Gazako egunerokoa (27)

«Joko bateko pertsonaiak gara»

MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Israelen bonbardaketa batean zauritutako hainbat adingabe Khan Yuniseko errefuxiatu gunean, Gazan, azaroaren 13an. HAITHAM IMAD / EFE
2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Azaroak 13, astelehena

Hogeita hemezortzigarren eguna. Gaur goizean hiru ordu eman ditut kalean paseoan, besterik gabe ibilian eta gogoetan. Gau bortitza izan dugu berriz ere. Setioa Al-Xifara hurbiltzen ari da. Atzo, hildako guztiak lurperatzeko, administratzaileek hobi komun bat egin behar izan zuten eraikinaren aurrean, zuloa ireki bitartean tirorik ez hartzeko ahaleginak eginez aldi berean. Etxetik gertuago, goizean goiz, Indonesia ospitalearen kontrako eraso gehiago entzun genituen. Zibilen etxe asko ere jo zituzten. Jendea ospitale hartara ezin sarturik geratu da. Nik, berriz, utzi egin diot telefonoz deitzen saiatzeari. Seinalerik ez baitago. Luzaroan egoten naiz linearik gabe, eta nire emazte Hanna ohitua da jada. Gerraren hasieran, orduero telefonoan zerbait egiten ez banuen, ero moduan jartzen zen, kezkak jota. Orain, berriz, egunak ematen ditugu seinalerik gabe, eta Hannak badaki horregatik ez dudala erabili telefonoa.

Kaleak txikituak eta zikinak daude, baina bizirik oraindik. Jendea taldean elkartzen da, eta hizketan hasi. Zenbaitetan, borrokak pizten dira halakoetan; beste zenbaitetan, barreak. Jendea larrituta dabil, normala den bezala. Oinez segitu dut. Lau urte eta erdian, gaurkoa da nire jaioterrian luzaroen egon naizen eguna.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Gure bizilagun Omar gaztearekin topo egin dut, eta kontatu dit bi ordu eman berri zituela bere ur biltegia betetzen, berrehun litrokoa. Lantegi luzea eta motela. Azkenean, lortu omen du depositua gurpil aulki batean jarri eta bultzaka eramatea; baina, etxerako bidean, aulkia irauli eta kalera isuri omen zaio ur guztia. Esan dit Wudu-rako zela ura —otoitzen aurreko garbiketarako—, baina antza denez Jainkoak ez duela nahi berak adora dezan, eta erabaki duela, beraz, ur tanga berriz ez betetzea. Nik, ezin jakinik brometan ari zen edo ez, esan diot: «Baina horrek ez du zerikusirik ez Alarekin eta ez otoitzarekin». Eta hark erantzun: «Doktore, Alak ez du nahi nik otoitz egitea; nahi baldin badu, zergatik bota dit ur guztia?».

Aurrera segitu dut. Beste gizon batek gelditu nau. Esan dit Alaa duela izena, eta bigarren hezkuntzan nirekin ibili zela eskolan. «Ni baino ikasturte bat aurrerago zeunden», erantsi du. Irribarre egin, eta galdetu dit ea droneak nirekin egiten dituen otorduak oraindik. Nire aurreko gerra egunerokoen izenburuaz ari da. «Ez zion sekula utzi horri», erantzun diot. «Honezkero ezertxo ere ez da geldituko mahaian», Alaak, barrez. «Etxetik kanpo jan gaitu». Tamalez, dronea oturuntza galanta egiten ari da orain. Nik ez nekien, baina 2014koa hasiera baino ez zen izan, honekin konparatuta. Alaa galderak egiten hasi zait, espero bezalako galderak, egoerari eta etorkizunari buruzkoak. Etorkizuna aipatu duenean, gerra bukatu ondorengo aroaz ari zen, baina gutako inork ezin du horretaz espekulatu. Galdetu diot ea zer moduz etxean eta familian. «Oraingoz, denak ondo», erantzun dit. «Luzarorako izan dadila, Jainkoa lagun», nik.

«'Ematen du Play Stationen joko batean gabiltzala', dio Alaak. 'Gu pertsonaiak gara, eta haiek [Israelgo armada], berriz, jokalariak. Mugiarazten gaituztenean mugitzen gara; hilarazten gaituztenean hiltzen'».

«Ematen du Play Stationen joko batean gabiltzala», dio Alaak. «Gu pertsonaiak gara, eta haiek [Israelgo armada], berriz, jokalariak. Mugiarazten gaituztenean mugitzen gara; hilarazten gaituztenean hiltzen. Kontrolpean gauzkate. Ez gara gizakiak: joko bateko pertsonaiak gara». Zer esan ez nekiela gelditu naiz. Aurrera segitu aurretik, irribarre egin dit, eta oihuz esan: «Zure lagun drone hori ziria sartzen ari zaizu, Atef». Aurrera segitu dut, bakarrik. Halakoxeak dira elkarrizketak Gazan orain, sakelako telefonoetan seinalerik ez dagoen honetan. Oinez zoazela, ezagunak hurbiltzen zaizkizu, eta hizketan hasi; minutu bat baino gehiago ez du irauten: bart gauean gertatu zaizkien gauzarik inportanteenen berri ematen dizute, eta zuk ere bai haiei. Gaur egun, jendeak zera entzun nahi du batez ere: ea ezer aipatu duten su etenaz edo tregoaz. Minutu bateko hizketaldi laburrotan, politikari jakin batzuek esandakoak errepikatzen ditu jendeak, eta analisi bizkor bat egin. Jendea elkar lasaitzen saiatzen da gogora ekarriz zein luze dirauen honek eta nola bizirik dauden oraindik. Biltegian urik badute, adibidez, horrekin kontsolatzen dira. Bonbonetan oraindik gasik badute, are pozikago egoten dira, eta eguzki plakak badituzte, berriz, errege ere sentitzen dira. Zer egingo dugu, bada: ahal dugunarekin kontsolatu.

