Jihadismoa Europan, hogei urteko arrastoa

Gaur hogei urte egin zuten Madrilgo tren geltokiko atentatua, XXI. mendean Europan hildako gehien eragin duena: 193 lagun. 1994tik 2022ra 249 eraso jihadista egin dituzte Europan, JPEDren arabera.

Leherketaren osteko momentuak, Madrilen, gaur hogei urte. EMILIOI NARANJO / EFE
Leherketaren osteko momentuak, Madrilen, gaur hogei urte. EMILIO NARANJO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko martxoaren 11
05:10
Entzun

Jihadismoa «islamaren kontzeptu tradizionalak ustiatzen dituen ideologia biolentoa» da, Europol EB Europako Batasuneko estatuetako polizia operazioak koordinatzen dituen erakundearen arabera. Termino hori arrotza zen Euskal Herrian eta Europan XXI. mendea hasi aurretik —Frantzian ezagutzen zuten, 1990eko hamarkadan Aljeriako GIA Talde Islamiko Armatuak egindako atentatuengatik—. 2001eko irailaren 11n AEB Ameriketako Estatu Batuetan Al-Qaedak New Yorkeko Dorre Bikien aurka egindako erasoak arazoa Mendebaldera iritsi zitekeela aurreratu zuen; eta, gaur duela hogei urte, Europan agertu zen.

2004ko martxoaren 11, goizeko zazpiak eta 36 minutu. Madril, Atochako tren geltokia. Lehen motxilak egin du eztanda trenean. Hurrengo lau minutuetan, beste bederatzi bonba aktibatuko dituzte jihadistek, eta guztira lau tren txikitu. 193 lagun hil zituzten, eta 2.000 inguru zauritu. Al-Qaedarekin harremana zuen talde batek egin zuen erasoa —zenbaitek ETA izan zela esan zuten arren—. XXI. mendean Europan hildako gehien eragin duen atentatua izan zen hura. Jihadismoa Europara iritsi zen, eta hurrengo hogei urtetan odola isuri du herrialde andana batean.

Osama Bin Laden Al-Qaedako buruzagia argi mintzo zen Madrilgo erasoaren ostean: «Atentatua Espainiak Iraken, Afganistanen eta Palestinan egin dituen ekintzen zigorra da». AEBak eta Espainia izan ziren Mendebaldean jihadisten lehen kolpeak hartu zituztenak. Denbora gutxi igaro zen Azoresko argazkiaren —garai hartako AEBetako presidente George W. Bush, Espainiako estatuburu Jose Maria Aznar eta Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blair agertzen dira bertan, Irakeko gerra abiatzeko akordioa egiten— hirugarren oinari eraso egiterako.

2005eko uztailaren 7an, lau jihadistak beren buruaz beste egin zuten Londresko garraio publikoetan. Hiruk metroan egin zuten eztanda, eta beste batek autobus batean; 52 lagun hil eta 784 zauritu zituzten.

Madrilgo atentatuaren ostean, Europan hildako gehien eragin duten zazpi atentatuen artean bakarrak ez zuen jihadismoa izan arrazoitzat —Norvegian 2011ko uztailaren 22an 77 lagun hil zituzten islamofobotzat jo zen eraso batean—. Are gehiago, JPED Europako Konplot Jihadisten Datu Multzoak Europan izandako 249 eraso aztertu ditu, 1994tik 2022ra; horietatik 104 gauzatu zituzten, eta beste 145ak Polizia operazioek zapuztu zituzten.

Taldetik otso bakartira

Baina erasoek ez dituzte beti ezaugarri berak izan hamarkadotan. Horiek lau taldetan sailkatu daitezke Madrilgo atentatutik gaur egunera, Jeanne de Roy van Zuidewijn eta Edwin Bakker Leiden Unibertsitateko (Herbehereak) ikerlariek Journal of policing, intelligence and counter terrorism aldizkarian plazaratutako ikerketan diotenez: 2004tik 2006ra bitarte, Al-Qaedaren eta hari lotutako taldeen erasoak egon ziren; 2006tik 2014ra, EI Estatu Islamikoa heldu arteko «baretasuna» izan zen; 2014-2017 aldian, EIrekin lotutako atentatuak; eta 2017tik aurrera, «normaltasun berria».

