Ruandako genozidioak 25 urte. Testigantzak

«Jendeak ordaindu egiten zuen tiroz hil zitzaten eta ez aihotzez»

Ruandako gerra zibilaren eta genozidioaren bost lekukorekin elkartu da BERRIA; Euskal Herrian bizi diren bi ruandar, eta han bizi izandako hiru euskaldun. Denek eman dituzte garai hartako testigantza latzak. Matxeteen genozidioa izan zen.

«Jendeak ordaindu egiten zuen tiroz hil zitzaten eta ez aihotzez».
Kristina Berasain Tristan.
Goizueta-Elgeta-Gasteiz
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Hemen nengoela jakin nuen hil zutela gure emagina zena. Senarra erizaina zuen, eta zazpi seme-alaba zituen. Familia ederra zen, tutsiak, autoa ere bazuten. Genozidioa hasi zenean, parrokiara joan ziren babes bila; ospitaletik 300-400 metrora zegoen parrokia, muino batean. Senarra hirira joana zen egun hartan. Hutuek Nyarutovuko eliza erretzeko mehatxua egin zuten, eta, azkenean, denak atera ziren. Hantxe hil zituzten, banaka-banaka, aurrena seme-alabak, eta azkena, propio, ama».

[youtube]https://youtu.be/VLqma1nAtdw[/youtube]

Jose Javier Etxeberriak (Goizueta, Nafarroa, 1956) eta Marian Aranazek (Barasoain, Nafarroa, 1962) Goizuetako euren etxeko atari ederrean hartu dute BERRIA. Etxeberriak karpeta potolo bat atera du. «Milaka diapositiba atera nituen, argazki gutxi, baina dena daukat hemen gordeta: garai hartako dokumentuak, egunkariak... Auskalo!». «Hemeroteka», dio andreak. Jada 25 urte luze pasatu badira ere, paperetan bai, baina bereziki bihotzean eta memorian idatzita daukate Ruanda. Genozidioa hasi baino urtebete lehenago itzuli ziren Euskal Herrira. «Oso hunkituta itzuli nintzen. Asko markatu gintuen. Oso gogorra izan zen. Ezagunak hil zituzten. Jende oso ona. Oso jatorrak. Asko estimatzen nituenak. Azkeneko momentura arte gurekin egondakoak. Oso gertukoak». Etxeberriak esaldi bakar batekin azaldu du genozidioaren ankerra: «Jendeak ordaindu egiten zuen tiroz hil zitzaten eta ez aihotzez». Matxeteen genozidioa izan zen Ruandakoa.

Nafarroako Medicus Mundiren Nembako ospitalean aritu ziren lanean senar-emazteak, mediku eta erizain gisa. «Ni 1988ko Errege egunean iritsi nintzen, eta 1993ko martxoaren 4ra arte egon nintzen han. Bost urte». Etxeberriak irribarre batekin gogoratu ditu hasierako urteak: «Bake giroan iritsi ginen Ruandara. Juan Carlos Aretxabaleta medikuarekin eta haren emaztearekin joan ginen; bi bikote. Afrikako Suitza deitzen zioten. Herrialde lasaia zen, oso polita, berdea, sumendiekin, muinoekin, gorilekin... Nafarroa halako bi da, herrialde txikia, eta garai hartan sei-zazpi milioi lagun izango zituen. Ehun bat oheko ospitalea zen gurea, eta lan handia egiten genuen, gau eta egun, baina ondo ginen. Erreferentziazkoa zen gure ospitalea».

Egun batetik bestera dena aldatu zen. «1990eko urriaren 1ean», zehaztu du Etxeberriak. «Bake garaian, zesarea mordoxka egiten genituen, baina, gerrarekin, denetarik egin behar izan genuen; metrailarekin zauritutakoak artatu, aihotzez zauritutakoak, minak lehertuta hanka gabe etortzen zirenak...».

«Higatze gerra bat»

Ospitalea Ruhengeri eskualdean dago. «Gerrillariak Ugandatik sartu ziren, eta gu mugatik berrehun bat kilometrora ginen». Erbesteratutako gerrillari tutsiek osatu zuten RPF Ruandako Fronte Abertzalea. Iparraldeko muga zeharkatu, eta «higatze» gerra bat hasi zutela adierazi du Etxeberriak. «Jendea genozidioarekin akordatzen da, baina gerra lau urte lehenago hasi zen, eta, ordurako, jendea oso nekatuta zegoen, gosez, akituta». Gerra «modernoa» izan zela dio. Hutuek Milles Colines irratiaren bidez esaten zuten nor akabatu behar zuten. «Lehenik eta behin beldurra sorrarazten zuten. Taktika zen jendea mugiaraztea. Hilketa selektiboak egiten zituzten; igual alkatea hiltzen zuten, edo maisua, edo diputatu bat... Orduan, jendeak hurrengo haranera egiten zuen ihes».


