Japoniako lehen ministroak Batasunaren Eliza ikertzeko agindu du

Shinzo Aberen hilketaren harira ikertuko dute erakundea. LDPko legegileen ia erdiek harremana dute Batasunaren Elizarekin

Fumio Kishida Japoniako lehen ministroa prentsaurreko batean, Tokion. SHUJI KAJIYAMA / EFE.
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohiaren hilketak Japoniako panorama politikoko hautsak harrotu ditu berriz ere, hiru hilabeteren ostean. Hiltzaileak aitortu zuen Batasunaren Elizarekin zuen «harreman estuagatik» hil zuela Abe, eta atzo Japoniako lehen ministro Fumio Kishidak agindu zuen erakunde erlijiosoaren gaineko ikerketa abia dezatela.

Uztailaren 8an egin zion tiro Tetsuya Yamagami 41 urteko herritarrak Aberi, hauteskundeen atariko kanpainan hitz egiten ari zela. Batasunaren Elizaren jarraitzailea izateagatik hil zuen lehen ministro ohia. Japoniako hedabideen arabera, Yamagamiren ama talde erlijioso horren jarraitzailea zen, eta ekonomikoki jota gelditu zen taldeari 100 milioi yen —689.300 euro— eman ondoren.

Erakundeak harreman estua du herrialdeko paisaia politikoarekin, batez ere agintean dagoen alderdiarekin: LDP Alderdi Liberal Demokratikoa. Alderdian egindako inkesta baten arabera, LDPko 379 legegileen ia erdiek era bateko edo besteko harremana dute erakunde erlijiosoarekin. Japonian 100.000 jarraitzaile inguru ditu. Ezkontza masiboak, garesti eskainitako «salerosketa espiritualak» eta jarraitzaileen donazio ekonomiko handiak ditu ezaugarri.

Salaketen goraldia

Abe hil zutenetik, ordea, gora egiten ari dira Batasunaren Elizaren aurkako salaketak. Herritar andanak salatu du erakundea familia askoren banaketaren erantzulea izan dela, eta beste askok adierazi dute elizaren kontura pobretu egin direla. Batasunaren Elizak horiek guztiak ezeztatu ditu, eta «hilketaren kontakizuna aldatzea» egotzi die komunikabideei eta abokatuei, «hiltzailea elizaren biktima bihurtzeko».

Are, iragan hilabetean salaketa bat jarri zuten UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatarian, Japonian «intolerantzia eta diskriminazio kanpaina baten biktima» zela argudiatuz.

Kishidak adierazi zuen Elizak ustez eragindako biktima eta banatutako familia pobreen kopuru handia «seriotasun handiz» jorratuko dutela. Legebiltzarrean eman zuen ikerketa abian jartzeko erabakiaren berri, eta legebiltzarkideak horren alde agertu ziren.

Ikerketaren lehen pausoa izango da Japoniak 1996an ezarritako erakunde erlijiosoen araudiaren legea berrikustea. Emaitzaren arabera, baliteke Batasunaren Elizak erakunde erlijioso estatusa galtzea, baita horregatik jasotzen duen dirua ere. Keiko Nagaoka Hezkuntza eta Kulturako ministroak adierazi zuen «berehala» abiarazi nahi duela ikerketa.

Bakearen Aldeko Familien Federazioa eta Munduaren Batasuna ere deitzen diote erakunde erlijiosoari, eta jomuga mediatikoan egon da Abe hil zutenetik. Munduan hiru milioi jarraitzaile ditu, eta Hego Amerikan Moon Sekta edo Ilargiaren Sekta ere deitzen diote.

Orain arte, bi erakunde erlijioso soilik desegin dituzte Japonian agindu judizialaren bidez: Aum Shinrikyo eta Myokakuji tenpluen taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.