Faraj-ek modua egin du alaba Mariamekin harremanetan jartzeko; Al-Xatiko esparruko borrokan harrapatuta egon da hura aste osoan. Ihes egitea lortu du, eta hegoaldera ihes egin du, senarrarekin eta semearekin batera. Atzo gertatu zen hori dena. Astebete eman dute, ordea, balak ezker-eskuin sartzen zitzaizkiela eraikin osoko hormetan eta leihoetan barrena. Mirariz daude bizirik. Al-Xatiko beste asko, berriz, zeuden lekuan geratu dira: ez janik eta ez urik, Mariamek kontatu duenez. Gurutze Gorriari deitu omen zioten laguntza eske, baina inor ez omen zen azaldu. Arriskua hartu eta ezkerretara ihes egiten dutenek —Salah al-Din kalera— ez dakite bizirik irtengo diren edo ez. Asko bidean tirokatzen dituzte. Mariamek dioenez, etxeko atari nagusia zabaldu orduko tirokatu dituzte beste asko. Salah al-Dinerako bidean, Mariamek pauso bakoitzean ikusi du herio. Tankeak, soldaduak, suziriak eraikinetan lehertzen nonahi. Zerua heriok hartua dago oraintxe, eta lurra ere bai. Soldadu israeldarrak errepidearen bi aldeetan jarrita egoten dira, eta ihesi doan jendetzatik gazte batzuk deitzen dituzte noizbehinka, galdekatzeko. Asko atxilotu ere egiten dituzte. Baina Mariam pozarren dago bizirik irten delako. Orain, beste bizimodu bati ekin beharko dio: desplazatuaren bizimoduari; iheslariaren bizimoduari; edo, kontuan harturik lehendik ere esparru batean bizi zela, bi-bider-iheslariaren bizimoduari.

«Mariam pozarren dago bizirik irten delako. Orain, beste bizimodu bati ekin beharko dio: desplazatuaren bizimoduari; iheslarien bizimoduari; edo, kontuan harturik lehendik ere esparru batean bizi zela, 'bi-bider-iheslariaren' bizimoduari».

Al-Xatiko esparrua setiatuta eduki dute bi asteotan. Israeldarrek mendebaldetik eta iparraldetik egin dute eraso. Hondartzaren ondoan dago esparrua, eta, beraz, itsas armadak kontrolatu du mendebaldea, eta tankeek iparraldea. Xati hitzak hondartza esan nahi du. Han bizi diren errefuxiatu gehienek Jaffa dute jatorria. Gure izeba Khadra zena han bizi zen, eta umea nintzela, udako oporretan, askotan izan nintzen haren etxean eta inguruan. Halako leku bat erasopean dagoenean, ez da haren notiziarik batere izaten, berriemaileei eta korrespontsalei ez baitiete uzten hara sartzen, eta eragotzi egiten dute barrutik ezer kontatzea. Bi aste hauetan, jakin, jakin dugu operazioak egiten ari zirela Al-Xatin, baina xehetasunik ez genekien. Gaur goizean, israeldarrek agindua eman diete kanpalekuan geratzen zirenei alde egin zezaten Yousef Athma kaletik Salah al-Dinera. Esan diete mendebaldetik ekialdera joateko. Bestela ere bidaia luzea zen, baina hori hasiera besterik ez da izan. Gero, izan ere, beste bost kilometro ibili behar izan dute zubira iristeko. Inork ez daki zenbat jende hil den Al-Xitako esparruan israeldarrek egindako erasoaldian. Nire anaia Mohammeden aita-amaginarrebak UNRWAren eskola batera eramanak zituzten, Al-Xatiren iparraldera. Aste honetan ezin izan diegu deitu. Farajek Mohammedi esan zion saiatzeko berriz egunsentian, orduan seinale hobea egongo zela eta. Hortaz, Mohammedek goizaldeko lau eta erdiak aldera esnatu behar izan du telefonoz deitzeko. Baina orduan ere lortu ez. Azkenean, goizeko hamaikak aldera lortu du alabarekin hitz egitea, eta hark kontatu dio denak izebarenera joan zirela ihesi duela bost egun, Xaikh Radwanera. Esan diot joateko bisitan gaur edo bihar. Desplazatuta dauden honetan, beharko dute norbaitek adorea ematea.

Hurrengo atala: «Beldurrak zaude?»

 

Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.