Etxeberriak bost urte eman zituen Ruandan; Medicus Mundi ospitalean aritu zen. Irudietan, garai hartako argazkiekin. BERRIA.

Aranazek dio halako batean etxeratze agindua ezarri zutela: «Errepideetan, nonahi, soldaduak eta hesiak ikusten ziren; dena militarizatuta zegoen». Desplazatuak gero eta gertuago zituztela gaineratu du Etxeberriak: «Halako batean sumatu genuen gerra gerturatzen ari zela». Medikua seme zaharrena jaio zen egunarekin akordatzen da: «1992ko urtarrilaren 10a zen. Desplazatuak gure etxetik 40 bat kilometrora zeuden, eta goiz hartan eremu hura ikustera joana nintzen, laguntza nola eman aztertzera. Ospitaleko zuzendaria nintzen orduan. Bonbak entzuten genituen, eta halako batean moja bat etorri zitzaidan esatera emaztea erditzen ari zela».

Egun horretatik aurrera gero eta gertuago entzuten zituzten bonbak. «Giroa gaiztotuz joan zen. Gerrako zaurituak etortzen hasi ziren; 30-40 kilometrora zeuden gerrillariak. Gaixoen patologia aldatuz joan zen: balak bilatzen asmatu genuen, metraila zuloak sendatzen, hankak mozten, hemorragia ikaragarriak eteten... Hogei bat belaun moztu behar izan nituen, sanotik, atzetik, eta halako gauzak ez nituen ikusita». Etxeberriarentzat inflexio puntu bat izan zen hura. «Egia esateko, niri asko gustatzen ez zitzaizkidan gauzak egiten hasi nintzen, eta neure buruari esaten nion ni ez nintzela horretara joan. Askotan pentsatzen nuen 'ni ari naiz zauriak josten eta josten, eta beraiek ari dira elkar akabatzen'. Gau oso bat pasatu nuen pertsona bati puntuak eta puntuak ematen. Ez dakit zenbat aihotz kolpe izango zituen gorputzean».

Gerra zibila bete-betean

Ordurako nonahi ikusten ziren matxeteak. Arushako akordioen ondotik tutsiek eta hutuek osatutako trantsizio gobernuak porrot egin zuen, eta gerra zibila bete-betean zen. Etxeberriak gogora ekarri du bizarra egiten ari zela argia moztu zen eguna. «Sukaldaria etorri zen esatera hamabost bat kilometrora eraso bat izan zela. Ordurako, gure ingurua desplazatuz betea zegoen. 1993ko otsailaren 8a zen. Bat-batean, jende guztia desagertu zen, baita ospitaletik ere; gaixoak euren etxeetara joanak ziren. Hurrengo egunean ez zegoen inor. Lehengo zarata etengabearen lekuan isiltasun totala. Izugarria izan zen». Emakumeak erabat desagertu zirela dio, bortxatuak izateko beldurrez. «Hortik aurrera den-denak okerrera egin zuen».



Bikotekidea bigarren semearen esperoan zegoen, eta itzultzeko garaia zela erabaki zuen. Genozidioa atarian zen. «Familia banatzeko momentua oso gogorra izan zen». Haurdun zegoen emaztea eta semea aireportura eramateko bidaia «epikoa» izan zela dio medikuak. «Goizuetatik Donostiara joatea bezalako distantzia egiteko, egun osoa eman genuen, pistetatik eta». Aireportuan, urtebete geroago bota zuten presidentearen hegazkinaren pilotua zuten zain: Jean-Pierre Minaberri. «Iparraldekoa zen, euskalduna, gure etxean behin baino gehiagotan bazkaldutakoa, eta egun hartan despeditzera etorri zen». Aranazek agenda txiki bat ekarri dio senarrari. Minaberrik berak idatzitako helbidea erakusten du medikuak. 1994. urteko apirilaren 6an bota zuten Cyprien Ntaryamira Burundiko presidente hutua eta Juvenal Habyarimana Ruandako presidente hutua zeramatzan hegazkina. Minaberri zen kopilotua.

