Le Pen, 2014ko argazki batean. EFE

Jean-Marie Le Pen hil da

Fronte Nazionala Frantziako eskuin muturreko alderdiaren sortzaileak 96 urte zituen. Hainbatetan zigortu zuten gizadiaren aurkako krimenak ukatzeagatik; kasurako, esateagatik Holokaustoa Bigarren Mundo Gerrako «xehetasun bat» baino ez zela izan.

Jean-Merie Le Pen, artxiboko argazki batean. YOAN VALAT / EFE
Jean-Merie Le Pen, artxiboko argazki batean. YOAN VALAT / EFE
Igor Susaeta - Maddi Iztueta Olano
2025eko urtarrilaren 7a
13:15
Entzun

Jean-Marie Le Pen FN Fronte Nazionala Frantziako eskuin muturreko alderdiaren liderra eta sortzailea izandakoa hil da. 96 urte zituen. Jada egun batzuk zeramatzan osasun etxe batean. Haren senideek jakinarazi dute hil dela, ohar baten bidez. Politikari ultraeskuindarrak zeresan handiko ibilbidea izan du, hein handi batean jendaurrean egindako adierazpen arrazista eta antisemitengatik. Are, hainbatetan leporatu zioten gizadiaren aurkako krimenak ukatzea eta Holokaustoaren apologia egitea.

Duela 50 urte pasa sortu zuen alderdia, 1972an, eta, besteak beste, Frantziako Asanblea Nazionalean diputatua izan zen (1959-1962 eta 1986-1988), baita Europako Parlamentuko parlamentaria ere (1984-2003 eta 2004-2019). Le Penenen adierazpenek zeresana eman ohi zuten. Holokaustoa hizpide hartuta, adibidez, adierazi zuen Bigarren Mundu Gerrako «xehetasun bat» baino ez zela izan. Gainera, sasoi hartan Vichyko gobernu kolaborazionistak izandako jarrera defendatu zuen.

Hainbatetan zigortu zuten gizadiaren aurkako krimenak ukatzeagatik. Horrekin lotuta, 2014an iradoki zuen ebola izurritearen hedapena irtenbide bat izan zitekeela «munduko arazo demografikoari» aurre egiteko. Marine Le Pen alaba bezalaxe, hura ere epaitzen ari ziren, Europako Parlamentuak emandako funtsak desbideratzea egotzita. Marine Le Pen da, hain zuzen, RN Batasun Nazionala alderdi ultraren liderra ——Fronte Nazionala zen 2018ra arte—. Osasun arrazoiak zirela medio, Le Pen aitak baimena zuen prozesu judizial horretan epaileen aurrean ez agertzeko.

Jean-Marie eta Marine Le Pen aita-alabak, artxiboko irudi batean. YOAN VALAT / EFE
Jean-Marie eta Marine Le Pen aita-alabak, artxiboko irudi batean. YOAN VALAT / EFE

Alderdi ultraeskuindarraren buru izan zen 39 urtez, 1972tik 2011ra. Urte hartan, haren alabak hartu zuen alderdiaren presidentetza, eta segida eman zion aitaren ibilbide politikoari. 2011n bertan, Jean-Marie izendatu zuten Fronte Nazionaleko ohorezko presidente. Baina zazpi urte geroago, 2018an, alderdiaren estatutuak aldatu zituzten, eta ohorezko presidente kargua kendu zioten Le Pen aitari, Holokaustoaren inguruan egindako adierazpen polemikoen harira. Horrez gain, alderdiaren izena aldatu zuten, itxura moderatuagoa emate aldera.

Lider ultraeskuindarra bost aldiz aurkeztu da Frantziako presidente izateko hautagai. 2002an izan zuen presidentetza gertuen: hauteskundeen lehen itzulian, aurrea hartu zion presidentegai sozialista Lionel Jospini; bigarren itzulian, ordea, Jacques Chirac kontserbadorea alde handiarekin gailendu zen. Politikan murgildu baino lehen, bestalde, Frantziako armadan egon zen, atzerriko legioaren paraxutisten erregimentuan. Besteak beste, parte hartu zuen Aljeriako Independentzia Gerran (1954-1962). Garai horretan atxilo hartutakoak torturatzea leporatu izan diote.

Adierazpen polemikoak

Politikaren lehen lerroan egon zen urteetan, adierazpen polemikoak egin zituen Jean-Marie Le Penek. Aljeriako Gerrako torturekin lotutako akusazioen harira, hauxe esan zuen 1962ko azaroaren 9an, Combat egunkarian argitaratutako zutabe batean: «Torturatu egin nuen, egin behar zelako».

Urte batzuk geroago, diskoetxe bat sortu zuen. Haren bidez, eduki politikoa zuten diskoak ekoitzi eta zabaldu zituen. Besteak beste, Hirugarren Reichari buruzko disko bat sortu zuen, zeinak garai hartako kantuak eta diskurtsoak jasotzen zituen. Tartean, mezu hau aipatzen zen: «Adolf Hitler eta Alderdi Nazionalsozialista boterera heltzeko bidea, masen mugimendu indartsu bat ezaugarri zuena, erabat popularra eta demokratikoa izan zen azken finean». Politikaren lehen lerroa utzi zuen garaian ere, 2010ean, hau esan zuen Parisko CFJ Kazetaritzan Prestatzeko Zentroko ikasleen aurrean: «Nazionalsozialismoan sozialismoa egon zen. Eduki sozialista nabarmena zuen programa horrek, eta Alemaniako gizartea eraldatzea lortu zuen».

Bide beretik, behin baino gehiagotan aitortu zuen ez zuela sinisten «arrazen arteko berdintasunean». Adibidez, hau esan zuen 1996. urtean, Frantziako hedabide batean egindako elkarrizketa batean: «Agerikoa da. Historiak erakusten du. Arraza guztiek ez dauzkate gaitasun berak, ezta garapen maila bera ere».

Erreakzio katea

Frantziako alderdi ultraeskuindarreko sortzailearen heriotzak erreakzio kate bat eragin du han. Gaur egun Batasun Nazionaleko presidente dena, hau da, Jordan Bardella izan da haren inguruan hitz egin duten aurrenekoetako bat: «Jean-Marie Le Penek beti egin du lan Frantziaren alde, beti defendatu ditu herrialdearen identitatea eta subiranotasuna». Antzerako mezua zabaldu du alderdiak, komunikatu baten bidez: «Batasun Nazionalarentzat, beti izango da ekaitz betean borrokan jarraitu duen politikaria, eta hari zor diogu gure alderdiaren bilakaera indartsua».

Frantziako beste goi kargudun batzuek ere hitz egin dute hari buruz; kasurako, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta François Bayrou lehen ministro izendatu berriak. Nolanahi ere, biek ala biek nabarmendu dute zer-nolako ibilbide polemikoa izan zuen. «Eskuin muturreko figura historiko bat da, eta rol nabarmena izan zuen herrialde honetako politikan ia 70 urtez. Orain, historiak epaituko du», esan du Macronek.

LFI Frantzia Intsumisoko lider Jean-Luc Melenchonek gogorrago hitz egin du: «Errespetatzen ditut haren senideen mina eta dolua, baina horrek ez ditu ezabatzen hark egindakoak. Jean-Marie Le Penen ekintzak barkaezinak dira. Gizonaren aurkako borroka bukatu da, baina gorrotoaren, arrazismoaren, islamofobiaren eta antisemitismoaren aurkako borrokak bere hartan dirau».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.