Paradoxikoa dirudi: Kataluniako alderdi subiranista nagusiek, ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunyak, ia inoiz ez bezalako aukera bat daukate orain Espainiaren gobernabidean eragiteko, baina, masiboa izanagatik, ANC Biltzar Nazional Katalanak atzo Bartzelonan antolatutako mobilizazio independentista ez zen izan 2017ko erreferendumaren aurretik eta ondoren COVID-19aren pandemiara arte egindakoak bezain jendetsua; ezta hurrik eman ere: 115.000 parte hartzaile, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera. Prozesu subiranista ez zuten gauzatu, eta horrek nola nekea hala etsipena eragin ditu herritarren artean. Alderdiek, gainera, ez dute asmatu sentipen horiek birbideratzen. «Baina hemen gaude, e? Ez gara desagertu». Vicenç Ballbonak (67 urte) manifestaziora bidean esandakoak dira. Alboan zuen Carmen Pinto (60): «Itxaropentsu gaude». Aurtengo mobilizaziorako kamiseta zeramaten jantzita. Marc Barquek (73) ere bai. «Diada honek balio behar du bizirik gaudela erakusteko».
ANCk antolatzen du, Omnium Culturalen eta Errepublikako Kontseiluaren laguntzarekin, eta, mobilizatu zitezen, Dolors Feliu elkarteko presidentea herritarrak animatzen aritu da azken egunetan. «Ez bagara ateratzen, ez dago zereginik»; ANCren arabera, 800.000 lagun elkartu ziren atzo. Alderdiek ere badakite kalea garrantzitsua dela, neurri handi batean herritarrek bultzatu zutela prozesu subiranista duela urte batzuk, baina mugimendu independentista giharra galtzen ari da; bai, behintzat, atzokoa bezalako egunetan.
2012an hasi zen ANC Diadako manifestazioa egiten. Horretarako erregaia eman zioten bi gertaerak: 2010ean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak murriztu egin zuen lau urte lehenago galdeketa bidez onartutako Kataluniako estatutu berria, eta, garai bertsuan, Espainiako Gobernuak ez zuen hitz egin nahi izan Kataluniako Parlamentuak onartutako itun fiskalaz. Horiek horrela, Katalunia, Europako hurrengo estatua lelopean, milioi bat pertsona inguru atera ziren kalera —betiere, udaltzainen datuak aintzat hartuta—. Hurrengo urteetan, kopurua antzekoa izan zen, are handiagoa batzuetan; U-1eko erreferendumaren ondoren ere, gihartsu agertzen zen independentismoa kalean: milioi bat inguru lagun 2018an, eta 600.000 bat 2019an.
COVID-19aren murrizketak igarota, 2021ean 108.000 bat izan ziren, eta iaz, 150.000. Orduan gertatu zena gogoratuta, muturra okertu zuen atzo Oriol Gallifak (43 urte), artean ordu eta erdi inguru falta zenean mobilizazioa hasteko. «Ez dirudi jende asko etorriko denik... Alderdiak banatuta daude, eta hau gertatzen da». Estelada handi bat zeraman bizkarrean, eta Espainia plazan ekitaldirako propio jarritako oholtzaren azpian zegoen. Zabalgune baten gisako enparantza hori izan zuen erdigune, eta, Via Fora! lelopean —defentsara deitzen duen Erdi Aroko adierazpide bat da—, hara lau giza zutabe iritsi ziren, ordezkatuz, antolatzaileen esanetan, hizkuntza, askatasuna, subiranotasuna eta herrialdea.
Askatasunaren zutaberantz zihoazen Magdalena Ferres (80), Montse Pujol (75) eta Dora Rosanas (69). Orain hamarkada bat inguru, independentismoa gehiengoa izaten hasi zenean, Espainian souffle-aren teoria erabiltzen zuten; hau da, denbora kontua zela mugimenduak indarra galtzea. Hura gogoratu zuen Rosanasek. «Ez da horrela!», erantzun zion Pujolek. «Erakutsi behar dugu existitzen garela. Hori da helburua». Eta Espainiako Vuelta Euskal Herriko errepideetatik igaro berri den honetan gertatutakoa jarri zuen adibidetzat, miresmenez: «Zuek erakutsi duzue existitzen zaretela. Zenbat ikurrina txirrindulariak igarotzerakoan!». Independentzia lortzea «zail» ikusten dute.
