Bi urte beteko dira bihar Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohia hil zutenetik, eta urtebete baino gehixeago igaro da Fumio Kishida lehen ministroa hiltzen saiatu zirenetik. Hala, alderdi politikoek eta agintari nagusiak babesteaz arduratzen diren poliziek aurre egin behar izan diote eginkizun bati: oreka zainduta, uztartu egin behar dituzte segurtasuna eta herritarrek beren ordezkariekin izan behar duten harremana. Herrialdean laster hauteskundeak izango diren honetan, Japoniako agintariak otso bakartien bila ari dira adi-adi, haiek politikarien kontra joko duten beldur.
Horri erantzuteko, Japoniako Polizia Agentzia Nazionalak neurri jakin bat ezarri du: prefekturetako polizia sailek agintarientzako segurtasun planak aurkeztu behar dizkiote agentziari, hark ontzat jo ditzan. Gainera, kaleko ekitaldi batzuetan, segurtasun indarrek prebentziozko erregistro zorrotzak egin dizkiete hautesleei berei, metal detektagailua ere erabilita, eta, ondorioz, hautesleei iruditzen zaie jada ezin direla lehen bezain modu librean gerturatu hautetsiengana.
Fortnet Japan konpainiako segurtasun adituetako batek, Osamu Natsukawak, honela azaldu dio BERRIAri: «Oso lan zaila da, ustekabeko elementu asko izango direla aurreikusi behar baita». «Japonia, nazio gisa, politikoki irekia da, eta politikariek libre mugitu nahi izan dute beti, eta beren jendearekin eta boto emaileekin bildu, bereziki beren hautesbarrutian daudenean eta hauteskunde garaia denean… Baina hori aldatu egin da Aberen hilketaren eta Kishidaren kontrako atentatuaren ondoren», ziurtatu du.
Natsuwakaren ustez, Polizia eta segurtasun agentziak orain arte gai ziren neurri handi batean politikariak babesteko; izan ere, poliziek haien mugimenduak eta komunikazioak kontrolatzen zituzten, eta zerbitzu sekretuetakoek ere informazioa ematen zieten noizean behin, aurrez talde handi horietara bidalitako informatzaileek kontatua. Natsuwakak dioenez, hori dena aldatu egin da orain, ordea, «otso bakartitzat» jotako erasotzaile horiek azaldu baitira. «Hala Aberen gertakarian nola Kishidarenean, erasotzaileek ez zuten aurrekari penalik, eta Poliziari ez zioten inongo susmorik piztu, ez baitziren helburu politiko batekin jarduten duen inongo taldetako kideak, baizik eta pertsona bakartiak, pertsonalki irainduak sentitu zirenak», azaldu du adituak. «Ondorioz, Poliziarentzat oso zaila zen aurrez haien berri izatea eta erasoak izandako egunean haien mugimenduak zelatatzea», nabarmendu du.
«Politikari horietako gehienek 60 urte edo gehiago dituzte batez beste, eta ez dakite nolakoa den sare sozialen eta halakoen mundua»
OSAMU NATSUKAWAFortnet Japan-eko segurtasun aditua
Politikarientzako segurtasun neurriak hobetu arren, ez dira nahikoa izango «otso bakarti» baten erasoa neutralizatzeko, Natsukawaren ustez. «Jende guztia harrituta geratu zen ikusita bi agintari politikoen erasotzaileak gazte bakartiak zirela, ez zutela inongo atxikimendu politiko edo sozialik eta ez zutela loturarik delinkuentziarekin».
Adituaren esanetan, politikariak kezkatuta daude atentatu horietaz geroztik ezarri diren behin-behineko kontrol neurriez. «Politikari horietako gehienek 60 urte edo gehiago dituzte batez beste, eta ez dakite nolakoa den sare sozialen eta halakoen mundua: boto emaileekin harreman pertsonala izatea funtsezkoa da gehienetan, bereziki landa eremuan», azaldu du Natsukawak. «Eta horrek ez die soilik Jiminto Alderdi Liberal Demokratikokoei eragiten [hura dago gobernuan]: alderdi guztiei eragiten die berdin».
Segurtasuneko zenbait adituk kasuaren instrukzioan ondorioztatu zutenez, Abe ez zen hila egongo baldin eta huts egindako tiroaren eta bigarrenaren —heriotza eragin zionaren— arteko 2,5 segundoetan lehen ministro ohia babestu izan balute edo su lerrotik urrundu. Adituek berek, ekitaldiko bideo guztiak aztertu eta gero, ikusi zuten huts batzuk zeudela segurtasunean: besteak beste, ez zuten behar bezala erantzun lehen tiroaren ondoren, eta ez zuten modu eraginkorrean babestu Abe bigarren tiroaren aurreko segundo kritikoetan; hain justu, tiro horrek hil zuen Abe.
Indarkeria Gerra Hotzean
Bigarren Mundu Gerraren ondorengo hamarkadetan, zenbait sektorek —elkarren kontrakoak maiz— indarkeria politiko nabarmena eragin zuten Japonian. Poliziak aurre egin behar izan zion batzuen eta besteen indarkeriari: sindikatuekin lotutako talde komunistei, erradikal nazionalistei eta Yakuzako taldeei. 1960an, Japoniako Alderdi Sozialistako presidente Inejiro Asanuma hil zuten Tokion, telebistarako debate bat egiten ari zirela, eta herrialde osoa astindu zuen horrek. 17 urteko ultranazionalista batek hil zuen Asanuma, Otoya Yamaguchik, ezpata motz batekin, hain justu inkesta guztiek iragarria zutenean hura izango zela hurrengo lehen ministroa. Yamaguchik bere buruaz beste egin zuen kartzelan, epaiketaren zain zegoela.
60ko eta 70eko hamarkadako indarkeria politikoa ezker muturreko taldeek eragin zuten nagusiki, hala nola Armada Gorriak, zeinak 26 pertsona sarraskitu baitzituen Tel Aviveko Lod-eko aireportuan, eta Chukaku-hak, zeina Alderdi Komunistatik bereizita baitzegoen, hura ez zelakoan behar bezain iraultzailea. Ekintza horien bitartez, agerian uzten zuten ez zeudela batere pozik orduko ordena sozial eta politikoarekin, eta iraultza global bat sorraraztea zutela helburu. Poliziak, indarkeria ekintza horiei aurre egin nahian, abian jarri zituen zenbait operazio, hala ezkutukoak nola zuzeneko borrokak.
Gaur egun, Japonia munduko estaturik zorrotzenetako bat da armak edukitzeko neurriei dagokienez: herritarrek debekatua dute pistolak edukitzea, eta ehiztari lizentziadunek soilik izan dezakete eskopeta, baina aurrez hainbat administrazio prozesu egin behar dituzte, eskolak hartu, azterketak egin, osasun mentala aztertu eta aurrekari penalak egiaztatu. Japonian, tiroketak iraganeko kontua dira aspalditik, eta krimen antolatuko kideek egin ohi zituzten, Yakuzakoek alegia, arma ilegalak erabiliz.