«Jendeak geroko utzi ditu malkoak»

Su etenak itxaropena piztu du, baina hamabost hilabeteko oldarraldiak ondorio handiak izan ditu; horri buruz aritu dira Gazan bizi diren bi palestinar, eta gogoratu dute okupazioa ez zela 2023ko urriaren 7an hasi.

Errefuxiatu palestinar bat suntsitutako eraikinen artean, Rafahn, Gaza hegoaldean, herenegun. HAITHAM IMAD / EFE
Errefuxiatu palestinar bat suntsitutako eraikinen artean, Rafahn, Gaza hegoaldean, herenegun. HAITHAM IMAD / EFE
2025eko urtarrilaren 22a
05:05
Entzun

Ibrahim Issam 1979an jaio zen, palestinarren Xati-ko errefuxiatu esparruan, Gazan. Bost seme-alaba ditu, eta argazkilaria eta zinemagilea da. Badira hamar hilabete kanpadenda batean bizi dela familiarekin.

Gerra hasi baino lehen, Issamek film laburrak eta marrazki bizidunetako pelikulak ekoizteko ikastaroak ematen zituen: propio ume eta nerabeentzat pentsatuta zeuden, bizitzen ari ziren traumak arintzen laguntzeko.

Gazan gerra piztu zenean, familiak ihes egin zuen hegoaldera. Geroztik, genozidioak iraun bitartean nola bizi diren dokumentatzen aritu da. Orain, Gaza erdialdeko esparru batean dago.

Zerrendaren erdialdean bizi da Xaima Abualatta ere, Deir al-Balah hiriko esparruan. 21 urte ditu, Ingeniaritza Informatikoko ikaslea da, eta amarekin eta bi anaiarekin bizi da. Genozidioa hasi zenetik, duela hamabost hilabetetik, hiru gazteek eguneroko bat egin dute Instagramen (@gazanvoices).

Issamek eta Abualattak neke handiz erantzun diete galderei, Interneteko konexioa ez baita batere egonkorra.

Biak beldur dira. Issamek esan du «esperoan» zegoela «su etena noiz berretsiko zuten», eta hau erantsi du: «Su etena martxan jarri aurreko egunak ezin luzeagoak egin zaizkit, 2023ko urriaren 7tik igarotako tartea baino askoz luzeagoak».

Issamek ez du inongo zalantzarik: su etena iragartzeak itxaropena ekarri duela uste du. «Hala ere, hamabost hilabete luze hauetan etxea galdu dugu, eta senitarteko, lagun eta kide asko. Min handia dugu bihotzean. Ez daukagu ez etxerik, ez arroparik, ez maindire eta toalla garbirik, ez mantarik. Dena galdu dugu bonbardaketetan».

Su etenak iraun dezala

Issamek espero du su etenak irautea, baina, esan duenez, «sufrimendua ez da bukatuko». Jendeak ez du etxerik: kalean bizi dira, eta hiria suntsituta dago. «Gerra hasiz geroztik, ez gara lehengoak».

Abualattak poliki hitz egiten du, hitzak neurtuz, 21 urteko norbaitek berezkoa duen kemenik gabe; izan ere, jasandako genozidioak eta izugarrikeriek zuhurra izatera behartu dute. «Uste dut goizegi dela esateko zer sentiarazi digun su etena iragarri izanak. Genozidio hau bukatuko den itxaropena dugu, baina orain, gerra bukatzeko eta genozidiotik bizirik ateratzeko esperantza dugun honetan, are mingarriagoa da dena».

«Ez daukagu ez etxerik, ez arroparik, ez maindire eta toalla garbirik, ez mantarik. Dena galdu dugu bonbardaketetan»

IBRAHIM ISSAMArgazkilaria eta zinemagilea

Issam eta Abualatta hainbat aldiz lekualdatu dituzte azken hamabost hilabeteetan. «Gazako iparraldean bizi ginen; gero, zerrendako hegoaldera lekualdatu gintuzten; ondoren, Rafah hirira joan behar izan genuen, eta, Rafah inbaditu zutenean, berriz erdialdeko eskualdera eraman gintuzten; hor gaude orain. Baina, berriki, nire emaztea eta seme-alabak bakarrik geratu ziren beste eremu batean harrapatuta, eta haiengandik oso urruti egon nintzen zortzi hilabetez», esan du Issamek.

Egunero borrokan

Abualattak kontatu duenez, bere familia «hamar alditan baino gehiagotan» lekualdatu dute, eta lekualdatze horietako bakoitzean bizirik atera dira aire eraso batetik. Bizirik atera bai, baina pertsona maiteren bat galdu zuten bonbardaketa bakoitzean. «Gure bizimodua berreskuratzen saiatzen ari ginen oraindik, beste toki batean bizitzen hasteko berriro, baina egunero borrokatu behar izaten dugu baliabiderik oinarrizkoenak eskuratzeko soilik: jatekoa eta ura lortzeko, gailuak kargatzeko argindarra edukitzeko eta ikasten segitu ahal izateko».

