Badirudi, egunotako adierazpenak, bilkurak eta asmoak aintzat hartuta, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalean denek helburu bera dutela asteotarako: batasuna berreskuratzea, edo, behintzat, elkartuta dauden itxura ematea berriz ere. Horretarako, ezinbestekoa zen adostasun figura bat aurkitzea, eta, batez ere, lehiakide sendorik ez izatea. Lehen baldintza lortu dute, John Swinneyrengana jo baitute, hasiera-hasieratik, goi kargudun gehienek, eta hark baiezkoa eman baitu; eta bigarren baldintza ere bete da azkenean, Kate Forbesek uko egin baitio primarioetan lehiatzeari, eta babesa helarazi baitio Swinneyri. Dena du aldeko, hortaz, berriz ere alderdiaren buruzagi bilakatzeko.
Swinneyk gaur goizean jakinarazi du barne bozketan lehiatzekoa dela, eta horren berri emateko agerraldia baliatu du SNPren arazo guztien laburpen moduko bat egiteko. Alderdia aspaldidaniko krisirik sakonenean dago, eta Humza Yousafen dimisioak are gehiago elikatu du barne zatiketa. Horren jakitun da Swinney, eta diagnostiko zintzoa egin du: egoera erabat aldatu beharra dagoela, SNPk bere helburuak bete nahi baditu. Eta, noski, batasuna berreskuratzea ezinbestekoa izango dela hori guztia lortzeko. Finean, ez du bere burua engainatu, egungo erronkak ikusirik. «SNP eta Eskozia elkartu nahi ditut independentziarako», adierazi du prentsaurrekoan.
Urtebete pasatxoan bi dimisio izan ondoren, batasuna lehenetsi nahi dute alderdi barnean, eta, horretarako, inor hoberik ez aurpegi ezagun bat baino, politikan esperientzia duen alderdikide bat baino. Mezu hori helarazi dute egunotan SNPko goi kargudun askok, eta Swinney berehalako apustua izan da horientzat guztientzat; horren erakusle, gaurko agerraldian lehen lerroan izan direla, txalo zaparrada artean sostengua islatzeko. Eta printzipioz primarioetako lehiakide bakarra izango denak babesa eskertu die, azalduta, besteak beste, orain arteko bideari eutsi nahi diola; hau da, «zentro-ezker moderatuaren tradiziotik» gobernatuko lukeela, eta independentziaren afera erdigunean jarrita.
Hori bai, Swinneyk aitortu du Erresuma Batutik ateratzeari buruzko aferak ez duela, esaterako, duela pare bat urte zuen indar bera, eta, horregatik, adierazi du herritar gehiago konbentzitu nahi dituela erabaki hori hartzea egokiena izango denaren inguruan. Aldiz, ez du azaldu nola lortuko lukeen bigarren independentzia erreferendum posible batera deitzea —lehena 2014an egin zuten—, Londresek behin eta berriz ezezkoa eman baitu urteotan. Auzi horretaz aritzean ere oroitarazi du SNP ez dagoela elkartuta, eta agerian utzi du, beraz, hori izango duela erronketako bat alderdiko buruzagi aukeratuko balute.
«Oinarri komunak bilatu beharko ditugu, eta gure ikuspuntua aldatu behar dugu parlamentuan. Beste alderdi guztiekin egin behar dugu lan».
JOHN SWINNEYSNPren primarioetako lehiakidea
Gobernabideari dagokionez, SNPk ez du gehiengo osorik Eskoziako Parlamentuan —129 aulkietatik 63 ditu, 65eko gehiengo osotik gertu—, eta, hortaz, Swinneyk keinu egin dio haren alderdiak eta Eskoziako Alderdi Berdeak joan den astera arte zuten lankidetza akordioari ere: «Oinarri komunak bilatu beharko ditugu, eta gure ikuspuntua aldatu behar dugu parlamentuan. Beste alderdi guztiekin egin behar dugu lan». Berdeen buruzagikide Patrick Harveyk iragan astelehenean atea ireki zion SNPko buruzagia aldatuta alderdi horrekin berriz lan egiteari, eta badirudi adierazpen horri erantzun diola primarioetako lehiakide bakarrak.
SNPren iazko barne bozketaren helburuetako bat zen belaunaldi aldaketa gauzatzea, baina, hainbat arrazoiren ondorioz, Yousafek ez du egonkortasunik lortu. Hortaz, modu batera edo bestera atzera egin, eta ibilbide luzeko alderdikide baten alde egitea izan da erabakirik egokiena, alderdiak agerian utzi duenez. Swinney alderdiaren buruzagi izan zen 2000 eta 2004 bitartean, eta 2007tik iaz arte Eskoziako Gobernuan egon zen, Alex Salmonden (2007-2014) eta Nicola Sturgeonen (2014-2023) kabineteetan —besteak beste, lehen ministrorde gisa—; gainera, Eskoziako Parlamentuko diputatua da, ganbera hori 1999an eratu zutenetik.
Sendotasun irudia
Joan den urtetik, beraz, gobernutik kanpo zegoen Swinney, eta gaurko agerraldian esan du horrek balio izan diola politika «beste perspektiba batetik ikusteko», eta argitzeko zer eskain dezakeen. Aitortu ditu zein den egoera eta zeintzuk diren erronkak, eta zer egingo lukeen. Sendotasun eta irmotasun irudia bidali du, ahalik eta alderdikide eta militante gehien konbentzitzeko.
Horren aurretik, Forbes bera limurtzea lortu du. Finantza eta Ekonomia ministro ohia (2020-2023) iazko primarioetan lehiatu zen, eta gutxigatik galdu zuen Yousafen kontra —botoen %48 bildu zituen—. Horrek, beraz, aurten berriz aurkezteko itxaropena sortu zuen haren aldekoen artean, baina azkenean ez du pauso hori eman, eta badirudi Swinneyk egin dion proposamena onartu duela —atzo bilkura bat izan zuten biek—: «talde elkartu batean» postu eta rol «nabarmen bat» izatea.
«Bien arteko eztabaida eraikitzaile eta zintzo baten ondoren», Forbesek esan du, gaur arratsaldean argitara atera duen komunikatu baten bitartez, argi geratu zaiola hark eta Swinneyk «asmo indartsu komuna» dutela «herrialdearentzat», eta Eskoziako lehen ministrorde ohiak ziurtatu diola «eztabaida dibergente eta sendorako barne errespetua» izango dutela alderdian. Arrazoi horiengatik erabaki du Swinneyrekin bat egitea, testuan azaldu duenez.
Eskoziako Parlamenturako hurrengo hauteskundeak 2026an egingo dituzte. Horren aurretik, baina, Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak daude aurreikusita —beranduenez, datorren urtarrilerako—, eta hori izango da SNPren hurrengo buruzagiaren lehen hauteskunde erronka. Horiei begira jarri da jada Swinney: «Ez naiz jarduneko lider bat».