Petter Nasser da JPEDren egilea, eta iaz aurkeztu zuen ikerketa hori. Hark azaltzen du 2004. urtearen inguruan —atentatuak Al-Qaedak egiten zituenean— taldeek egiten zituztela erasoak, eta, EIren gorakadaren ondoren, taldeetatik «otso bakartietara» aldatu zirela. Ekintzaileen kopurua ez da aldaketa bakarra: ikerketako datuek adierazten dute aurreneko multzoko erasoak bonbekin egiten zirela batez ere, eta EIren ideiek bultzatutakoak, berriz, labankadaz edo autoekin.

Europan hildako gehien eragin DUTEN eraso jihadistak:

  1. Madrilgo Atocha tren geltokiko erasoa (2004): 193 hildako eta 2.050 zauritu.

  2. Parisko Bataclan aretoko erasoa (2015): 130 hildako eta 413 zauritu.

  3. Nizako kamioi erasoa (2016): 86 hildako eta 434 zauritu.

  4. Londresko garraio publikoetako erasoa (2005): 52 hildako eta 784 zauritu.

  5. Bruselako erasoa (2016): 32 hildako eta 340 zauritu.

Europan talde batek antolatutako azken atentatua Parisko Bataclan aretokoa izan zen, 2015eko azaroaren 13an. 1.500 lagun inguru ari ziren Eagles of Death Metal taldearen kontzertua entzuten, eta jihadistek horietako 137 hil zituzten. Urte latza izan zen Frantzian, urtarrilaren 7a eta 9a bitartean beste bi atentatu izan baitzituzten: Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren erredakzioan eta Hyper Cacher supermerkatuan, biak ala biak hiriburuan.

Atentatu horiek otso bakartiaren irudia zabaldu zuten mundura —askotan otso bakartiaren kontzeptua erabili arren, talde txikiak ziren—, hurrengo urteetan Europan zehar hautsak harrotuko zituena. Nesserrek EIren «izuaren olatuan» kokatzen ditu eraso horiek; Nizan (Okzitania) izan zen otso bakartien erasorik bortitzena, 2016ko uztailaren 14an kamioi batekin 86 lagun harrapatu eta hil baitzituzten.

Kamioi edo furgoneta bat hartu eta ibiltariak harrapatzea ohiko bilakatu zen jihadisten atentatuetan. Horren adibide ere badira 2017ko udan Bartzelonan —zortzi hildako eta 152 zauritu eragin zituen— eta Londresen —zortzi hildako eta 48 zauritu eragin zituen— egindako atentatuak.

«Normaltasun berria»

Arazoa ez da desagertu. Europolen datuen arabera, 2022an EBn atxilotutako 330 «terroristetatik» 266k «terrorismo jihadistarekin» zuten nolabaiteko lotura. Eta EBn egindako azken eraso jihadista joan den urriaren 16an izan zen, hain zuzen: Bruselan, otso bakarti batek bi suediar hil zituen, tiro eginda. EIren atentatuetan oinarrituta ekin ziola esan zuen erasotzaileak.

«EBn egingo diren atentatu gehienak norbanakoek egitea aurreikusten dugu», esan zuen Euronews katean Europoleko bozeramaile Jan Op Gen Oorthek, otso bakartiek Europan egin dezaketena dela-eta. Leideneko ikerlariek, halere, ohartarazi dute otso bakartien erasoek ez dutela zertan jihadismoarekin loturarik izan: «Terrorismoaren eta biolentzia politikoaren era berriak azkar hedatzen ari dira; eskuin muturreko ideiak bultzatutakoa, esaterako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.