Jimmy Carter, Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia, atzo hil zen, Plainseko bere etxean (Georgia, AEBak). Urriaren 1ean bete zituen ehun urte, eta familiak duela zenbait hilabete jakinarazi zuen gertu zuela heriotza. Iaz egin zuen azken agerraldi publikoa, emaztearen hiletan. Gehien bizi izan den AEBetako presidentea da; besteak beste, bi minbizi gainditu ditu.
Politika demokratak agintaldi bakarra egin zuen Etxe Zurian. Watergate eskandaluak eta Vietnamgo gerrak baldintzatutako garaian, 1976ko presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen Gerald Forden aurka, gezurrik ez esateko eman zuen hitzak bultzatuta. Presidentetzara heldu baino lehen, AEBetako armadako marinea izan zen zazpi urtez, 1946tik 1953ra; bederatzi urte geroago, 1962an, Georgiako jardun politikoan sartu zen, eta, zortzi urte geroago, 1970ean, Georgiako gobernadore hautatu zuten.
AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko Gerra Hotz betean iritsi zen agintera —bi potentziek aro horretan izan zituzten buruzagi gorenen artean bizirik zegoen azkena zen—, eta hiru lehentasun nagusi izan zituen: armen kontrola mugatzea, giza eskubideak sustatzea eta ekologia bultzatzea. Testuingurua bestelakoa zen, ordea. Petrolioaren krisiak eragindako inflazioak eta Irango bahituen krisiak lanak zaildu zizkioten. 1979ko azaroaren 4an, Iraultza Islamistaren garaian, ikasle irandarrez osatutako talde batek AEBen Teherango enbaxada hartu zuen, eta 66 diplomatiko eta herritar estatubatuar bahitu zituen. Krisia 444 egun luzatu zen, eta Carterrek ez zuen lortu gatibu haiek askatzerik; kargua utzi zuen egun berean askatu zituzten haietako 52.
Horiek horrela, Ronald Reagan presidentegai errepublikanoa (1981-1989) nagusitu zen hurrengo bozetan. Hain justu, Carter izan zen AEBetako hegoaldeko estatuetan Alderdi Errepublikanoko presidentegaiak baino boto gehiago lortu zituen azken presidentegai demokrata. 1981eko urtarrilean, presidente lanak amaitu eta jaioterrira itzuli zen, Georgiara, baina ez zen erretiratu politikatik. Carter Zentroa sortu zuen, demokrazia eta giza eskubideak sustatzeko, eta nazioarteko hainbat gatazkatan lanean jardun zuen konponbide bila. Horregatik eman zioten Bakearen Nobel saria 2002. urtean.
Camp Davideko Hitzarmenak
Atzerri politikari dagokionez, Egiptoren eta Israelen arteko harremanak hobetzea izan zen Carterren agintaldiko lorpen handienetako bat. Camp Davideko Hitzarmenen bidez lortu zuen hori, 1978an. Adostasun horri esker, Israelek alde egin zuen 1967ko Gerran okupatutako Egiptoko Sinai penintsulatik, eta Egiptok estatu judua aitortu zuen; aurreneko herrialde arabiarra izan zen hori egiten. Horrez gain, Zisjordaniarako eta Gazarako erregimen autonomo bat eraikitzeko egutegi bat adostu zuten.
Urtebete lehenago, 1977an, Torrijos-Carter Itunabultzatu eta sinatu zuen. Akordio horren bidez, Panamak Panamako kanalaren gainean zuen subiranotasuna aitortu zuen, eta, hala, AEBek hor zuten kontrola galdu zuten. Nolanahi ere, 1989an AEBek Panama inbaditu, eta beren aldeko bat ezarri zuten gobernuan, Guillermo Endara. Kanala 1991n eskualdatu zuten behin betiko. Ia mende erdi geroago, Carterrek bultzatutako itunak kritikak eragiten ditu AEBetako Alderdi Errepublikanoan; horren erakusgarri da, hain justu, Donald Trump presidente hautatuak iragan astean esandakoa: Washingtonek Panamako kanalaren kontrol osoa berreskuratu behar lukeela. Bestalde, harreman diplomatikoak estutu zituen Txinarekin.