Artean ospitalea hustu beharra zegoen. Nyarutovun frontea zegoen dagoeneko. «Irratian esaten zuten mzungu-ak alde egiteko, ez zutela zuririk hil nahi», dio Etxeberriak. Nembako ospitaleko azken gaixoekin hiriburura egindako bidaia da medikuak herrialdean bizitako latzena. «Nire azken lana izan zen. Hamar bat gaixo ziren; batzuek hankak hautsiak zituzten. Furgoneta baten atzealdean sartu, zeharka, eta ni, txofer. Kigalira eramatea pentsatu nuen, ospitale zentralera, baina hara iristean galdetu zidaten ea zer egiten nuen han».

Negar malkotan hasi da Etxeberria. «Ez zidaten atea ireki. Gurutze Gorrira joan behar izan nuen. Elizak zuen ospitale batera eraman, eta han utzi nituen gaixoak. Halaxe bukatu zen».

'Interahamwe'-ak

Euskal Herritik izan zuten genozidioaren berri. «Azken egunetan tutsiak gure etxera lo egitera etortzen ziren, beldurrez. Handik urtebetera ospitaleko hainbat langile hil zituzten». Nembako ospitalean gertatu zena «oso dramatikoa» izan zela azaldu du. «Tutsiak gela batean ezkutatu ziren, baina milizia hutuak euren bila joan ziren, eta han hil zituzten, hamabi bat lagun, gurekin lan egiten zutenak: idazkaria, laborategiko mutikoa...». Patxi semea zaintzen zuen neskak etxera ihes egitea lortu zuen, baina jaioterrian bortxatu egin zuten, ama eta ahizpa bezala. Haurdun geratu zen.


Etxeberriak bost urte eman zituen Ruandan; Medicus Mundi ospitalean aritu zen. Irudietan, garai hartako argazkiekin. BERRIA.

Inyenziak (labezomorroak) hiltzeko genozidioa martxan zen. Irratian hala esaten zieten tutsiei, eta interahamwe-ak, elkarrekin hiltzen zuten milizia hutuak, denerako prest zeuden. Egunero 8.000 eta 10.000 lagun artean hiltzen zituzten, aihotzekin besoak, hankak, buruak eta zintzurrak moztuz. Lau hilabetean milioi bat lagun inguru hil zituzten.

«Inork ez daki zehazki zenbat izan ziren hildakoak; ez dago jakiterik». Thacisse Ngilimana ari da hizketan (Nyarutovu, Ruanda, 1968). Nembako ospitalean egiten zuen lan, samu gisa, zaintzaile gisa alegia. Etxeberriak eta Aranazek ikasketak ordaindu zizkioten gero. Eta Euskal Herrira ere haiei esker etorri zen, 1993ko uztailean. Ez da inoiz itzuli.

Ngilimana hutua da, baina bi etnien arteko gatazka kolonialismoaren ondarea dela adierazteko etxean entzundako istorioa kontatu du: «Aitona errege tutsien postaria zen. Egunak ematen zituen oinez posta eramateko. Garai hartan errespetuzkoak ziren hutuen eta tutsien arteko harremanak. Berdinak ginen, hizkuntza bera hitz egiten genuen, kinyaruanda, eta kultura bera genuen; soilik nortasun agiriaren bidez genekien zein zen hutua eta zein tutsia».

Ngilimanak uste du botere borroka dagoela gerra eta genozidioa eragin zituen gatazkaren oinarrian: «Orain tutsiak daude agintean, gizartean gutxiengo badira ere; baina hauteskunde demokratikoetan hutuak nagusitu ziren, gehiengo zirelako; eta tutsiek ez zuten hori onartu. Ugandara eta Burundira joan ziren. Demokrazian banandu ziren. Aurretik herrialde bakarra zen».

Genozidioaren zauriak zabalik daudela dio; jendeak bakea nahi duela, baina adiskidetzea urrun dagoela. Genozidioaren erantzuleak zigortzeko demokrazia aurretik zeuden epaitegi tradizioanalak eratu direla adierazi du: «Gacacak». Hitz horrek belazeko justizia esan nahi du kinyaruanda hizkuntzan, herritarrak belazean eseritzen baitziren, herrietan eta auzoetan, euren arteko liskarrak konpontzeko.

Ngilimanak gerra hasi zen eguna dauka iltzatuta, hiriburuan ikasten ari baitzen ordurako; baina desplazatuak ikusteaz haratago, ez zen gertatzen ari zenaz guztiz jabetzen: «Boterea galdu zutenak itzuliko ziren zurrumurrua zabaldu zen, baina zehazki inork ez zekien zer ari zen gertatzen. Kigali lasai zegoen, gerra landa eremuan baitzegoen, baina egun batetik bestera herrialdea armaz bete zen».


Thacisse Ngilimana. Jon Urbe / Foku.

