Joe Biden ez da berriro izango AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente. Buruzagi demokratak sare sozialetan argitaratu duen gutun baten bidez eman du albistea, bozetarako lau hilabete eskas falta diren honetan. Azken orduetan, 38 ordezkarik eta lau senatari demokratak eskatu diote publikoki presidentetzarako lehia uzteko, iritzita lekukoa belaunaldi gazteari emateko «garaia» dela. Herenegun, kanpainari heltzeko «prest eta irrikan» zegoela esan zuen, baina iritzia aldatu du gaur.
— Joe Biden (@JoeBiden) July 21, 2024
Bidenek 81 urte ditu, eta azken hilabeteetan askok jarri dute zalantzan haren hautagaitza, nagusiki osasun kontuak aipatuta. Mugarri izan zen joan den hilean Donald Trump errepublikanoaren aurka telebistan izan zuen eztabaida batean emandako irudi eskasa, eta ordutik bere asmoei uko egiteko jasan duen presioa erabakigarria izan da azkenean.
Ikusi gehiago
Dena den, argi utzi du egungo agintaldia amaituko duela eta, beraz, presidente izango dela 2025. urteko urtarrilera arte. Hauteskundeak azaroan egingo dituzte. «Nire bizitzako ohorerik handiena izan da presidente izatea. Eta, bai, berriz ere aurkezteko asmoa nuen arren, uste dut nire alderdiarentzat eta herrialdearentzat onena dela ni erretiratzea eta datozen hilabeteetan presidente gisa ditudan betebeharretan kontzentratzea».
Presidentetzarako lehia utzita, bidea erraztuko dio Kamala Harris egun presidenteorde denari. Lehen aldiz litzateke emakume beltz bat AEBetako presidentegai. Bidenek ez du aipatu bere agurreko idatzian; bai, ordea, sare sozialetan zabaldu duen bigarren mezuan. «Babes osoa eskaini nahi diot Kamalari, gure alderdiaren hautagai izan dadin. Demokratok: batu eta Trump garaitzeko ordua da. Egin dezagun», idatzi du. Aste honetan azalpen gehiago emango dituela iragarri du.
Trumpek bere sare sozialean egin dituen adierazpenak, Truthen: «Joe Biden ustela ez zen gauza presidente gai izateko, ezta zerbitzu hori emateko. Ez da inoiz izan! Presidente izatera heldu da gezurrei eta albiste faltsuei esker. Begira zer egin dion gure herrialdeari: milioika lagun ari dira gure mugak zeharkatzen kontrolik gabe, horietako asko kartzeletatik edo zoroetxeetatik datozenak, baita terroristak ere. Asko sufrituko dugu legegintzaldi honen ondorioz, baina egindako kaltea azkar konponduko dugu».
Gutuna
Gutunean, Biden harro agertu da «azken hiru urte eta erdian egindako aurrerapenengatik». Aipatu ditu, besteak beste, ekonomia, «munduko indartsuena»; botiken prezioen beherakada eta osasun arretaren hobekuntza; armen kontrolerako legea; eta AEBetako Auzitegi Gorenaren buru lehen aldiz emakume afro-amerikar bat izatea.
Horrek guztiak, ordea, ez ditu konbentzitu ez alderdikideak, ezta herrikideak ere. Demokratek sekulako presioa egin dute Biden bozetara berriz aurkeztu ez zedin, besteak beste, Trump garailetzat jotzen duten inkestek bultzatuta. Presidentearen asmoak gaitzetsi dituzte diru emaileek, analistek, hedabideek, senatariek, kongresistek eta Alderdi Demokratako kide garrantzitsuek, hala nola Ordezkarien Ganberako presidente izandako Nancy Pelosik eta Barack Obama presidente ohiak.
Dena den, ezustean heldu da Bidenen gutuna, eta ikusteko dago zer ondorio izango dituen. Demokraten Batzar Nazionala Chicagon izango da, abuztuaren 19tik 22ra, baina alderdiak esana du abuztuko lehen asterako izendatu nahi duela presidentegaia, izan Biden edo izan beste bat. Harris da izenik logikoena.
«Beti pentsatu izan dudana pentsatzen jarraitzen dut: ez dago Estatu Batuak egiteko gai ez den ezer, betiere bat eginda egiten badugu. Estatu Batuak garela gogoratu behar dugu», idatzi du Bidenek gutunaren amaieran.
Dimisioa, gorazarrea eta Harrisi babesa
Albistea jakin denetik, zenbaitek Bidenen dimisioa ere eskatu dute, besteak beste, Mike Johnson Ordezkarien Ganberako presidenteak eta J.D. Vance presidenteorde izateko errepublikanoen hautagaiak. «Ez bada hautagai izateko gai, ez da presidente izateko kapaz», idatzi dute biek.
Demokraten zenbait buruzagik, berriz, Bidenen erabakia txalotu eta haren ibilbidea goraipatu dute, adibidez, Obamak. Kamala Harrisen hautagaitza ere babestu dute batzuek jada; esaterako, Bill eta Hillary Clintonek.
Horrez gain, haibat jende ospetsuk adierazi dute Harris sostengatzen dutela, hala nola Jamie Lee Curtis eta Barbra Streisand aktoreek, eta Katy Perry abeslariak.
Edonola ere, oraindik bidea egiteke dago hura ofizialki hautagai izendatzeko. Bidenek bere alderdiko 3.896 ordezkariren sostenguarekin lortu zuen hautagai izendatzea. Orain, berriz erabaki beharko dute Harrisi sostengua ematen ote dioten. Abuztuaren 19an bilduko da alderdiaren konbentzioa Chicagon. Hautagaiak alderdiko 1.976 kideren botoak beharko ditu gutxienez.
Beste zalantza: Harris aukeratuz gero, nor izango da haren bigarrena, hau da, presidenteorde izateko hautagaia?
Hainbat izen daude dantzan: Andy Beshear Kentuckyko gobernadorea, Josh Shapiro Pennsylvaniakoa, eta Roy Cooper Ipar Carolinakoa, esaterako.