John Swinney SNPko buruzagi bilakatu da

Eskoziako Alderdi Nazionalaren primarioetan hautagaitza bakarra aurkeztu dute. Lider berria asteon izendatuko du lehen ministro parlamentuak.

(ID_13851061) BRITAIN SCOTLAND POLITICS
John Swinney, gaur egin duen agerraldi baten aurretik, Glasgowko Unibertsitatean (Eskozia). ROBERT PERRY / EFE
ander perez zala
2024ko maiatzaren 6a
13:25
Entzun

Batasunaren izenean, azkenean bai, hautagai bakarra aurkeztu da SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren primarioetara: John Swinney lehen ministrorde ohia (2014-2023). Hori zen helburua, eta horregatik ez du izena eman Kate Forbes Finantza eta Ekonomia ministro izandakoak (2020-2023). Swinney, hortaz, automatikoki bilakatu da SNPko buruzagi, bozketarik egiteko beharrik gabe. «Direnak eta ez direnak egingo ditut nire alderdiaren eta herrialdearen zerbitzuan», esan du lider berriak, X sare sozialean idatzitako mezu batean.

Eta hori aintzat harturik azken orduan ezusterako tarte bat izan dutela alderdian. Atzo, Graeme McCormick ekintzaileak jakinarazi zuen hautagaitza aurkezteko nahikoa sinadura bildu zituela, eta horrek kolokan jarri zuen batasuna islatzeko plana. Swinneyk berehala erreakzionatu zuen, eta, McCormickekin batzartu ostean, hura konbentzitzea lortu zuen, ekintzaileak gerora esan baitzuen ez zela primarioetan lehiatuko.

SNPk, hortaz, buruzagi berria du —hirugarrena hiru urteko epean—, baina, aldi berean, ez da aurpegi ezezagun bat izango postu horretan, Swinneyk 2000 eta 2004 bitarte gidatu baitzuen alderdia. Oraingoan, gainera, eta ezustekorik ezean, Eskoziako lehen ministro ere bilakatuko da; parlamentuan egingo dute bozketa aste honetan, eta, printzipioz, Eskoziako Alderdi Berdeak haren alde egingo du edo abstenitu egingo da.

Bederatzi urtez gobernuburuorde izateaz gain, Swinney Ekonomia eta Finantza ministro (2007-2016) izan da, baita Hezkuntzakoa (2016-2021) eta COVIDetik Osatzekoa ere (2021-2023). Gainera, 1999tik da diputatua Eskoziako Parlamentuan.

Yousafen dimisioaren ostean

Humza Yousafek joan den astelehenean jakinarazi zuen Eskoziako gobernuburu eta SNPko buruzagi karguak utziko zituela, haren alderdiak eta Berdeek 2021ean adostu zuten lankidetza akordioa amaiarazi eta egun gutxira. Erabaki horren ondorioz, gobernua gutxiengoan geratu zen parlamentuan, eta oposizioak bi konfiantza mozio aurkeztu zituen; bata, haren kontrakoa, eta bestea, kabinetearen aurkakoa. Lehen ministroak ez zuen aukerarik bozketa horiek irabazteko, eta kontrako testuinguru horretan erabaki zuen gobernuburu postua uztea.

Yousafek urtebete pasatxo egin du Eskoziako lehen ministro karguan. Aurrez, SNPko primarioetan lehiatu zen, eta gutxigatik irabazi zuen Forbesen kontra: %52-%48. Emaitza horrek alderdiaren barne zatiketak islatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.