Aurtengoa inoiz neurtu den otsailik beroena izan da, Copernicus Europako Batasunaren klima aldaketa aztertzeko zerbitzuaren arabera. Joan den hilabetearekin, bederatzi dira garaiko tenperatura markak hautsi dituzten hilak. Datuen arabera, otsaila 1,77 gradu beroagoa izan da, industriaurreko (1850-1900) tenperaturen aldean.
Azken urteko tenperaturek —iazko martxotik aurtengo martxora artekoek— 1,56 gradutan gainditu dituzte industriaurreko tenperaturak, eta, beraz, Lurraren berotzea 1,5 graduren langatik gora kokatu da, behin-behinean. Zientzialariek ohartarazi dutenez, klima aldaketaren ondorioak nabarmen okertuko dira, erreferentzia hori modu egonkorrean gaindituz gero.
Aurtengo otsailak 0,12 gradutan gainditu du aurreko beroena, 2016. urtekoa. Ordukoa ere El Niño fenomeno meteorologikoaren eraginpean egon zen.
Copernicuseko zuzendari Carlo Buontempok berotegi gasen kontzentrazioa murrizteko beharra nabarmendu du. «Klimak atmosferako berotegi gasen kontzentrazioari erantzuten dio, eta, beraz, hori egonkortu ezean, aurre egin beharko diegu tenperatura marka gehiagori eta horien ondorioei».
Europan, otsaileko datuak ohikoak baino 3,3 gradu beroagoak izan ziren —1991tik 2020ra arteko tenperaturak hartzen dira oinarri gisa ohiko tenperaturak zehazteko—, eta Euskalmetek aste honetan jakinarazi du joan den hila ohikoa baino 2,5 gradu beroagoa izan zela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Are ezohikoagoak izan dira itsas azaleko uraren tenperaturari buruzko datuak. Poloetatik kanpo, inoizko daturik altuena utzi du otsailak: 21,06 gradu. Hala, joan den hilak gainditu egin du iazko abuztuak ezarri zuen marka, 20,98 gradukoa.