Japoniako lehen ministroak iragarri du kargua utziko duela irailean

Alderdiaren primarioak egitekoak dira datorren hilean, eta esan du ez duela aurkeztuko presidente karguari eusteko hautagaitzarik. Haren arabera, «aldaketa bat eta berrikuntza» sustatzeko hartu du erabaki hori.

Japoniako lehen ministro Fumio Kishida, gaur, dimisioaren berri emateko prentsaurrekoan, Tokion. PHILIP FONG / EFE
Japoniako lehen ministro Fumio Kishida, gaur, dimisioaren berri emateko prentsaurrekoan, Tokion. PHILIP FONG / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abuztuaren 14a
12:37
Entzun

Prentsaren aurrean eman du erabakiaren berri Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak: berriz alderdiko presidente izateko hautagaitzarik ez du aurkeztuko irailean egitekoak diren primarioetan, eta, hala, iragarri du datorren hilean utziko dituela LDP Japoniako Alderdi Liberal Demokratikoko presidente eta Japoniako Gobernuko buru exekutibo gisa betetzen dituen karguak. «LDPk herritarrei erakutsi behar die alderdia aldatu eta berritu egin dela», esan du lehen ministroak. Eta, horretarako, uste du berak «bazter batera egitea» dela onena.

Kishida 2021ean izendatu zuten LDPko presidente, eta handik gutxira egin zituzten boz orokorrak irabazi ondoren hartu zuen lehen ministro kargua. «Esker ona» adierazi du agintean eman dituen urteengatik, eta «harro» dagoela esan; gero, gogora ekarri dut hiru urteotan lortutako «arrakastak»: barne politikari dagokionez, klima larrialdiaren eta jaiotza tasaren beheranzko joeraren aurka hartutako neurriak aipatu ditu; eta, atzerri politikari dagokionez, iaz Hiroshiman egindako G7koen goi bilera, eta segurtasunaren aferan AEB Ameriketako Estatu Batuekin eta Hego Korearekin «harremana estutu izana». 

Nolanahi ere, agintaldi malkartsua izan du Kishidak. Iragan urte amaieran, ustelkeriarekin lotutako zenbait delitu leporatu zizkieten lehen ministroari eta haren alderdiko dozenaka kideri, eta birritan egotzi diote Batasunaren Elizarekin «oso gertuko» harremana izatea. Bi auzi horiek barne krisia eragin dute alderdian, eta herrialdean behera egin dute haren eta alderdiaren babesak. Horren erakusgarri da, hain justu, azken hilabeteetan gero eta ozenagoak izatea Kishidak dimisioa emateari buruzko zurrumurruak.

«LDPk herritarrei erakutsi behar die alderdia aldatu eta berritu egin dela»

 FUMIO KISHIDAJaponiako lehen ministroa

Dena den, haren iragarpenak askotariko erreakzioak izan ditu bai LDPn, bai Japoniako paisaia politikoan. Lehen ministroaren erabakia ezustean hartu dute batzuek, eta «erabakirik logikoena» dela iritzi diote beste batzuek, argudiatuta Kishidak aukera «gutxi» zituela irailean hautagaitza aurkeztuz gero berriro ere hautatua izateko.

Alderdi kontserbadoreak gehiengo nabarmena du Japoniako bi ganberetan, eta gobernuan koaliziokide duten Komeito alderdiak ere nahiko ordezkaritza zabala lortu zuen azkeneko boz orokorretan. Hala, datorren irailean alderdiko presidente izendatzen dutenak hartuko dio erreleboa Kishidari.

Erreleboaren enigma

Kishidaren erabakia plazaratu berri den honetan, ikusteko dago zer hautagai aurkeztuko diren LDPren primarioetara. Halere, Japoniako hainbat hedabideren arabera, badira hura ordezteko zenbait aukera, hala nola Shigeru Ishiba Defentsa ministro ohia, Taro Kono Teknologiarako ministroa eta Yoko Kamikawa Atzerri ministroa.

Hain justu, Taiwango CNA berri agentziak jakinarazi duenez, gaur goizean iragarri du Ishibak «prest» dagoela alderdiko presidentetza eta lehen ministro kargua hartzeko. «Hogei parlamentari prest baldin badaude nire alde egiteko, prest nago hautagaitza aurkezteko, noski», baieztatu du Defentsa ministro ohiak. Lau aldiz aurkeztu du LDPko presidente izateko hautagaitza.

Dena den, erreleboa hartzen duenak aurre egin beharko die zenbait erronkari, hala nola azken hilabeteetako prezio igoerari, eta nazioarteko egoera ezegonkorrari. Zailtasun horiez ohartarazi du oposizioko buru Kenta Izumik: «Kishidak eragindako arazoek oraindik ez dute konponbiderik». Halaber, ikusi beharko da Kishidaren postua hartzen duenak segida emango ote dien hark abian jarritako neurriei; horien artean dago 2027rako herrialdearen BPG barne produktu gordinaren %2 gastu militarrean baliatzeko helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.