Eta Euskal Herriko gatazkan ere esku hartu zuen. Besteak beste, Aieteko Adierazpena babestu zuen: ETAri, borroka armatua uztea eskatzeko, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei, elkarrizketa prozesu bati ekitea eskatzeko. Carterren fundazioak Brian Currin buru zuen Nazioarteko Harreman Taldea osatzen ere lagundu zuen, eta haien lana nabarmentzekoa izan zen armagabetzea heldu artean.
2007an, Carterrek esan zuen prest zegoela ETAren eta Madrilen arteko bitartekari izateko, baina nahiago zuela gatazka hori nazioarteko esku hartzerik gabe konpontzea. 90eko hamarkadan ere bildu ziren Carter Zentroko ordezkariak ETAkoekin Dominikar Errepublikan, «bake akordio bat negoziatzeko», baina Carterrek esan zuen Madrilek muturra ez sartzeko eskatu ziela.
Estatu hileta
«Nire aita heroia izan zen, ez niretzat soilik, baita bakean, giza eskubideetan eta maitasun desinteresatuan sinesten duten guztientzat ere», adierazi du ohar bidez Chip Carterrek, presidente ohiaren seme-alabetako batek. «Nire anai-arrebek eta nik munduarekin konpartitu genuen aita, batzen gaituzten ideia horien bidez. Mundua gure familiako kide da jendea batu zuen moduagatik».
Carterrek kakahueteen ekoizpenari esker egin zuen dirua, oso sinestuna zen, eta betidanik izan zuen politikarekin lotura estua. Aita Georgiako legegile izandakoa zen, eta ama, berriz, erizaina eta ekintzailea.
Jada eginak dituzte omenaldi publikoak Atlantan eta Washingtonen, baita hileta pribatua ere, Plainsen. Joe Biden egungo presidenteak, ordea, estatu hileta bat egiteko agindu du. 2018an egin zen azkena, George H. W. Bush hil zenean.
doluminak eta laudorioak mundu zabaleTIK
Nazioarteko estatuburu, politikari eta diplomazialari andana batek izan ditu hizpide, azken orduetan, hil berri den AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohi Jimmy Carterren (1977-1981) ibilbidea eta haren lorpenak. Besteak beste, egungo presidente Joe Bidenek goraipatu ditu haren lanak, atzo iluntzean zabaldutako komunikatu baten bidez: «Lan egin zuen gaixotasunak desagerrarazteko, bakea eraikitzeko, giza eskubideetan aurrera egiteko, hauteskunde askeak sustatzeko, etxerik ez zutenei etxea emateko». Datorren hilaren 20an Bideni erreleboa hartuko dion presidente hautatuak ere, Donald Trumpek, esan dizkio hitz batzuk: «Presidente zela, Jimmyk aurre egin behar izan zien gure herrialdearen historian giltzarri izan diren hainbat erronkari, eta bere esku zeukan guztia egin zuen estatubatuar guztien bizimodua hobetzeko. Horregatik, zorretan gaude harekin».
Halaber, Carterren agintaldia eta, batez ere, ondorengo ibilbidea goraipatu dute nazioarteko beste hainbat agintarik, hala nola Egiptoko presidente Abdel Fattah al-Sisik, Panamako Jose Raul Mulinok eta Israelgo Isaac Herzogek; baita Txinako Atzerri Ministerioak, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik ere. Euskal Herrian ere izan dira erreakzioak. Kasurako, Carterrek Aieteko Nazioarteko Konferentzian izan zuen «toki garrantzitsua» nabarmendu du EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik, X sare sozialaren bidez.