaren, orainaren, memoriaren eta Kataluniako herri osoaren duintasunaren alde irmo eta erabakitasunez borrokatuko den alternatibaren buru izango gara», borobildu du.
Junquerasen gutuna ERCko hainbat militanterena baino ordu batzuk geroago iritsi da. Urriaren Lehena taldeak idatzi du, eta alderdiko zuzendaritza osoaren dimisioa eskatu. Militante taldeak ohar bidez adierazi du Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan ERCk izandako emaitzak «porrota» izan direla, eta horren arrazoia «orain arte erabilitako estrategia okerra» dela. Urriaren Lehena taldearen ustez, boto emaile izandakoen konfiantza berreskuratzeko, zuzendaritza talde berri bat behar du ERCk. «2017ko bidera itzuli behar du alderdiak, urriaren 1eko erreferenduma ekarri zuenera. Independentziak izan behar du gure politika guztien lehen helburua», nabarmendu du.
Ordea, ERCko presidentearen gutuna bide horretatik joan da, eta zehaztu «autokritika» egiteko garaia datorrela: «Guk ez dugu haizerik saltzen, eta argi daukagu gure helburua. Orain erreferendumaren alde borrokatu behar dugu». Zehaztu du orain arte ez dutela amorerik eman, eta hala jarraituko dutela aurrerantzean ere. «Gu gara 1931n Kataluniako Errepublika aldarrikatu genuenak, 1932an Kataluniako Generalitatea ezarri genuenak eta 1977an berriro berrezarri genuenak. 1934an Kataluniako Estatua defendatu genuenak gara, eta, Marta Roviraren eskutik, 2017ko urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumari bidea eman genionak. Eta hori aldarrikatu nahi dut: berriro egiteko aukera izatea, berriro egiteko bermerik onena delakoan. ERCko jendeak egingo du, guk egin dugulako beti».
Aragones da, oraingoz, politikaren lehen lerroa uzteko erabakia adierazi duen buruzagi errepublikano bakarra, baina Urriaren Lehena taldekoek beren alderdiak ezohiko kongresu bat egin dezala nahi dute, zuzendaritza talde berri bat aukeratzeko. «Independentismoaren batasun estrategikoa» lortzea ere izan beharko luke helburu ERC berri posible horrek, militante horien arabera. Espainiako Gobernuarekin egindako itunen politika «birdefinitzea» ere defendatu dute. Izan ere, nabarmendu dute hitzarmen horiek PSOE «zuritzeko» balio izan dutela: «Errepresio alderdi bat da Katalunian». Aragonesek berak zera esan zuen hauteskunde gauean, emaitzak jakin ostean: «Herriari ez zaio negoziazioaren bidea gustatu, eta iritzi dio orain beste norbaiti dagokiola etapa berri honen lidergoa hartzea». Era berea, adierazi zuen alderdiak «lanean» jarraituko duela, «oposiziotik».
Begiz jo dute ERC
Izan ere, PSC Kataluniako Alderdi Sozialista izan zen lehen indarra igandeko bozetan, 42 eserleku bilduta, orain dituenak baino bederatzi gehiago. Junts (Junts + Carles Puigdemont Per Catalunya) izango da parlamentuko bigarren indarra, Puigdemont lidergoan duen zerrendak 35 aulki izango baititu parlamentuan, 2021eko bozetan eskuratutakoak baino hiru gehiago. Hala ere, bloke independentistak gehiengoa galdu du azken hamarkadan lehen aldiz, eta ez dago argi nor izango den Generalitateko maizter berria. PSCko presidentegai Salvador Illak eta Puigdemontek beren buruak aurkeztu dituzte Generalitateko presidente izateko, eta biek begiz joa dute ERC.
Errepublikanoek nabarmendu dute oposizioan egongo direla datorren legealdian, baina horrek ez du esan nahi balantzaren alde bat edo bestea indartuko ez dutenik. Aragonesek atzo esan zuen sozialistei eta Juntsi dagokiela gobernuan egotea: «PSCk eta Juntsek ulertu beharko dute elkar, eta egoera hau kudeatu».
Puigdemontek adierazia du ERCrekin gobernu akordioa osatu nahi duela, baina, horretarako, PSCren abstentzioa beharko du. Puigdemontek atzo argitu zuen hurrengo presidentearen inbestidura saioan gertatzen denak baldintzatuko duela JxC Junts per Catalunyak zer babes eskainiko dion Espainiako Gobernuari. Azaldu zuen PSCk PP «besarkatzen» badu JxCk eta PSOEk Madrilen duten akordioa «zentzurik gabe» geldituko dela.
Dena den, sozialistek esana dute ez dutela Puigdemonten alde egingo, «nahiz eta Madrilgo gobernabidea blokeatzearekin mehatxu egin». Illak, berriz, ERC eta Comuns Sumar alde beharko ditu presidente bihurtzeko. Comuns Sumarrek hirukote horren alde egin du, baina ERCk oraindik ez du ezer adierazi.
Ozpinduta egon da Kataluniako bi alderdi independentista nagusien arteko harremana azken legealdian. Aurreko bozen ostean, Aragones izendatu zuten presidente, Juntsen eta CUPen babesarekin. Horiek hala, indarrik handiena zuten bi alderdi independentistek —ERCk eta JxCk— koalizioan ekin zioten agintaldiari. Hala ere, elkarlanak urtebete pasatxo iraun zuen. JxC gobernutik atera zen, argudiatuta ERCk ez zuela bete bi alderdiek adostutako gobernu ituna.
cup, talde mistoan
ERC ez da izan botoak galdu dituen alderdi independentista bakarra. Izan ere, CUPek bederatzi diputatu zituen lehen, eta lau ditu orain. Ondorioz, ez du talde parlamentariorik izango —bost diputatu izatea da gutxienekoa—, eta talde mistoan egongo da. «Eskuin muturra geldiarazi behar dugu», esan zuen Laia Estrada CUPeko presidentegaiak bozen emaitzak jakin osteko agerraldian, eta Aliantza Katalana alderdi ultraeskuindarrarekin egongo dira talde mistoan. Talde parlamentario bat izateko aukera bakarra da beste alderdiren batek eserleku bat erraztea, baina ez dago argi halakorik gerta daitekeen edo ez.