Juan Carlos Borboikoak alde egin du, eta Espainiatik kanpo biziko da

Azaldu du Felipe Borboikoaren lana errazteko hartu duela erabakia, eta hark «eskertu» egin dio

Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emeritua, jendea agurtzen, artxiboko irudi batean. MARIO RUIZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emerituak Espainia utzi du, eta aurrerantzean herrialdetik kanpo biziko da, bere «iraganeko bizitza pribatuko zenbait gertakarik izan duten oihartzun publikoarengatik», Espainiako Errege Etxeak ohar bidez atzo jakinarazi zuenez. Besteak beste, Suitzako eta Espainiako fiskaltzak ustelkeriarekin lotutako hainbat kasurengatik ari dira ikertzen Borboikoa, ustez zenbait paradisu fiskaletan zituen funtsengatik.

Komunikatuak azaltzen duenez, gutun bat bidali dio Felipe Borboikoa haren seme eta Espainiako errege denari erabakiaren berri emateko, eta adierazi «sentimendu osoz» hartutako erabakia dela. Errege emerituaren esanetan, «Espainiarentzat eta koroarentzat onena» nahi izan du ia lau hamarkadako agintaldian. Azken hilabeteetako informazioek eta haren aurka hasitako prozesu judizialek, ordea, jomugan jarri dute hark urte horietan guztietan izaniko rola eta pilatu duen aberastasunaren zilegitasuna.

Bere erabakiaren arrazoia Felipe Borboikoari lanak erraztea dela argudiatu du gutunean, semearen «ardura handiak» kontuan izanik. Horregatik, bere «duintasunak» eskatutako urrats bat emango duela ziurtatu du. Espainiako Errege Etxearen arabera, egungo erregeak «eskertu» egin du aitaren erabakia, eta Juan Carlos Borboikoaren erregealdiaren «garrantzi historikoa» aitortu du.

Errege emerituaren abokatuak adierazi duenez, bere bezeroak prestutasun osoa du justiziarekin elkarlanean aritzeko, Espainiatik alde egin arren.

Juan Carlos I.aren aurkako prozesuak 2018. urtean hasi ziren, Suitzako Polizia Judizialeko agenteak Arturo Fasana ondare kudeatzailearen funts gestoriara sartu zirenean. Suitzako bankuetan kontuak irekita zeuzkaten bi fundazio aurkitu zituzten han. Zagatka zuen izena horietako batek, eta Liechtensteinen zuen egoitza. Errege emerituaren urruneko lehengusu baten izenean zegoen. Haren bitartez ordaindu zituzten Juan Carlos Borboikoak Corinna Larsen bikotekide ohiarekin eginiko bidaiak. Lucum izeneko fundazioak, berriz, Panaman zuen egoitza. Juan Carlos Borboikoa bera zen onuradun nagusia, eta Felipe Borboikoa Espainiako erregea bigarren onuraduna.

Albistea, ordea, ez zen publiko egin joan den martxora arte. Funtsen berri jakin zenean, Felipe Borboikoak kendu egin zion aitari errege emeritu izateagatik jasotzen zuen urteko 200.000 euroko diru ekarpena, eta adierazi zuen uko egingo ziola harengandik jasotzekoa zuen herentziari—nahiz eta herentziari ezin zaion uko egin hil arte—. Gainera, une horretan, Errege Etxeak publiko egin zuen Felipe Borboikoak urtebete lehenago jakin zuela fundazioaren berri.

Ikerketa hartatik abiatuta, Suitzak jakinarazi zuen Arturo Fasanak 68,8 milioi euro sartu zituela Lucum fundazioaren kontuan. Saudi Arabiako Finantza Ministerioan zuten jatorria, eta Mekarako trenbidearen esleipenarekin lotutako komisio bat izan liteke, fiskaltzaren iritziz. Lau urte geroago, diru hori Bahametako beste kontu batera mugiarazi zuen errege emerituak: Solare sozietatearen izenean zegoen kontu batera. Sozietate horren jabea Larsen zen.

Suitzako Fiskaltzak kontu guztiak enbargatu zituen, eta auzi bat ireki zuen, sekretupean, dirua zuritzeagatik. Uneotan, Espainiako errege emeritua ez dago ikerketapean, baina iturri judizialek ez dute baztertu aurrerago egon ahal izatea.

Suitzak Espainiako Fiskaltzaren esku utzitako datuak kontuan izanik, kasua Auzitegi Gorenera bideratzea erabaki du estatuko fiskal nagusi Dolores Delgadok. Hura da Espainian Juan Carlos Borboikoa epaitu dezakeen auzitegi bakarra. Uneotan ikertzen ari dira ea errege emerituak abdikatu eta gero deliturik —diru zuriketa eta delitu fiskalak— egin izanaren zantzurik baden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.