Abualattak hau gehitu du: «Ahal dugun guztia egiten ari gara aurrera segitzeko: hamabost hilabete ez da denbora gutxi. Tarte horretan, gure bizimoduari berrekin nahian aritu gara. Eskola bat ireki dugu kanpalekuan bertan, eta, zorionez, Hezkuntza Ministerioak aitortua du orain. Beraz, haurrak berriz hasi dira eskolara joaten. Konponbideak asmatzen aritu gara».

Eta «asmatze» horrek eman die modua Abualattari eta haren familiari aurrera segitzeko. «Jada ez genuen ilusioz espero su etena; izan ere, akordioa lortzeko negoziazioak egin eta ituna sinatzeko puntuan zeuden bakoitzean, bat-batean porrot egiten zuten. Beraz, geure burua programatu genuen itxaropen sentipen horiek ezkutatzeko, porrota oso mingarria baita».

«Jada ez genuen ilusioz espero su etena; izan ere, akordioa lortzeko negoziazioak egin eta ituna sinatzeko puntuan zeuden bakoitzean, bat-batean porrot egiten zuten»

XAIMA ABUALATTAIngeniaritza Informatikoko ikaslea

Issamek, genozidioa bertatik bertara bizitzeaz gainera, argazkien bitartez dokumentatu ditu azken hamabost hilabeteak. Eta horrek kalte egin dio psikologikoki. «Gerra piztu baino lehen, argazkilari gisa aritzen nintzen lanean, baita film laburren eta dokumentalen errealizadore gisa ere. Galdu egin nituen ediziorako eta argiztapenerako tresna guztiak, eta kamera besterik ez daukat orain. Gerrako eguneroko bizimodua biltzen saiatu nintzen kamera erabilita, erakutsi nahi bainuen jendea nola bizi den lekualdatze eta migrazio artean. Haurrak ez dira eskolara joaten, eskolak suntsituta baitaude, eta umeek egurra bildu behar izaten dute berotzeko. Sare sozialetan argitaratu nituen Gazako argazkiak, umeek eta familiek gerra betean zenbat sufritzen duten erakusteko. Nire helburua zen munduari jakinaraztea gure herriak ez daukala gertatzen ari zaion guztiaren errurik. Palestinako herritarrok maite dugu bizitza».

Hilotzak

Issamek nabarmendu du oraindik argazki asko dituela ateratzeko. «Jendeak geroko utzi ditu malkoak. Bueltatu eta hildakoak lurperatuko dituzte. Gorpuak kalean baitaude oraindik. Beren ondasunen, altzarien eta oroitzapenen hondarrak bilatuko dituzte hondakinen artean. Jendearen sufrimenduari argazkiak ateratzen nizkionean, kontatu egiten nituen nire malkoak. Nire dendara itzuli eta argazkiei arretaz begiratzen nienean, negar egiten nuen. Umeek, emakumeek eta jende guztiak tristura zuten beti aurpegian. Munduak jakin behar du hemen jendea sufritzen ari dela berreraikitze prozesuan. Munduak ikusi eta entzun egin behar du jendearen historia, eta jakin behar du nolakoa izan zen haien bizitza gerran zeudenean, baina baita nola sufrituko duten ere gerraren ondoren, etxerik, eskolarik, ospitalerik eta lanik ez dutela. Horretarako, argazkiak eta dokumentalak behar dira, jendearen historiaren berri emateko».

Abualattak esan du zailena zera dela, «genozidio betean normal bizitzen saiatzea, lehengo bizimodu normala —ahalik eta normalena— berreskuratzen saiatzea, aurrera jarraitzeko indarra emango diguten gauza txiki horiek egiten saiatzea eta bidean zentzua ez galtzen saiatzea».

Issamek bezala, Abualattak ere garrantzitsutzat jo du mundua azkenean konturatzea nola egon den Gaza beti; izan ere, Gaza blokeatuta eta setiatuta egon da hemezortzi urtez, eta egoera oso txarra zen genozidio hau hasi baino lehen ere. Palestina oso gaizki zegoen oro har okupazioa hasi zenetik, 1948tik; beraz, hori dena ez zen urriaren 7an hasi. «Munduak horretaz jabetu behar du, eta aitortu behar du palestinarrei ez zitzaiela beren eskubideetako bat ere errespetatzen lur horretako ustezko herritar diren aldetik. Hemengoak gara, baina okupaziopean gaude, apartheid baten pean, eta modu bidegabean tratatzen gaituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.