Jordi Pujol Kataluniako Generalitateko presidente ohiak iktus bat pairatu du gaur, eta ebakuntza bat egin diote Bartzelonako Sant Pauko erietxean.
Hitz egiteko orduan zuen zailtasunengatik sumatu dute Pujol iktus bat pairatzen ari zela. Erietxean probak egin dizkiote, larritasuna ikusteko. Vilaweb atariak zabaldu duenez, haren bizitza ez legoke arriskuan, baina iktusak ondorioak utziko dizkio.
Esan dutenez, burmuineko arteria batean gertaturiko odolbildu batek eragin dio iktusa. Haren egoera egonkorra da.
Pujolek 92 urte ditu, erretiratuta dago, baina azken egunotan bizitza publikoa egin du: dokumental baten aurkezpenean izan da, eta elkarrizketa bat egin diote irratian.
Jordi Pujol i Soley Bartzelonan jaio zen, 1930eko ekainaren 9an. Kataluniako Generalitateko presidentea izan zen 1980tik 2003ra arte.