Ngilimanak sei hilabete eman zituen jakin gabe non ote zegoen bere familia; bizirik ote zeuden ere ez zekien. «Azkenean, etxera itzuli ziren, eta jakin ahal izan nuen ondo zeudela. Gure bizilagunak, aldiz, hil egin zituzten». Haren hitzetan, gerra guztietan bezala, zibilek sufritzen dute gehien. «Politikariek ordurako jakingo zuten koltana bazegoela. Wolframa eta urrea bazegoen. Nik txikitatik entzuten nituen meategietan egiten zituzten leherketak».

Historia garaikidea

Juan Cruz Juaristi (Zarautz, Gipuzkoa, 1932) Ruandako historia garaikidearen lekuko zuzena izan da. 1965ean joan zen herrialdera lehen aldiz, eta guztira 37 urte luze egin zituen han, 2001era arte. Genozidioa hasi eta hilabetera itzuli zen jaioterrira, baina, urrirako bueltan zen berriro: «Jose Maria Setien gotzainak eskatu zigun alde egiteko. Berez gure esku utzi zuen, baina hala eskatu zigun, eta, han ere presio handiak genituenez, etorri egin ginen». Euskal Herriko bost elizgizon zeuden garai hartan han.

Belgikak Ruandari independentzia eman eta hiru urtera iritsi zen Juaristi Muginara. «Kabgyiko elizbarrutian parrokia sortu genuen. Tutsi ugari alde eginak ziren ordurako. Hutuek monarkia feudal sekularra aldatzea lortu zuten, eta lehenengo errepublika sortu zuten, hori sortu eta bi urtera joan ginen».

Lehenengo eta bigarren errepublikako garaiak ondo gogoan ditu apaizak, elizan 1.000-1.500 tutsi artean errefuxiatuta izan zituzten garaiak, hala nola kolpe militarrak, alderdi politikoak eratu ziren urteak, eta trantsizioko gobernua: «Arushan egin zuten akordioa, hutuen eta tutsien arteko partiketa bat. Tutsiak lehenetsi zituzten; gobernuan eta egitura militarretan, %60 hutuei eman zieten eta %40 tutsiei, nahiz eta gizartean %85 hutuak izan eta %15 tutsiak. Tutsiek bazekiten trantsiziozko gobernuaren ondoren, hauteskundeetan, hutuak nagusituko zirela, eta gerrilla sortu zuten».

RPF Ugandatik sartu zen, eta gerra frontea hegoaldera gerturatu ahala, apaizaren parrokian babestu ziren tutsiak. Habyarimanaren hegazkina bota zutenean, egoera gaiztotu egin zen. «Hiru astez milaka tutsi egon ziren gure parrokiaren inguruetan babestuta; 2.000, 3.000, 4.000... Guk, azkenean, alde egin behar izan genuen, eta guk alde egin eta lau edo bost egunera hutuak sartu eta hil egin zituzten, emakumeak eta haurrak barne».

Alkatea bera hil egin zutela dio Juaristik: «Hutua zen, baina gizon zuzena zen: lau gazte hutu kartzelatu zituen tutsi ezagun bat hiltzeagatik. Horregatik hil zuten. Ni ospitalera joan nintzen haren gorpua ikustera, eta matxete kolpez josita zegoen. Gu ere arriskuan ginela ohartu ginen orduan».

Urrian, Ruandara itzuli zirenean, tutsiak ziren hutuak hiltzen ari zirenak. «Gu hutuak laguntzen hasi ginen, eta tutsiek ez zuten hori onartu. Kartzela bat sortu zuten gure elizbarrutian. Mila hutu inguru sartu zituzten han, baina tokirik gabe zeuden, baldintza latzetan, eta gu laguntzen hasi ginen, baina tutsiak interahamwe ginela esaten hasi ziren». Genozidioaren osteko urteak ere oso latzak izan zirela zehaztu du: «Tentsioa handituz joan zen, eta tutsiak gure errezelo txarra hartzen hasi ziren. Genozidioaren erantzuleen zerrendak atera zituzten, eta gu tartean ginen».

Isidro Uzkudun apaiza testuinguru horretan hil zuten. «Mendekoste bezpera zen, larunbata. Iganderako sermoia prestatzen ari zen, kinyaruandaz. Hiru gerrillari sartu ziren etxean, iluntzean, eta tiro egin zioten, ondo-ondotik. 2000. urteko ekainaren 10a zen. Ni handik urtebetera itzuli nintzen hona». Juaristi Elgetako apaiza da egun, eta han bizitakoak idazten dabil: «Genozidioak izan du kontragenozidioa. Tutsien erreakzioa itzela izan da, eta gobernuak oraindik ez du onartzen egungoa ere genozidioa dela. Errepresioak jarraitzen du».

