Compostelatik 70 bat kilometro mendebaldera dago Muros, Galiziako ipar-mendebaldean. Abenduan Atlantikora jausitako plastikozko pinporten krisia gehien sufritzen ari diren Galiziako herrietako bat da. Plastikozko bolak lurrera iristen hasi diren lehen lekuetako bat izan zen. Galiziako Xuntak garaiz erantzuten ez zuela sumatuta, herritarrak aritu dira asteburuan hondartzak garbitzen, baina ezbeharra izan zuen itsasontziaren aseguru etxea Murosko Udalarekin harremanetan jarri da egunotan, eta garbiketa antolatzen hasi dira.
Atzo, asteartea, 15:00etan hastekoak ziren kalte gehien dituen hondartzetako bat garbitzen. Aseguru etxeak jarritako garbiketa enpresa batek hemezortzi langile kontratatu ditu lan horretarako, eta boluntarioekin ere antolatu dute lan hori. Maria Lago Murosko alkatea (BNG) elkarrizketatu du Nòs Diario-k, egoera zertan den jakiteko, eta hark azaldu du erabaki zutela konponbide bat bilatzea, beren kasa, «beste administrazioen utzikeria» ikusita. «Lan neketsua izango da, eta denbora beharko da, zeren, besteak beste, marearen menpe ere bai baitago lana, baina ezin dugu gehiago itxaron: herriko hondartza guztiak daude kaltetuta».
Nola dago orain Muros?
Orain, areatza guztiak dauzkagu kaltetuta, eta horien artean Area Maior [Hondartza Nagusia] dago okerren. Guk hondartzetako garbiketa erabat koordinatua dugu boluntarioekin, elkarte zibilekin eta itsasontziaren [Toconao, zama galdu zuen ontzia] aseguruak bidali duen enpresarekin, zeina erantzuten ari den bakarra baita. Dena prest dago gaur [atzo] lan sakona hasteko, baliabide profesionalagoekin.
Beste kontu inportante bat: herritarrei esan behar zaie hondartzetara ez sartzea inportantea dela, batez ere garbitzen ari diren bitartean. Ikusi duguna da hondarra zenbat eta leunago egon orduan eta hobea dela garbiketa egiteko.
Eta Galiziako Xuntak zer-nolako laguntza eman dio orain arte Murosko Udalari?
Ikusi dugun bakarra zera da, Galiziako Xuntaren enpresa bat etorri zela joan den asteburuan, boluntarioek bildutako plastikoen poltsak jasotzera, eta hori ere ez, zeren boluntarioek eurek jaso behar izan baitzituzten haiek utzitako poltsa batzuk. Xuntaren laguntzarik ez dago, edo ia ez dago. Alfonso Vilares Itsasoko [Xuntako] kontseilariaren gutun bat jaso genuen, esateko faktura guztiak departamentura bidaltzeko, eta egoerari buruzko txostenak bidaltzeko, jakin dezaten zein hondartza ditugun kaltetuak; eta elkarlana hor bukatu da. Ez dute bidali ez koordinaziorik, ez materialik, ez beste ezer; udalekook hau baino ezin dugu esan: ez dugula sentitzen elkarlanik dagoenik.
Alfonso Rueda Galiziako Gobernuko presidenteak alerta maila bigarren gradura igo du astearte honetan, Asturiasko Gobernuak hori bera egin ondoren, nahiz eta ordura arte kontrakoa adierazi duen. Zer iruditzen zaizu?
Ikusi nuenean alerta maila handituko zutela, lehen kolpean, galdera bat etorri zitzaidan burura: «Orain?». Boluntario taldeekin eta itsasontziaren aseguru etxearekin dena bideratua dugula, gure udalerriko hondartza kaltetuen balorazioa egina dugula... Orain erabaki du Alfonso Ruedak alarmaren maila handitzea? Joan den astean egin behar zuen hori, alerta lehen graduan jarri zuenean; garai hartan handiagoa zen larrialdia.
Orain arte geure kasa ibili behar izan dugu arazo izugarri honi aurre egiteko, eta, noski, etortzekoa den laguntza guztia ona izango da, baina argi esan behar dugu: berandu dabil. Bistan da: alerta maila handitzearen ondorioz iritsiko diren baliabide guztiak ongi etorriak izango dira udalarentzat, eta pinporta guztiak hiru egunean kendu ahal bagenitu, hobeto, baina Rueda eta Galiziako Gobernua oso berandu dabiltza.