Agur esateko garaia heldu zaiola iritzi dio Uruguaiko presidente ohi Jose Alberto Pepe Mujicak (2010-2015). «Honaino heldu naiz; ezin dut minbizia ezerekin gelditu», esan dio Mujicak Búsqueda Uruguaiko aldizkariari. Iazko apirilean jakinarazi zuen hestegorrian minbizia zuela; eta gaur azaldu duenez, gibelera hedatu zaio. Hil aurretik, baina, azken elkarrizketa eskaini nahi izan du. Izan ere, Mujicak Uruguaiko aldizkari horrekin izandako solasaldia baliatu du kazetariei galdegiteko ez diezaioten elkarrizketa gehiago eskatu. «Lasai utz nazaten eskatu nahi dut. Hiltzen ari naiz, eta gudariak atseden hartzeko eskubidea du».
Uruguaiko herritarrei agur esan die, guztiei, ez soilik haren alboan aritu direnei. Izan ere, «demokraziaren oinarria pentsamendu ezberdina dutenenganako errespetua» dela esan du. Are gehiago, azpimarratu du «aspaldi» ez dela politikan aritzen, eta gaitzetsi egin ditu esaten dutenak bera dagoela MPP Parte Hartze Popularreko Mugimenduak —Mujica izan zen sortzaileetako bat— hartzen dituen erabakien atzean: «Duela bost urte ez noala zuzendaritzaren bilera batera. Gaur egungo politika ez da nire etxean egiten».
Fronte Zabala koalizioko kide da MPP, eta iazko azaroan hauteskundeak irabazi zituen. Garaipen horregatik pozik dagoela esan du Mujicak, herrialdea «esku onetan» dagoela uste baitu. «Hil, hil beharra dut. Baina begira zer lortu duten alderdikideek!».
Zerbaitez damutzen den galdetuta, Mujicak esan du «gauza askoz» damutzen dela, baina bat nabarmendu du bereziki: «Presidente izan nintzen, eta Uruguain oraindik gosez daude herritar batzuk». Gainera, adierazi du bere garaian izandako ikuspuntu politikoa urteekin aldatu eta «konplexuagoa» bihurtu dela: «Guk ekonomian jarri genuen arreta. Marx xuhur hutsa zen. Ekonomia historiaren motorra da, noski, baina ez da eragina duen gauza bakarra. Jada ez dut aldebakarreko ikuspuntu hori; garapen hori urteekin egin dut».
Gerrillari garaiaz damu
Demokrazia dagoen «sistemarik onena» dela iritzi dio Mujicak: «Ez da gizarte perfektua, baina egun egon daitekeen hoberena da». Halere, aitortu du beti ez zuela demokraziaren alde egin. Gerrillari tupamaroa izan zen militarrek ezarritako diktadura amaitu arte (1973-1985). Gerrillako buruzagietako bat ere izan zen Mujica, eta guztira hamabost urte egin zituen kartzelan. Gerrillari garaia «akats» bat izan zela adierazi du presidente ohiak gaur argitaratutako elkarrizketan.
Politikoki, bestalde, Uruguaiko herritarrek hobekien baloratzen duten presidente ohia da Mujica, herrialdeko inkestek diotenez. Berak, baina, uste du politikariek, behin haien ziklo politikoa amaituta, alde batera baztertu behar dutela: «Hurrengo belaunaldiei atea ireki behar zaie, trabarik egin gabe. Batzuk presidentetzara heltzen dira, eta etengabe segitu nahi dute karguan. Eta gauzak ez dira horrela egin behar». Are gehiago, Uruguaiko ezkerrak «etengabeko eraberritze» bat egin dezala ziurtatzeko erabili nahi izan ditu jendaurreko azken hitzak: «Heriotzari bizitzarekin erantzuten zaio».