Japoniako lehen ministroaren alderdia gehiengorik gabe geratu da parlamenturako bozetan

Japoniako Alderdi Liberal Demokratikoak eta harekin koalizioan egondako Komeito alderdiak 215 eserleku eskuratu dituzte, orain arte zituztenak baino 23 gutxiago. Shigeru Ishiba lehen ministroak iragarri du beste alderdien babesa lortzen ahaleginduko dela.

Japoniako lehen ministro eta LDPko buru Shigeri Ishida, alderdikideekin batera, bozen emaitzak ezagutu ostean egindako lehen agerraldian. KIM KYUNG-HOON / POOL/EFE
Japoniako lehen ministro eta LDPko buru Shigeri Ishida, alderdikideekin batera, bozen emaitzen berri izan ostean egindako lehen agerraldian. KIM KYUNG-HOON / POOL/EFE
arantxa elizegi egilegor
2024ko urriaren 28a
09:12
Entzun

Azken urteetako emaitzarik txarrenak izan ditu LDP Alderdi Liberal Demokratikoak Japoniako Parlamenturako bozetan. Gobernuan aliatu izan duen Komeito alderdiarekin batera 215 eserleku lortu ditu Shigeru Ishiba gaur egungo lehen ministroak, bere buruari helburu gisa jarritako 233etatik urrun; hori da, hain zuzen, gehiengo osoa lortzeko behar den kopurua. Ondorioz, gehiengorik gabe geratu da gobernuburua, baina iragarri du, halere, ahalegina egingo duela agintean jarraitzeko, eta beste aliatu bat bilatzen saiatuko dela horretarako, «konfiantza galdu» arren haiek izan baitira «boto gehien lortutako alderdiak». 2009tik aurreneko aldiz ez du hauteskunde batzuetan gobernatzeko gehiengoa lortu —izan bakarrik, edo Komeito ohiko bazkidearekin batera— Japoniako alderdi kontserbadore hegemonikoak.

Ishidak berak ez du zehaztu norekin ahaleginduko diren gobernua osatzeko babesa lortzen. Baina aitortu du herritarrek argi esan dutela LDPk «hausnarketa sakona» egin behar duela. Krisi ekonomikoa eta LDPren finantzaketari lotutako ustelkeria kasuak izan dira, besteak beste, alderdiaren gainbeheraren arrazoiak. Galera horrek mesede egin dio oposizioko alderdi nagusiari, CDP Alderdi Konstituzional Demokratikoari: 148 eserleku eskuratu ditu, aurrez zituenak baino 98 gehiago. Baina gehiengo osotik urrun hura ere.

Lehen ministroak ahalegina egin beharko du zentro-eskuineko Herriarentzako Alderdi Demokratikoarekin edo Japoniako Berrikuntzaren Alderdia populistarekin akordioak egiteko, agintean jarraitze aldera. Izan ere, inor gutxik espero du oposizioko taldeek gehiengoa berenganatzeko adinako akordio zabal bat erdietsi ahal izatea. Dena den, CDPko buru Yoshihido Nodak nabarmendu du bozetako emaitzek argi utzi dutela «garai berri baten hasiera» dela hau, eta LDPk ezin duela agintean jarraitu. Hala, iragarri du oposizioko gainontzeko alderdiekin hitz egingo duela «gobernu aldaketa behartzeko».

Japoniako Konstituzioaren arabera, alderdiek 30 eguneko epea dute koalizio bat osatzeko, baina, emaitzak kontuan izanik, pentsatzekoa da agintea eskuratu asmo duten alderdiek ahaleginak eta bi egingo dituztela akordio hori ahalik eta azkarrena erdiesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.