Argentina

Javier Milei ultraeskuindarrak bildu du boto gehien Argentinako primarioetan

Askatasuna Aurrera Doa alderdiko buru ultrakontserbadoreak «iraultza liberal berri baten» alde egin du. Elkarrekin Aldaketaren Alde zentro eskuineko-indarra gelditu da bigarren, botoen %28,3 lortuta. Koalizio peronistak kolpea hartu du.

Javier Milei primarietako emaitzak jakin eta gero, Buenos Airesen. GALA ABRAMOVICH, EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 14a
08:28
Entzun

Argentina krisi sozioekonomiko betean dagoen honetan, inor gutxik espero zuen presidente hautagai bat nagusitu zen Latinoamerikako herrialde horretan eginiko hauteskunde primarioetan, atzo: Javier Milei. Botoen %97 zenbatuta, Askatasuna Aurrera Doa alderdiko ekonomialari ultraeskuindarrak botoen %30 eskuratu zituen, Argentinako ohiko mapa politikoa aldatzeraino, orain arte herrialdeko bi koalizio nagusiak aritu izan baitira hauteskundeetan nor gehiago: bata, Aberriaren Aldeko Batasuna —peronista—; eta bestea, Elkarrekin Aldaketaren Alde oposizioko lehen indar eskuindarra. Hauteskunde orokorrak urriaren 22an egitekoak dituztela aintzat hartuta, Argentinak ultraeskuinerantz biratu du.

7,1 milioi argentinarrek eman zioten babesa Mileiri, eta emaitzak jakin osteko agerraldian «benetako aldaketaren» alde egin zuen, baita Nestor Kirchner presidente ohiak (2003-2007) eta Cristina Fernandez presidenteorde eta estatuburu ohiak (2007-2015) ordezkatzen dituzten indarren aurkako «iraultza liberalarekin» bat egiteko deia egin ere. «Argentina aldatuko duen indarra Askatasuna Aurrera Doa izatea erabaki duten argentinarrei esan nahi diet kastaren ereduaren amaieraren aurrean gaudela», oihukatu zuen, peronismoari eta oposizioko lehen indarrari aipamena eginez.

Elkarrekin Aldaketaren Alde koalizioak ez zuen indar bozkatuena izateko helburua lortu. Bigarren postuan geratu zen, botoen %28,27 lortuta. Eta koalizio horren barruan, berriz, Mauricio Macri presidente ohia (2015-2019) buru zuen gobernuko Segurtasun ministro ohi Patricia Bullrich gailendu zitzaion Buenos Airesko alkate Horacio Rodriguezi, 1,3 milioi botoren aldeaz. Emaitzak jakin berritan, Macrik zoriondu egin zituen «aldaketa sakon baten» alde egin zuten argentinarrak. «Mileiren emaitzak eta gureak batuz gero, oso handia da urte luzez izan ez den aldaketa sakon bat planteatzen dugun argentinarron kopurua», adierazi zuen sare sozialetan.

Aldiz, 2011z geroztik izandako emaitza txarrena bildu zuen koalizio peronistak —botoen %27,27—. Hirugarren indar bozkatuena izan bazen ere, Sergio Massa egungo Ekonomia ministroa Mileiren atzetik kokatu zen zerrendan, ia 5 milioi botorekin eta Bullrichek baino milioi bat gehiagorekin. Massa peronismoko fakzioen arteko «adostasunezko» hautagaia zen: Argentinako presidente Alberto Fernandezen, Cristina Fernandezen eta Massa buru duen Fronte Berritzailearen babesa izan du.

%69,6ko parte hartzea

55,4 milioi argentinar zeuden bozkatzera deituta igandean, hauteskunde orokorretan lehiatuko diren hautagaien zerrendak zehazteko. Bada, %69,6koa izan zen parte hartzea, 2019ko bozetan baino ia zazpi puntu gutxiago. Urriaren 22an egitekoak diren bozetan presidentea eta presidenteordea aukeratuko dituzte, diputatuen ganberako 257 eserlekuetatik 130 berrituko dituzte eta senatuko 72 aulkietatik 24. Halaber, 43 ordezkari argentinar hautatuko dituzte Mercosurreko Parlamenturako —Hegoaldeko Merkatu Batua merkataritza erakundea da, Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik 1991n sortua.

Mileik eta haren alderdi ultrakontserbadoreko jarraitzaileek espero dute lehen itzulian presidente izateko behar beste boto jasotzea, bigarren itzulira joan ez daitezen. Argentinako hauteskundeetako legeen arabera, lehen indarrak botoen %45 eskuratu beharko lituzke, edota bozen %40 lortu eta bigarrenari gutxienez hamar puntuko aldeaz irabazi beharko lioke. Beharrezkoa izanez gero, bigarren itzulia azaroaren 19an egingo lukete.

Igandeko emaitzek aurreikusi gabeko lurrikara bat eragin dute Hego Amerikako herrialde horretan, eta, itxura guztien arabera, hauteskunde kanpaina zatitua izango da urriaren 22ra arte. Gobernu peronista agintaldiaren azken txanpan sartu den honetan, krisi sozioekonomikoa kudeatzeko ez da gai izan; inflazioa bikoiztu egin da azken lau urtean, %115era heltzeraino.

Haserrearen olatua zukutzen, abila

Argentinako gobernu peronistarekin konforme ez dagoen boto emaileak erakartzeko indarra eta ahala izan du Askatasuna Aurrera Doa alderdi ultrakontserbadoreko buru Javier Mileik, herenegun eginiko hauteskunde primarioetan lehen indarra izan ondotik. Haren agerpenak hankaz gora jarri du Argentinako jokaleku politikoa, «kasta politikoari» amaiera ematea hitzemanez. «Anarko-kapitalistatzat» jotzen du bere burua, abortuaren aurka dago. eta klima aldaketa ezkerraren «iruzur» gisa hartzen du. Argentinako Banku Zentrala ixtea, dolarra herrialdeko dibisa bakarra ezartzea edota «estatuaren amaiera» dira, besteak beste, hautagai ultraeskuindarraren proposamen nagusi batzuk.

Milei ekonomialari ezezaguna zen argentinar gehienentzat presidentetzarako eginiko azken bozetan —2019an—, nahiz eta telebista saioetan bere burua saltzeko ahalegin histrionikoa egiten zuen. Agerraldi horietan, zehazki, bere tesi anarkikoak haizatzen aritzen zen, Argentina krisi ekonomiko larritik ateratzeko eta alde bateko zein besteko agintariak gobernutik kentzen saiatzeko. Funtsean, telebista erakusleiho izan da Mileirentzat, herritarrak erakartzeraino.

«Ezinezkoa da betikoekin estatua aldatzea», esan zien Mileik haren jarraitzaileei, primarioetan lortutako garaipenaren berri izan ondoren. Orain, askok faboritotzat jotzen dute Milei urrian egitekoak diren hauteskunde orokorretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.