Japonia

Japoniako Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo du sexua legez aldatzean antzutu beharra

Epaileek argudiatu dute arauak mugatu egiten duela «pertsona batek duen eskubidea bere borondatearen kontra gorputza inbaditu ez diezaioten».

LGTBI komunitatearen aldeko manifestazio bat Tokion, iazko apirilean. FRANCK ROBICHON / EFE
ander perez zala
2023ko urriaren 25a
12:59
Entzun

Japoniako Auzitegi Gorenak ebatzi du konstituzioaren kontrakoa dela sexua legez aldatu nahi dutenak antzutzera behartzea. Hamabost epaileen erabakia aho batezkoa izan da; argudiatu dute arauak behartu egiten duela «erabaki gogor bat» hartzera, «edo operatu edo sexua aldatzeko erabakia bertan behera utzi».

2004an sartu zen indarrean legea, eta sexua legez aldatu nahi dutenei eskatzen diete, batetik, genero disforia diagnostiko bat aurkezteko —gutxienez bi medikuk egina—, eta, bestetik, bost baldintza betetzeko. Honako hauek dira: gutxienez 18 urte izatea; ezkonduta ez egotea; adingabeko haurrik ez izatea; «beste sexuaren antzeko organo genitalak» izatea; eta «ugalketa guruinik ez izatea» edo horiek «beren funtzioa galdua izatea».

Emakume transexual batek aurkeztu zuen salaketa, eta haren abokatuek argudiatu zuten azken bi baldintza horiek urratu egiten zutela, besteak beste, diskriminaziorik gabe bizitzeko beren bezeroak duen eskubide konstituzionala, eta, aldi berean, «transexualei kalte fisikoak» eragiten zizkiela.

Epaileek ideia horiei ere egin diete erreferentzia erabakiaren berri ematean, esan baitute arauak mugatu egiten duela «pertsona batek duen eskubidea bere borondatearen kontra gorputza inbaditu ez diezaioten». 11.919 lagunek aldatu dute legez sexua Japonian, legea 2004an indarrean sartu zenetik iaz arte.

Gorenaren erabakiaren ondorioz, gobernuak eta parlamentuak legedia moldatu beharko dute azken baldintza horri dagokionez; epaileek, ordea, beste auzitegi batera bidali dute genitalei buruzko baldintza. Hori ikusirik, salatzaileak esan du, komunikatu baten bitartez, prozesu judizialaren emaitza ez dela «espero bezalakoa» izan: «Oso etsita nago nire sexu aldaketa ez delako orain gauzatuko».

Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak bide beretik jo du. Pozik agertu da lehen erabakiarekin, nahiz eta horretaz «berandu» ebatzi duten; eta, bigarrenari dagokionez, transexualen eskubideak babestu beharraz ohartarazi du.

Japonia kontserbadorea da arlo sozialeko aferei dagokienez. Hori bai, urteotako inkesta askoren arabera, handitzen ari da LGTBI kolektiboaren eskubideak jasotzen dituzten legeen aldeko jarrera. Halere, ez dute aurrerapauso askorik eman; horren adibide, Japonia da G7koen herrialde bakarra sexu berekoen ezkontza aitortzen ez duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.