INDONESIA

Java uhartean dozenaka lagun lurperatuta gelditu dira euriteak direla eta

Cijeruk hirian luizi bat izan da eta ehun etxebizitza lur azpian gelditu dira

Erredakzioa
2006ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Java uhartean dozenaka pertsona tonaka lokatz azpian lurperatuta gelditu ziren atzo. Euri jasak etengabeak dira uhartean azken egunotan eta horrek hainbat eta hainbat hondamendi natural eragin ditu, bereziki, luiziak eta uholdeak. Cijeruk hiriko ehun eta ehun eta hogei etxebizitza artean, ildo horretan, lur azpian gelditu ziren atzo goizaldean. Iluntzerako hamasei pertsonaren gorpuak aurkitu zituzten, baina lur azpian dozenaka pertsona daudela uste dute agintariek. Orotara 700 pertsona bizi ziren hirian. Luizia goizaldeko bostetan izan zen eta, hartara, herritar gehienak lotan zeuden ezbeharra gertatu zen unean. Horrek hildakoen kopuruak gora egitea ekar dezake. Agintariek, hala ere, ez dute jakinarazi zenbat izan daitezkeen lur azpian dauden pertsonak. Hainbat informazio iturriren arabera, 200 pertsona egon daitezke lurperatuta.

Cijeruk mendialdean dago. Jakarta hiriburutik 370 kilometro ekialdera. Raja mendiaren magalean dagoen hiri ederra da baina, une honetan, erabat hondatuta, lokatzez eta harkaitzez beteta dagoela jakitera eman zuten lekukoek. Gizarte Ongizate Saileko zuzendari Yusman Iriantok jakinarazi zuen hondamendia izan zen unean herritar asko meskitan otoi egiten ari zirela eta, ondorioz, azpian dozenaka pertsona egon daitezkeela. Banjarnegara barrutiko gizarte zerbitzuetako arduradun Nur Indah meskitaren barruan zegoen: «Zalaparta handia entzun genuen eta ondoren lurra hondoratzen hasi zen».

Gutxienez 74 hildako
Cijeruk hirira doan bidea, bestetik, guztiz hondatuta gelditu da eta horrek salbamendu taldeen lana eragozten du. Lokatza mugitzeko beharrezkoak diren ibilgailuak, ildo horretan, ezin dira hirira bertaratu. Orotara 120 polizia eta 30 militar ari dira zonaldean salbamendu lanetan laguntzen. Horrelako hondamendietan adituak diren beste 200 kide ari dira parte hartzen lanetan.

Indonesiako uhartean jada hil diren pertsonak 74 dira. Jember eskualdean lau herrixka lurperatu dituzte azken egunotako uholdeek. Ibaian behera zihoazen 58 pertsonen gorpuak aurkitu zituzten atzo. Salbamendu taldeek bi egun behar izan zituzten gorpuak aurkitzeko. Panti herrixkara ailegatu ahal izateko bidea ireki zuten atzo. Bertan urik eta janaririk gabe zeuden hogei pertsona aurkitu zituzten.

Indonesia euriteen garaian dago orain. Azaroa eta apirila bitartean ohikoa da montzoiak egotea. Metereologoen arabera, ildo horretan, hurrengo asteburura arte ez dio euria egiteari utziko.

Ingurumenaren defentsan lanean ari diren erakundeek eta talde ekologistek azken egunotako hondamendien arrazoia zuhaitzen mozketa dela salatu zuten. Indonesiako uharteetako baso tropikalak erruz mozten ari dira azken urteotan. Mozketa hori inongo kontrolik gabe egiten ari direla eta horrek deforestazioa eragiten duela ohartarazi zuten erakundeek. Azken hamarkadetan hainbat baso moztu dituzte uhartean nekazaritza eremuak sortu ahal izateko. Nazio Batuen Erakundeko txosten baten arabera, deforestazioa ez da uholdeen eragilea eta ezaugarri klimatikoek eragiten dituzte montzoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.