Horren harira, ez da erraza izango Kataluniako bi familia subiranista nagusiek koordinatuta jokatzea Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearekin izango duten negoziazioetan, nahiz eta, finean, gauza bera eskatzen duten hura atzera presidente izendatzeko: prozesuarengatik errepresaliatuei amnistia ematea, eta autodeterminazio erreferendum baterantz aurrerapausoak ematen hastea. Diada baliatu zuten kontrario politikoaren aurrean norbere posizioa markatzeko. Pere Aragones Generalitateko presidenteak ERC Esquerra Republicanak azken urteotan egindako bidea defendatu zuen, Espainiako Gobernuarekin hitz egitearena: «Bidea zein den argi dago, eta geroz eta gehiago gara horretan: sendotasuna, negoziazioa eta demokrazia», azpimarratu zuen, herenegun gauean, Diadaren bezperan Kataluniako Gobernuko presidenteek egin ohi duten agerraldi instituzionalean. JxCren izena aipatu gabe, baina azken egunetan zabaltzen ari zen mezua helarazi zion Carles Puigdemont buru duen alderdiari: proposamen «inklusibo bat» adostu beharra daukatela, eta gero hori «elkarrekin» defendatu.
Lerro artean irakur daiteke ERCk egozten diola JxCri azken urteetan ez duela PSOErekin hitz egin nahi izan. Aragonesen hitzen jakitun, Generalitateak Espainiako Gobernuarekin duen elkarrizketa mahairako JxCk proposatutako ordezkariei «betoa» jarri izana aurpegiratu zion JxCko idazkari nagusi Jordi Turullek ERCri. Dena den, «Generalitatearen aldaketa» eskertu zuen atzo, Diadako lehen ekitaldian, Rafael Casanovaren monumentuari egindako lore eskaintzan. Salvador Illa PSCren lehen idazkariak ere parte hartu zuen lore eskaintzan, eta negoziazioetarako «zuhurtasuna, pazientzia eta diskrezioa» eskatu zituen. «Eta konstituzioa; konstituzio asko».
Amnistia, 1.432rentzat
Ohi bezala, Omnium Culturalek bere ekitaldi propioa egin zuen, eta, alderdiak negoziatzekoak diren amnistia legeari begira, zenbaki jakin bat plazaratu zuen Xavier Antich elkarteko presidenteak: U-1aren «markoan» zigortuak, epaituak eta ikertuak 1.432 dira «gutxienez», eta horiei amnistia eman beharko liekete. Bide batez, «koordinatuta» jokatzeko eskatu zien alderdi subiranistei.
Desadostasunak dituzte, ordea. Mugimendu zibilean ere, halatsu. Hainbat lagun esteladaren eta senyera-ren koloreak zituzten kartel batzuk banatzen ibili ziren, atzo, ANCren manifestazioan. Besteak beste, Gobernua dimisioa eta Independentzia edo dimisioa zeukaten idatzita. Errepublikaren Aldeko Boluntarioak aritu ziren horretan. «Biltzarraren bereizketa bat gara. Arrazoi ideologikoengatik eta jokatzeko moduagatik gertatu zen hori. Segituan lortu behar da independentzia. Aldebakarreko independentzia adierazpena [2017koa] aktibatu behar da; herria prest dago», adierazi zion boluntarioetako batek BERRIAri.
Hain zuzen, manifestari batzuek dimititzeko eskatu zioten Aragonesi, txistu artean. Iaz ez bezala, aurten parte hartu zuen; ez, ordea, ERCko presidente Oriol Junquerasek, COVID-19agatik. Manifestazioko ekitaldian, Feliuk hitza hartu zuen, eta amnistia egonez gero Kataluniako Parlamentuan independentzia «gauzatzeko» eskatu zien alderdi subiranistei. Ballbonak ez du uste amnistia «lortu» ondoren igo beharreko «hurrengo eskailera» hori denik: «Prozesua oso luzea da».