G7koen goi bilerak protagonista berezi bat zuen agintarien artean: Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, estreinakoz izan baitzen nazioarteko bilkura batean. Harentzat, Miarritzeko (Lapurdi) gailurra aukera bat zen mahai gainean kolpe bat emateko. Asmo horrekin iritsi zen Lapurdiko hirira, bere jarrera inposatzeko asmoz, baina, azkenean, errealitatea gainditu zaio: ez du ezer berririk lortu Europako Batasunaren (EB) partetik. Egoerak bere horretan jarraitzen du bi aldeentzat. «Brexit-aren osteko Erresuma Batuan pentsatzen hasi behar dugu», adierazi zuen atzo agintari britainiarrak.
Ia bederatzi aste falta dirabrexit-a gauzatzeko, eta badirudi Johnsonek itunik gabeko irteerara eraman nahi duela herrialdea, EBk ez baititu onartzen haren eskariak. Berez, Erresuma Batuko lehen ministroaren lehentasuna akordio batekin ateratzea da, baina ez egungoarekin. Uste du EBk azken unean aldatuko duela iritzia, orain arte «azken momentuan adostu» baititu itunak: «Zaila izango da. Negoziatzaile gogorrak dira, baina nire lana da gure jarrera defendatzea: backstop-a [Irlandako mugarako protokoloa] ez dela demokratikoa».
Sky News kateari emandako elkarrizketan, Johnsonek errepikatu zuen ituna «hilda» dagoela, baina beste bat adosteko aukerak «handitu» direla gailurrean izandako hizketen ondorioz.
Ilehorien bilkura
Igande goizean, aspaldian espero zen argazki bat egin ahal izan zuten argazkilariek: Johnsonen eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen arteko lehen bilerarena.
Bi agintariek Miarritzeko Hotel du Palaisen izan zuten bilkura, G7aren aitzakia baliatuta, eta, besteak beste, brexit-a izan zuten hizpide. Eztabaidagai nagusia, noski, azken hilabeteotan hainbatetan errepikatu dutena: bi herrialdeek etorkizunean izango duten merkataritza harreman berria. «[Johnsonek] Ez du aholkurik behar. Brexit-a gauzatzeko gizon egokia da», adierazi zien Trumpek kazetariei, bi agintarien arteko bilera hasi aurretik.
Erresuma Batua EBtik ateratzen denean, bi herrialdeek merkataritza harreman berria zehaztu beharko dute, eta AEBetako presidentea nahiko baikor agertu zen negoziazio horiei begira; are, uste du «azkar» adostuko dutela harreman berria: «Nahiko azkar. Ez dut uste arazorik izango dugunik. Inoizko itunik handiena izango dugu». EBko merkaturako sarrera zailduta, AEBetakora begira jarri nahiko du Johnsonek, herrialdearen irteera gauzatu eta berehala.
G7koen goi bilera Miarritzen
Johnson: «'Brexit'-aren osteko herrialdean pentsatzen hasi behar dugu»
Erresuma Batuko lehen ministroak estreinako nazioarteko goi bilera izan du. Trumpen iritziz, merkataritza akordioa «azkar» adostuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu