Atef Abu Saif: «Jendea hemen bertan hilko da, ez da kanpora joango»

'Gazako egunerokoa' idazten jardun du Atef Abu Saif idazleak, Israelek erasoa hasi zuenetik. Albisteetan agertzen ez zen eraso baten peko bizimodu hori erakutsi nahi izan du.

ATEF ABU SAIF. GAZA. PALESTINA
Atef Abu Saif idazle eta Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa, Gazako kanpaleku batean. BERRIA
2023ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Israelek Gazaren kontrako erasoa hasi zuenean, Gazako zerrendan zegoen Atef Abu Saif idazle eta Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa (Jabalia, Palestina, 1973). Familia bisitatzera joan zen, eta han gelditzea erabaki zuen. Urriaren 7an, eguneroko bat idazten hasi zen, eta erasoaren lehen 40 egunak jaso ditu, azaroaren 15era bitartean. Testu horiek egunez egun argitaratu dira BERRIAn. Sare sozialetako audio grabazioen bidez erantzun die elkarrizketa honen galderei.

IRAKURRI GEHIAGO

Israelen lurreko erasoa aurrera doan heinean, gero eta kezka handiagoa dago nolako jokalekua geratuko den Gazan. Pentsatu al duzu zer datorren gero?

Norbait hiltzeko zorian badago, zera besterik ez du buruan: hau geratzea. Hiltzear bazaude, ez hiltzea da zure kezka nagusia. Hortaz, ez naiz ibili pentsatzen zer etorriko den gerraren ondoren. Dudarik gabe, hauxe da Nakbaz geroztik Gazaren aurka egin den gerrarik gogorrena. Gazaren etorkizuna zera izan beharko litzateke: lehenik, gerra geldiarazi behar da; bigarrenik, palestinarrek erabaki behar dute Gazaren geroa; […] bizitzen utzi behar zaie palestinarrei, geroa erabakitzen, autodeterminazioaz baliatzen, bat egiten nazioarteak planteatutako bi estaturen soluzioarekin. Entitate bat eduki behar genuke Gazan, Palestinako estatu bat, palestinarrek gobernatua.

Zer espero duzu nazioartearengandik?

Israelek tropak eduki nahi ditu Gazan, kontrolguneak eduki ipar eta hego: lehendik okupatua dagoena okupatu. Espero dut nazioarteak ez duela utziko halakorik gerta dadin, zeren horrek berekin ekarriko bailuke odol gehiago isurtzea eta gerra gehiago piztea etorkizunean. Israelek bakea nahi badu, palestinarrei ekarri behar lieke bakea lehenik. Zeren, nire bizilaguna bazara, ezin zara lasai eta bakean bizi baldin eta bitartean ni okupatuta banago, eta hiltzen ari banaiz, eta etengabe ari bazara niri tiroka eta autodeterminazioaz balia nadin galarazten, eta zure menpe egotea nahi baduzu.

Egunerokoa idaztea lagungarria al da zer gertatzen ari den ulertzeko?

Niretzat, eguneroko hau zera izan da: eman nahi nituen mezu batzuk ematea, hilko banintz ere. Neure buruaz idatzi nahi nuen, eta semeaz —nirekin egon baita Gazan—, eta lagunez, familiaz, gure minaz, gure sufrimenduaz, gure esperantzaz, baita gure barreez ere inoiz, gure txantxez, eta garai zail hauetaz, zeren lehen egunetik hurbil sumatu baitut heriotza, lehen egunetik sentitu baitut heriok berekin eramango gintuela noiznahi. Zoritxarrez, inguruko asko galdu ditut: 80 senide hil dizkidate, eta lagun minak ere bai; batzuk aipatu nituen egunerokoaren lehen egunetan. Beraz, nire asmo nagusia zen saiatzea zerbait hor uzten.

«Zoritxarrez, inguruko asko galdu ditut: 80 senide hil dizkidate, eta lagun minak ere bai. Nire asmoa zen saiatzea zerbait hor uzten».

Gero, argitaratzen hasi zitzaizkidanean, konpromiso moduko bat bihurtu zen idaztea; eguneroko hau idazteko konpromisoa hartu nuen, nahi nuelako kanpokoek —Espainiakoek, Erresuma Batukoek eta beste herrialde batzuetakoek— hemengo jendearen berri izatea, albisteetan entzuten ez dituztenen berri izatea, zeren albisteetan gauzen berri baino ez baitute ematen, bonbardaketen berri-eta, baina inork ez du jendearen gainbeheraren berri, inork ez daki nola dirauten bizirik, nola moldatzen diren afaltzeko, nola borrokatu behar izaten duten dutxatu ahal izateko, nola nabari duten beren burua ispiluan ikustearen falta. Hortaz, eguneroko hau idaztea modu bat izan da jende horren berri emateko, eta albisteetan falta diren gauzen berri emateko.

Gerora, lasta ere bihurtu zait, zeren etengabe ibili behar izan baitut idazteko lekuren baten bila; batzuetan nire kanpadendan idatzi izan dut […], baina gero ordenagailua bateriarik gabe geratzen zitzaidan; beraz, beste norabait joan behar nuen, eta, horretarako, garraiobideren bat behar nuen. Batzuetan, bi orduko ibilaldia egin behar izan dut, edo ordu eta erdikoa, eta gero beste ordu eta erdi buelta. Gainera, Interneten bila ere ibili behar izan dut. Hortaz, lasta bihurtu, eta lasta zait oraindik ere, egunero idatzi nahi nuen-eta; nahi nuen albisteetan entzuten ez dituztenak entzutea, eta nahi nuen irakurtzea eta ikustea Israelek egunero hiltzen dituen horiek gizakiak direla: ez dira zenbakiak, ez dira albiste hutsak; gizakiak gara, eta umeak ditugu; haien urtebetetzeak ospatzen ditugu gerran egonda ere. Ezin gara dutxatu, baina horren falta sumatzen dugu. Batzuek ahalegina egiten dute ahalik eta bizimodurik normalena egiteko, dauden bezala egonda ere. Gertatzen ari den guztia gorabehera, gure gizatasunari eutsi nahi diogu.

Palestinarrak borrokan ari dira oinarrizko giza premiak asetzeko: janaria, ura, segurtasuna, babesleku bat. Israelgo armadak Gazako toki guztiei erasotzen jarraitzen badu, palestinarrek nondik jo ahalko dute ihes egiteko?

Gazako bizimodua oso zaila da. Askok alde egin dute Gazako iparraldetik eta Gaza hiritik, eta hegoaldeko kanpalekuetara joan. Zerrendako toki guztiak bonbardatzen aritu dira. Beraz, ez da serioa esatea halako tokia segurua dela eta beste hori ez. Aita eta nire bi anaiak errefuxiatuen kanpalekuan daude oraindik ere, eta bospasei egun dira ez dugula haien berririk. Milaka palestinar daude oraindik Gaza hirian, Jabalia kanpalekuan eta zerrendako iparraldean.

«Israelgo Gobernuaren asmoa da palestinarrak zerrendatik kanpo izatea, garbiketa etnikoa egitea, Israelgo armadak duela 75 urtetik hona egin duen gauza bera».

Israelgo Gobernuaren asmoa da palestinarrak zerrendatik kanpo izatea, garbiketa etnikoa egitea, argi eta garbi Israelgo armadak duela 75 urtetik hona palestinarren kontra egin duen gauza bera. Zorionez, palestinarrak jabetzen dira horretaz; beraz, ez dira inora joango. Ni nagoen esparruan, jendea hemen bertan hilko da, ez da kanpora joango. Jabaliatik Gazara joango dira, Gazatik Khan Yunisera, edo Khan Yunistik Rafahra, Palestinaren parte baitira, baina ez dira aterako herrialdetik. Izan ere, kanpora joanez gero, ezingo dira itzuli. Horregatik, herritarrak zerrendatik ateratzeko beldur dira, eta ez dute alde egingo, gerra hau luzatzen bada ere. Gerra geldiaraztea da irtenbide bakarra.

Israelen bonben ondorioz, bi aldiz etenda egon dira telekomunikazioak. Zaila da zerrendatik kanpoko jendearekin harremanetan egotea eta haiengana iristea?

Hori da gerra honetako alderik gogorrenetako bat. Datu batzuk gogoratzearren, Gazan ez dago argindarrik gerrako hirugarren egunetik. Horrek esan nahi du 67 egun direla argindarrik ez dagoela. Zorionekoa zara eguzki energia baduzu; horri esker, sakelakoa kargatu dezakezu eta. Esparruetan, jendeak lau-bost-sei ordu itxaron behar du sakelakoa kargatu ahal izateko, esparrutik kanpoko eguzki energia erabilita.

Nik neuk orduak behar ditut leku batetik bestera joanda nire ordenagailua kargatu ahal izateko; hori egin behar dut egunerokoa idatzi eta Kultura ministro gisa ditudan lan batzuk egiteko. Gaur, adibidez, ez dago Internetik, eta telefonoek ez dute seinalerik; beraz, badira 14 ordu emaztearekin harremanetan jarri ezinik nagoela. Toki batzuetan, Jabalian esate baterako, oso zaila da inorekin harremanetan jartzea. Ezin izan diot aitari deitu azken sei egunetan, ez dugu lortu orain arte. Gaixo dago, sendagai gehienak galdu ditu, gure etxea suntsitu egin zuten orain dela bi aste... Aitaz kezkatuta gaude oso.

Israel palestinar guztiak zigortzen ari da. Gorputza zatikatzen digute, eskualdeak suntsitzen dizkigute; ez dute komunikazio fisikoa bakarrik eteten, baita urrutikoa ere, telefonoen eta Internet bidezkoa. Israelek gure herriaren aurka ezarritako zigor kolektiboaren parte bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.