Bigarren genozidioa

Epiphanie Ndekerumukobwak (Mugina, Ruanda,1983) ederki asko daki hori. Juaristiren bidez lortu du asilo politikoa Euskal Herrian. Jean Leonard Rugambage senarra zuena «bigarren genozidioan» hil zutela zehaztu du: «Paul Kagame presidentearen agintaldia diktadura bat da». Kazetaria zuen senarra, eta erbestean zegoen jeneral disidente baten heriotza saiakera ikertzen ari zenean hil zuten, etxe atarian: «2010eko ekainaren 24a zen, hileta batetik zetorren, eta gaueko bederatziak aldera ziren. Autoa aparkatzen ari zela tirokatu zuten. 2 urteko semearekin atera nintzen kalera, eta han ikusi genuen, odolusten». Umuvugizi egunkarian argitaratzen zituen artikuluak kazetariak. «Gizon ausarta zelako hil zuten».


Muginan eliza sortu zuen Juan Cruz Juaristik. Orotara 37 urte eman zituen Ruandan. Gorka Rubio / Foku.

Ndekerumukobwak ez du argazkirik ateratzea nahi, baina ozen mintzo da bera ere. Jaioterritik alde egin behar izan zuen senarrak zuen informazio sekretuaz galdekatzen hasi zutenean. «Gaur egun disidenteak hiltzen jarraitzen dute. Ahotsa altxatzen ausartzen den edozein hiltzen dute».

Genozidioaz ere akordatzen da Ndekerumukobwa. «10 urte baino ez nituen, baina sekula ez ditut ahaztuko hilabete horiek». Muginako eliza atarian hil zuten horietako bat haren aita zen. «Ama hutua dut, eta aita tutsia zen. Tutsiak elizan ezkutatu ziren, pentsatuta hor babestuta egongo zirela, baina interahamwe-ek leihoak eta ateak apurtu, eta granadak bota zituzten. Gizonek harriak botatzeari ekin zieten, baina hutuek tiroz erantzun zuten. Tutsi asko hil zituzten, aita tartean».

10 urteko neskato bat zen, baina ez zen hiltzen ikusi zuen senide bakarra. «Aitaren sei anaia hil zituzten; batzuk nire begien aurrean. Matxeteekin hiltzen zituzten, zuhaitzak balira bezala». Asko bizirik lurperatu zituztela dio; egunez euren oihuak entzuten zituztela. «Nire amona, amaren ama, hala izan zuten azken hatsa eman zuen arte». Beste batzuk hainbat egunez letrinen zuloetan egoten ziren ezkutatuta; «hantxe egiten zuten jan eta lo, gorozki eta insektu artean».

Aita hil ostean, amaren jaioterrira joan ziren bizirik zeuden senideak, baina han ere interahamwe-ak zeuden. «Emakume eta neskato asko hil aurretik bortxatu egiten zituzten; nire lagun bat baino gehiago bortxatu zuten». Hutuek bortxaketa masiboak egin zituzten. Milioi erdi emakume inguru bortxatu zituztela uste da. Asko eta asko hiesaz kutsatu ziren.

Ndekerumukobwak, baina, argi dauka hutuek ez zituztela soilik tutsiak hil: «Hutu moderatuak ere hil zituzten, etxeetan tutsiak babestu zituztenak, edo tutsiak hiltzeko prest ez zeudenak». Gerora, dena den, tutsien mendekua hasi zela dio, eta tutsiek hutuak hiltzeari ekin ziotela, «egin zutenagatik eta egin ez zutenagatik ere ordaindu behar izan zuten».

Ndekerumukobwa 2011. urteko amaieran etorri zen Euskal Herrira. Gasteizen bizi da egun, eta ongi moldatu da: «Semeak 10 urte ditu jada, eta euskaraz hitz egiten du», adierazi du harro. Ruandako emakumeak «indartsuak» direla uste du, eta bera da horren erakusle, hutsetik eta bakarrik hasi behar izan baitzuen bizimodu berria. Ruandan, gaur egun, hutuez eta tutsiez hitz egitea tabua dela jakinarazi nahi du. 2003ko erreferendumean onartutako konstituzioak etnien bereizketa ezabatu zuen, eta nortasun agiriak jada ez du zehazten zer zaren.«Ni pertsona bat naiz. Ez hutua eta ez tutsia. Gizaki bat. Ruandar xume bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.