Junqueras ezingo da joan Europarlamentura, Gorenak ez baitio immunitatea aitortu

Espainiako Auzitegi Gorenak parlamentuari jakinarazi dio Junqueras inhabilitatua dagoela. Kartzelan segituko du, eta ezingo da izan asteleheneko osoko bilkuran

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua, iazko maiatzaren 21ean, Espainiako Kongresuan, diputatu agiria jaso zuenean. BALLESTEROS / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Abenduaren 19an, Europako Justizia Auzitegiak immunitatea aitortu zion Oriol Junquerasi parlamentari izateagatik, baina Espainiako Auzitegi Gorena zen epai hura aplikatzeko arduraduna, eta atzo hartu zuen erabakia: ez du aske utziko ERCko liderra. Epaileak bat etorri dira Espainiako Hauteskunde Batzordearekin, eta argudiatu dute Junqueras inhabilitatuta dagoela buruzagi independentisten aurka urriaren 14an epaia eman zutenetik. Ez dute aske utziko, eta ez dute suplikatoriorik eskatu beharko. Junquerasen defentsak eskatu zuen epaia baliogabetzeko, baina Goreneko zigor salak ezetz erantzun du.

Junquerasek Twitter bidez gaitzetsi du erabakia: «Auzitegi Gorenak Europako legetik kanpo kokatu du estatua. Europan justizia egingo dute, estatuak espetxea eta jazarpena ebatzi ditu. Baina demokraziak beti irabazten du».

Luxenburgoko auzitegiaren arabera, ERCko buruak immunitatea zuen europarlamentari aukeratu zutenetik, eta, beraz, baita Auzitegi Gorenak sedizio delituagatik hamahiru urteko espetxealdi eta inhabilitaziora zigortu zuenean ere. Europako Parlamentuak joan den asteartean aitortu zion diputatu estatusa buruzagi subiranistari, eta adierazi zuen datorren asteleheneko saioan kargua hartu behar duela, Puigdemont eta Cominekin batera.

Junquerasen aurkako epaiketa zuzendu zuten epaile berberek hartu behar zuten azken erabakia. Hiru iritzi zituzten mahai gainean. Batetik, Estatuaren abokatuaren txostena, zeinak Junqueras aske uztea galdegin zuen, gero suplikatorioa eskatu eta Junquerasen immunitatea bertan behera uzteko. Bestetik, defentsak eskatu zuen haren aurkako epaia indargabetzeko eta buruzagia aske uzteko. Fiskaltzak gogorarazi zuen epaia irmoa dela, eta argudiatu zuen inhabilitazioa segidan jarri behar zela indarrean.

Erabaki hori hartu baino minutu batzuk lehenago, beste ebazpen bat argitaratu zuen Goreneko administrazioarekiko auzietako epaitegiak, Espainiako Hauteskunde Batzordeari arrazoia eman ziona. Batzordeak zioenez, Junqueras ezin da eurodiputatu izan, espetxe zigor irmoa dutenak ez baitira hautatzekoak.

Marchenaren gutuna

Eztabaida sortu zuen Gorenaren erabakiak. Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaiketa ekainaren 12an amaitu zen, eta Hauteskunde Batzordeak ekainaren 13an onartu zituen Europako Parlamenturako bozen emaitzak. Gorenak dioenez, Junquerasek diputatu izaera eskuratu zuenean epaiketa amaituta zegoen, eta parlamentuko kide izateak ez du inhabilitaziotik salbu uzten.

Bada beste egun garrantzitsu bat ere. Urriaren 14an argitaratu zen Junqueras kondenatzeko epaia; hain justu, Europako Batasuneko Justizia Auzitegia haren immunitatearen gaia aztertzen hasi baino bi egun lehenago. Jordi Cuixart Omnium elkarteko presidenteak atzo salatu zuenez, urriaren 14an gutun bat igorri zion Manuel Marchena Goreneko epaileak Luxenburgori, eta bertan argi zioen: «[Europako] Justizia Auzitegiaren erantzunak eragina izango du Oriol Junquerasen egoeran, behin-behinean espetxeratuta egon ala zigortuta izan». Hori kontraesana da Gorenaren ebazpenarekin, baita Hauteskunde Batzordearenarekin ere; Junquerasi askatasuna ukatzeko arrazoia baita Gorenak sententzia emana duela, eta eurodiputatu izateko ahala kentzen diola.

Kataluniako independentisten ordezkariak haserre agertu dira Gorenaren erabakiarekin. Quim Torra presidenteak iritzi dio «pentsaezina» dela halako erabaki bat Europako beste herrialdeetan hartzea, eta Pere Aragones ERCko koordinatzaileak, berriz, esan du Espainiako Justizia «lotsagarria» dela, eta gehitu du «eskandalu hutsa» dela Luxenburgoren epaiari ezikusiarena egitea. PSOEk, berriz, adierazi du «errespetatu eta onartu» egiten duela Gorenaren epaia.

Ikusteko dago zein izango den auziaren etorkizuna. Hainbat europarlamentarik eskaera egin zioten, atzo, Europako Parlamentuari, Espainiaren aurkako neurriak har ditzan. Parlamentuak erabaki beharko du Gorenaren irizpideari jarraitzen dion ala, orain arte bezala, Junquerasi eurodiputatu izaera aitortzen dion. Erabakia aztertzen hasia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.